ATZEKOZ AURRERA. Monica Garcia Prieto. Kazetaria

«Txina munduko lehen potentzia izango da hamabost urte barru»

Gasteizen 'Kazetaritza, bertatik bertara' jardunaldiak antolatzen ari dira, zazpigarren aldiz. Han izango da Garcia, Txinako egoera eta freelance gisa duen ia mende laurdeneko esperientzia kontatzeko.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Igor Galarza.
Gasteiz
2019ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Hogeita lau urteko esperientzia baina «memoria eskasa» duela aitortu du Monica Garcia Prietok (Badajoz, Espainia, 1974). Freelance lanetan aritu da, besteak beste, eta orain Shanghain (Txina) du egoitza. Asiako eta Ekialde Hurbileko gertakariak kontatzen dihardu, eta, bere esperientziak azaltzeko, Gasteizen antolatu dituzten Kazetaritza, bertatik bertara jardunaldietako hitzaldi batzuk emango ditu.

Nolakoa da freelance lana Txinan?

Txinan ezin daiteke freelance lanik egin, beste herrialde batzuetan bezala. Ofizialki ez, behintzat. Orain hedabideetan agertzen den Hong Kongen, ordea, badago ofizio hori egiteko aukera. Nik Txinan ez dut egin freelance lanik, baina aprobetxatu dut Asian dauden beste herrialdeetan arakatzeko: Ipar Korean, Japonian eta Asiako hegoaldean dauden herrialdeetan.

Zer egin duzu, orduan, Txinari buruz bildutako informazioarekin?

Bertatik atera naizenean aprobetxatu behar izan dut informazioa hedatzeko. Bi urte daramatzat Shanghain, eta, bi urte horietan ezin izan dudanez ezer argitaratu, Txinak dituen nolabaiteko «gerra txiki» guztiekin istorio bat kontatu dut soilik.

Nolakoak izan dira azken bi urteak Shanghain?

Txinan diktadura oso zorrotza dago ezarria. Txinako Alderdi Komunistak agintea izan du azken 70 urteetan, eta hori ez da aldatuko. Haien sare propioa dute, eta txinatarrek ez dakite zer gertatzen ari den Hong Kongen, adibidez. Bestalde, Txinak ez du inolako informaziorik ematen, eta ezin dugu jakin zer duten eta zer ez. Gainera, gure pribatutasuna ematen ari gara Txinako Gobernuari. Teknologia berriekin, 5G Interneteko teknologia berria kasu, gure inguruko informazio osoa dute eskura. Lehen zuten baino are gehiago.

Nola ikusten duzu hurrengo urteetako munduko herrialdeen garapena?

Txina munduko lehen potentzia izango da hamabost urte barru. Mao Tse-Tung Txinako Alderdi Komunistaren buruzagi izan zenak esan zuen bezala, ez dakigu zer neurritaraino ari den garatzen Txina. Ameriketako Estatu Batuak beherantz joango dira. Europa eta Kanada sistema politikoaren bastioi izango dira.

Freelance lanak berme ekonomikoa ematen al du egun?

Ez zait gustatzen alde ekonomikoa begiratzea. Baina freelance lanak eman didan askatasuna ekonomiak mugatu dit. Duela hogei bat urte, Txetxeniara joan nintzen lanera, hango gatazkak eztanda egin zuenean. Orduan, bidaia gaur egungo hedabide batek ordaindu zidan, imajinatu! Egun, nik ordaindu behar ditut bidaiak, eta, sei bidaia txar baino, hobe hiru, eta hirurak onak izatea. Ondo aukeratu behar dugu nora joan. Espainiak duen nazioarteko kazetaritza galbidean dago.

Inoiz manipulatu izan dute zure testurik?

Behin izan nuen horrelako sentsazio bat, bai. Espainiako egunkari batean hasi nintzen, freelance lana utzi eta egunkariarentzat berriemaile gisa aritzeko. Baina, hori gertatu zitzaidanean, egunkaritik joan, eta freelance lanetara itzuli nintzen. Dirutza galdu dut ordutik [barre], baina askatasuna irabazi dut. Iruditzen zait manipulazioa orduan zerbait bakana zela, eta gaur egun, berriz, gehiago ikus daitekeela, batez ere Espainiako Estatuko informazioa ematen denean.

Zer eman dizu nazioartean batetik bestera aritzeak?

Nire herrialdean bertan atzerritar sentitzea eman dit, eta oso sentsazio interesgarria da. Espainian ez dut inongo bataila pertsonalik. Ni hara joaten naiz Palestinara, Laosera edo Txinara joan behar dudanean bezala: aurrez inguruari buruzko informazioa jakinda, nahiz eta badakidan errealitateak ideiak aldaraziko dizkidala. Distantzia bat eta perspektiba desberdin bat ematen dit kanpoan bizitzeak.

Zerbaitek harritu zaitu atzerrian egon zarenean?

Gauza askok harritu naute, baina munduko memoriarik okerrena dut [barrez]. Oroitzen naiz Iranen egon nintzenean gaueko ordu txikietara arte iraun zuen festa batera gonbidatu nindutela. Polizia ere bertan agertu zen. Atzerrian, ondorio bat atera dut: denok gara berdinak. Hemen, Iranen edo Txetxenian. Denok gara berdinak.

Non ikusten duzu zeure burua etorkizunean?

Nazioarteko politika nire indargunea da. Bidaiak lasaiago egingo ditut; gutxi, baina ganorazkoak. Ia mende laurden daramat nazioartean, eta munduaren ikuspegi interesgarria dudala uste dut; Gasteizen eman ditudan hitzaldien antzekoetan hori ere azaldu nahiko nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.