TVEko langileak protestan, Jorge Fernandez ministroaren audioak eskatuz

urtzi urkizu
2016ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
TVEko albistegietako kontseiluak informazio zerbitzuen zuzendaritzaren eta telebistako zuzendariaren dimisioa eskatu zuten herenegun, Jorge Fernandez Diaz Espainiako jarduneko Barne ministroak eta Kataluniako Iruzurraren Kontrako Bulegoko zuzendari Daniel de Alfonsok izandako elkarrizketen grabazioak ezkutatu direlakoan eta informazioaren «trataera partziala» eman delakoan. TVEn La2 Noticias albistegiak bakarrik eman zituen audioak.

TVEko albistegietako zuzendaritzak erantzun zuen Telediario1 albistegian sei minutu eskaini zizkiotela albisteari, eta TVEk ez diela oihartzunik ematen jatorria egiaztatu ezin dakiekeen informazioei. «Ez da ohiko praktika TVEko albistegietan grabatutako elkarrizketak ematea, solaskideen baimenik gabe», adierazi zuen albistegietako zuzendaritzak. Hori gezurra dela salatu du lbistegietako kontseiluak, eta hainbat adibide eman ditu telebista publikoak halakoak egin izan dituela erakusteko. Atzo, Torrespaña egoitzako erredakzioan, dozenaka kazetarik protesta isila egin zuten, ¿Dónde están los audios? (Non daude audioak?) afixak eskuetan. Albistegietako kontseiluaren ustez, «onartezina» da TVE izatea audioak eman ez dituen telebista bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.