'Txatxaran': Iñigo Antsorregirekin berriketan

Bi astean behin, elkarrizketa bat egingo du Antsorregik 'Txatxaran' podcast berrian. Atalak Ivoox, Spotify eta Youtube plataformetan jarriko ditu.

Iñigo Antsorregi, 'Txatxaran' podcastaren aurkezlea. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iñigo Antsorregi, 'Txatxaran' podcastaren aurkezlea. ANDONI CANELLADA / FOKU
urtzi urkizu
2025eko otsailaren 10a
15:00
Entzun

Askotariko podcastak daude euskaraz, eta elkarrizketa podcast bat abiatu da gaur: Txatxaran. Iñigo Antsorregik sortu du —Korapiloak podcasta egin zuen—, eta bera izango da gidaria. Bi astean behin, elkarrizketa bat egingo du; gehienetan, etxean grabatuko du. Lehen atala entzungai dago jada.

«Korapiloak podcasta amaitu nuenean, neure kabuz beste zerbait sortzeko gogoz nenbilen», azaldu du gidoilariak —ETB1eko Biba zuek! magazinean ere aritua da lanean—. «Sortu nahi nuen hori Youtubeko kanal bat izan zitekeen, Twitch plataformakoa, edo podcast bat. Azkenean, podcastarena iruditu zitzaidan elkarrizketa saio bat egiteko euskarririk egokiena». RTVEren ikastaro batean eman zuen izena orduan Antsorregik, podcastgintzaren inguruko ikastaro batean. «Horren harira erosi nuen material propioa. Ikastaroa ondo gainditu nuen, eta ikusi nuen Txatxaran martxan jartzeko garaia zela».

Iker Lauroba musikariak egin du podcast berriaren sintonia. Podcastaren azala eta marrazkia @erregetxo-k egin ditu. Ivoox plataforma erabiliko du Antsorregik nagusiki. Ivoox plataforman ez ezik, Youtuben eta Spotifyn ere atalak jarriko ditu.

Lehena, Ainhoa Etxebarriarekin

Antsorregik iragarri duenez, elkarrizketak ez dira gai jakin baten ingurukoak izango. «Aurreko etapan, Korapiloak-en, osasun mentalaren gaia zegoen erdigunean. Oraingo etapa honetan, ez nuke gaitegi bakar bat izan nahi. Nahi dut gonbidatua etortzea eta kafe bat hartzen ariko bagina bezala aritzea solasean. Lanari, bizitzari eta beste gai batzuei buruz hitz egitea, azken finean». Aitortu du gonbidaturen batek markatu dezakeela gai jakin bat, baina bera «guztiz prest» dago askotariko gaiak lantzeko.

Saioaren aurkezleak uste du hasieran behintzat aktoreak eta telebista munduko gonbidatuak izango direla «konfort eremua». «Baina hortik atera nahiko nuke, eta prest nago edozein arlotako gonbidatuak hartzeko. Elkarrizketak arinak izatea espero dut, ez sakon-sakonak». Elkarrizketen iraupena ere librea izango da. «Atal gehienak 30-40 minutu ingurukoak izango dira».

Lehen ataleko gonbidatua Ainhoa Etxebarria irratiko eta telebistako aurkezle eta aktorea izan da. «Aurreko etapan, Korapiloak podcastean, Etxebarria izan zen azken elkarrizketatua. Eta sinbolikoki polita iruditzen zait etapa hau harekin hastea». 40 minutu irauten du atalak.

Nahiz eta elkarrizketa gehienak bere etxean egingo dituen, Azkoitian (Gipuzkoa), Antsorregik azaldu du elkarrizketa batzuk Internet bidez ere egingo dituela. «Steve Jobs garaje batean hasi zen, eta ni, neure logelan», esan du, umorez.

Antsorregik entzuleei azaldu nahi die Txatxaran ez dela produktu profesional bat. «Esperimentatu egingo dut, eta aurrera egin ahala hobetzea espero dut. Ea denborarekin atal txukunagoak egiteko aukera daukagun». Hasteko, euskara izango da podcastaren hizkuntza nagusia. «Etorkizunean baliteke elkarrizketaren bat gaztelaniaz egitea, baina aurreneko guztiak euskaraz izango dira».

Instagram sare sozialean badu bere kontua @Txatxaran saioak. «Elkarrizketatuak baiezkoa ematen ari dira, eta ilusioz hartu dut orain», gaineratu du Antsorregik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.