Euskal Herrian, Oihana Maritorena da (Donostia, 1984); Txac planetan, berriz, Ada astronauta. Espazio estazio batean joan da hara, eta, funtsean, haurrei programatzen erakusten die, ToolboX.Academy tresnan oinarrituta. Espazioari buruzko hainbat datu eta bitxikeria ere ematen dizkie. ETB abenduaren 14an hasi zen Txac Planet programa ematen ETB3n, egunean bitan (30 saio guztira). Bost minutu inguruko programa laburrak dira, haurrak «pentsamendu konputazionalaren logikara eta informatikaren hizkuntzara hurbiltzeko». Programa elkarlanean egin dute EITBk, GAIA Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Elkarteak, Azaroa Filmsek eta Digitomicak.
Haurrek programatzen ikastea ez da hain fenomeno berri-berria, baina oraindik atentzioa ematen du.
Harritzen gaitu, agian guri urrun geratzen zaigulako, arrotza egiten zaigulako ordenagailu baten atzean dagoen hori guztia. Guri zuzenean ordenagailua etorri zaigu, eta ez dugu pentsatzen atzean dagoen horretaz.
Umeentzat errazagoa da?
Umeek beste ikuspegi bat dute, eta askoz ere errazago ulertzen dute. Oso polita da ikustea haurrek nola ebazten duten, di-da, programak planteatzen dien ariketa. Agian pentsa dezakegu ez direla gai, ariketa korapilatsuak direla, baina ez, gai dira.
ToolboX.Academy programatzen ikasteko tresna bazegoen Interneten. Erronka izan al da hori telebistarako programa baterako egokitzea?
Bai, eta uste dut asmatu dutela pilula txiki hauekin. Asmatu dute planteatu dutenean, ez bakarrik ToolboX.Academy nola erabili, baizik eta pertsonaia bat informazio osagarria emateko, espazio estazio batetik.
Ez baita programatzen erakusten duen programa bat soilik.
Ez, programazio ariketan soilik oinarrituko balitz, telebistan ez luke funtzionatuko.
Espazioko zaborraz, planetez... hitz egin duzue.
Informazio gehigarri horrekin eduki gehiago ematen dituzu, eta agian kontzientziatzeko ere balio dezake.
Balio du haurrak STEAM jardueretara (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika) hurbiltzeko?
Bai. Oso erraz, goxo eta hurbiltasunez planteatzen eta kontatzen ditugu gauzak. Horrek eragin dezake umeak ez pentsatzea gai horiek zailak direla.
Zer adin tarterako programa da?
Berez, 8-12 urte arterako, baina txikiagoek ere ikus dezakete.
Zu zeu, Ada, emakumea zara. Haurrek zientzia eta teknologia emakumeekin ere lotzeko lagungarria izan daiteke?
Bai, ekarpentxo bat egin dugu. Askotan ahaztu egiten dira emakume zientzialariak, eta Ada izenak badu bere istorioa. Pertsonaiaren izena Ada da, Ada Lovelaceren omenez. 1815ean jaioa, matematikaria, historiako lehen programatzailea izan zen.
Prestakuntza berezia egin behar izan duzu?
Mundu hau niretzat pixka bat arrotza zen. Grabazioak egin aurretik esan zidaten Toolboxen sartzeko eta ariketak egiteko. Bakarren bat kostatu zitzaidan. Erronkatxo bat ere izan zen. Horrela, azalpenak ematen ditudanean, badakit zertaz ari naizen.
Kredituetan Malagako Unibertsitatea (Espainia) aipatzen da. Zergatik?
Francisco Vico Malagako Unibertsitateko Adimen Artifizialeko katedradunak sortu zuen ToolboX.Academy. Programak Malagan grabatu genituen.
Lehen programa sorta bukatzean jarraituko al du?
Ez dakigu, ez digute esan.
Horrelako programa batek ez luke audientzien mende egon behar.
Ez. Ez da entretenimendu hutsa, hezkuntza ere bada.
Aktorea zara, izurriteak bereziki kaltetutako sektore batekoa. Zertan ari zara lanean?
Euskaltegi batean eskolak ematen ditut, Zurriola antzerki eskolan irakasle eta koordinatzaile naiz, Tomaxen Abenturakekin lanean ari naiz eta Ttantakaren produkzio batean ere banabil. Horiez gain, bi ikuskizun ditugu Baketikek antolatzen dituen antzerki foro batzuetan. Mundu honetan bat-batean gauza askotan zabiltza, gero agian ez dago ezer...
Oihana Maritorena. Aktorea, 'Txac Planet'-eko aurkezlea
«'Txac Planet' hezkuntza ere bada»
Ordenagailuen programazioa telebistarako pilula motzetan azaldu, eta ETB3n eskaintzen ari dira, 'Txac Planet' programaren bidez. Oihana Maritorena aurkezleak nabarmendu du ez dela programazio hutsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu