Lolo Rico

TVEn askatasun oasi bat sortu zuen komunista

Maria Dolores Rico kazetari, idazle eta gidoilariak belaunaldi oso bat markatu du. Hainbat saio arrakastatsu zuzendu zituen RNEn eta TVEn, eta liburu kritikoak idatzi. 84 urte zituela hil da, Donostian.

urtzi urkizu
2019ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Familiaren eta herri baten lana haur, gazte eta helduak egiaz helduak bihurtzea da». Hala esan zion Lolo Ricok (Madril, 1935) BERRIAri, 2012ko urtarrilean egindako elkarrizketa batean. Helburua lortzeko, ezkerretik jardun zuen bere bizitzan, pentsamendu kritikoa eta irudimena erabiliz. Buruargi. «Ezinbestekoa da buruargi izatea. Beldurrik ez izatea, buruargitasuna eta erresistitzea», gaineratu zuen elkarrizketa berean. Ezaugarri horiek islatu ziren Ricoren RNEko eta TVEko saioetan, baita haren liburuetan eta dokumentaletan ere. Kazetaria, gidoilaria, errealizadorea. Haurrentzako narrazioak idazten hasi zen gazterik, eta adin txikikoak ez zituen inoiz ergeltzat tratatu.

1970eko hamarkadan, RNE irratirako Dola, Dola, Tira la bola saioa sortu eta zuzendu zuen. Ondas sari bat eraman zuen 1977an programa horregatik. Hamarkada berean, TVEko La casa del reloj (1971-1974) eta Un globo, dos globos, tres globos (1974-1979) saioetan gidoilari lanetan aritu zen.

1980ko hamarkadan, TVEko bi programa zuzendu zituen, saio gehienen zuzendariak gizonezkoak ziren garaian: La cometa blanca , 1981etik 1983ra —3 eta 7 urte arteko neska-mutikoentzat zen, esketxak tartekatzen zituzten eta garai hartako musika taldeek zuzenean kantatzen zuten—. Eta 1984tik 1988ra, La bola de cristal. Haurren artean ez ezik, gazteen eta helduen artean ere harrera beroa jaso zuen programak. Umorearen bidez hausnarketara bultzatzen zuen ikuslea, eta musikak ere presentzia nabarmena zuen. Ricoren ustez, saioa «oasi bat izan zen basamortuan». Frankismoaren osteko Madrilgo kultur mugimenduen isla jaso zuen programak, esate baterako Maria Olvido Gara Alaska aurkezlearen bitartez. Aurretik ikusi gabeko formatu berri bat eraman zuen TVEra, bide batez. «Aldaketarako desioei ahotsa ematen jakin zuen; ez soilik saioa ikusten zuten herritarren desioei, baizik eta programa egiten genuenon desioei», esan zuen Ricok RTVE.es-eko elkarrizketa batean.

¡Viva el mal, viva el capital! (Gora gaizkia, gora kapitala), oihukatzen zuen Averia sorginak. Gaur egun TVEn entzutea ezinezkoak liratekeen hausnarketak zabaltzen zituzten saioko txotxongiloek zein kolaboratzaile eta gonbidatuek. Espainiako kate publikoak —PSOE Moncloan zela— eten egin zuen, ordea, askatasun eremu hura. «RTVEn ez dute La bola de cristal bat nahi, eta, ziurrenik, ez dute ezkerreko profesionalik nahi. Nahiago dituzte menpean edukitzeko modukoak», adierazi zuen BERRIAn, 2004an. «La bola de cristal-en aurretik eta ondoren, zentsura egon da TVEn».

Euskal auziekin engaiatua

Ricok haurtzaroko eta nerabezaroko uda gehienak Donostian pasatu zituen, eta, 2006. urtetik, Gipuzkoako hiriburuan bizi zen. Gidoilariak lotura izan zuen beti Euskal Herriarekin. Eta politikoki ere engaiatu zen Euskal Herriarekin. Alderdi Komunistan militatu zuen hainbat etapatan; Lasa eta Zabalaren hilketen epaiketan, haien senideak jaso zituen Madrilgo etxean; 1997an, HBren mahai nazionalaren aurkako epaiketan aditu gisa parte hartu eta Euskal Herriarentzat elkarrizketa aldarrikatu zuen; Madrilgo Foroko kidea izan zen; eta, ezker abertzalea legez kanporatu zutenean, Aukera Guztiak plataformarekin kolaboratu zuen. Bilboko presoen eskubideen aldeko manifestazioari atxikimendua eman zion behin baino gehiagotan.

Zazpi seme-alaba izan zituen Ricok, eta haren ondorengo askok politikarekiko kezka erakutsi dute; Santiago Alba Rico filosofoa da semeetako bat —Podemosen Espainiako Senaturako zerrendetan joan zen, 2015eko bozetan—. Ricoren biloben artean, halaber, Nagua Alba dago —Podemosen diputatua Espainiako Kongresuan, 2016tik—.

Komunikazioaren alorreko profesional asko goraipatu dute Ricok egin zuen ekarpena. Baita politika mundukoek ere: Gipuzkoako Diputazioak doluminak helarazi dizkio familiari, eta nabarmendu du Rico «aitzindaria»izan zela: «Emakumeentzat bereziki zaila izan zen garai batean bidea egin zuen, besteak beste bere sormenari esker». Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek hala gogoratu du: «La bola de cristal-ekin gure pentsamendua zabaldu zuen, belaunaldi oso baten pentsamendua». Joseba Permach Iratzar fundazioko kideak, berriz, goraipatu du idazle eta gidoilari bat baino gehiago izan zela: «Batez ere pertsona konprometitu bat izan zen, politikoki eta sozialki. Madrilen zein Donostian».

Rekaldeko beilatokian erraustu zuten Rico, atzo arratsaldean, eta omenaldia egin zioten senideek eta lagunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.