Komunikazioa. Euskal komunikazioa eta sare sozialak (I). Luistxo Fernandez. Sustatu eta Umap-eko sortzailea

«Twitterrekin, zerbait esateko duenak ez du aitzakiarik»

Sare sozialen inguruko elkarrizketak argitaratuko ditu BERRIAk datozen igandeetan.

urtzi urkizu
Eibar
2011ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Kazetari, informatikari, idazle eta blogaria da Luistxo Fernandez (Eibar, Gipuzkoa, 1966). Twitter sare sozialean oso aktiboa da eta mila jarraitzailetik gora ditu.

Azaroan urtebete beteko da Umap aurkeztu zenutela. Twitterren euskaraz ari direnen mezuak jasotzen ditu tresna horrek.Datu eta ondoriorik atera al duzue?

Tresna erabilpenean handitzenari da, gero eta euskaldun gehiago dago Twiterren. Horrez gain,mezuen erdia erantzunak dira. Mezuen erdiak baino gehiagok estekak ditu, eta esteka batekin informazioa partekatzen du erabiltzaileak. Estekekin albistegi bat sortzen da Umapen. Robot batek egina da, mila lagunen ekarpenekin.

Euskaldunon komunitatearen tamaina aintzat hartuta, gutxi ala asko idazten da euskaraz sare sozialetan?

Nik uste dut oraindik hor gutxi gaudela. Bi mila lagun inguru Twiterren. Kopuru txikia da, Brasil, Kanada eta beste herrialde batzuetako penetrazioari begiratuta. Iritzigile eta intelektualen artean ere jende mordoa falta da. Twitterren denak egon beharko luketela iruditzen zait. Noam Chomsky tuiteatzen ari den honetan, zergatik ez dago hor Xabier Montoia bat? Euskal inteligentziak badu erantzukizun bat eta mugitu beharko luke.

Perfil jakinik ba al dago Twitter erabiltzen duten euskaldunetan?

Nukleo nagusia duela gutxira arte jende teknofiloa eta komunikazio mundukoa zen, baina hori zabaltzen ari da. Jende «arrunta» gero eta gehiago dago bertan.

Sustatu.com Facebooken eta Twiterren dago. Zer ematen dizue hor egoteak?

Trafiko pixka bat ematen dio Sustaturi, bisiten %10-15 inguru. Zabalkunderako kanal bat ere bada, baina automatikoki funtzionatzen duena. Facebooken ez dugu arreta berezirik jartzen.

Zergatik da eraginkorragoa eta emankorragoa kazetari batentzat Facebook Twitter baino?

Nik Facebook ikusten dut sozializazio pertsonalerako tresna moduan. Horma baten atzean dagoen zerbait da, baina ingurune itxia da. Badira euskal idazle batzuk Facebooken egunero idatzi eta idatzi ari direnak, baina ez dakit zertan ari diren. Twiterren edo blog batean idazten ariko balira askoz hobea litzateke.

Zure Twitterreko kontu pertsonalak mila eta ehun jarraitzailetik gora ditu. Zein da gakoa Twitterren eraginkorra izateko?

Ez dakit. Argi dagoena da Interneten edonork bere iritzia plazaratu dezakeela. Garai batean foroak zeuden, gero blogak iritsi ziren. Orain pilula txikietan oso modu errazean iritziak plazaratzeko modua dago. Blog interesgarriak ere sortzen dira oraindik. Aurrekoan musikari beterano bat kexu zen kaxeta jaitsi behar zuelako, eta kexu hori ez omen da inora iritsi. Zergatik gizon hori ez dago Interneten kexua azaltzen? Ni horretaz enteratu ez banaiz,errua ez da nirea. Zerbait esateko duenak ez du aitzakiarik.

Kazetari batek albiste baten lotura egiterakoan beste ekarpenen bat egin al dezake?

Bai, batzuetan komentatzen dira. Aurrekoan, Umapeko albiste nagusia gaztelaniaz idatzitako artikulu baten lotura zen, atez atekoari buruzkoa. Baina Umapen agertu zen euskaraz komentatua zegoelako. Iruzkinekin jendeak albisteak retuiteatzen ditu.

Zergatik da garrantzitsua egun euskarazko kazetari batentzat Twitteren egotea?

Batetik kazetariak aukeratzen du bere agenda. Kabineteek eragin handia dute komunikabide handietan, eta, horren ordez, gure ingurua izan daiteke informatzen gaituena. Gauza guztietaz entera zintezke Twitter bidez. Sarrionaindiari dirua atxiki zioten berria Teleberri-a baino lehen jakin nuen Twitterren, eta albistegiaren arduradunen filtrorik gabe.

BERRIAk Berriketan.info sare soziala jarri du martxan. Zer iritzi duzu?

Gustatzen zait Berria.info-ko azalean ematen duen itxura, kazetarien azalpenekin. Ez dakidana da Berria Taldeko kanpokoek asko erabiliko ote duten.

Bestelako sare sozial espezifikoak ere badaude. Nola ikusten dituzu?

Badaude tresna batzuk gauza egituratuak egiteko. Adibidez, gai jakin bat ondo dokumentatzeko. Berriki Pinterest deskubritu dut, bilduma grafikoak antolatzeko aproposa. Tumblr artxibategietarako erabiltzen dute diseinatzaileek, eta baliagarria da. Garapen interesgarri bat ematen ari da alor horretan.

CodeSyntaxek sortutako Txio tresna probatu zenuten Frantziako Tourraren ETBko emanaldietan. Zertarako da tresna hori?

Umapek erabiltzen duen teknologia baliatu dugu Txion. Telebistan zuzenean ematen ari diren emanaldi bat aldi berean erabiltzaileek komentatu ahal izatea da helburua. Egun ETBk Facebookekin egiten du hori, eta Twitterekin ere egin nahi du. Proba ondo joan zen Tourrarekin, eta bigarren fase baterako lanean ari gara orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.