Telebista

TV3ek urtarrilaren 22an estreinatuko du 'Go!azen'-en bertsio katalana

'Jo mai mai' telesailean, azken 30 urteetako kanta katalanen bertsioak egingo dituzte.

TV3 kateko 'Jo mai mai' telesaila.
TV3 kateko 'Jo mai mai' telesaileko aktoreak. TV3
urtzi urkizu
2024ko urtarrilaren 17a
05:00
Entzun

Hamargarren denboraldian murgilduta dago ETB1eko Go!azen telesaila —bi atal falta dira denboraldia amaitzeko—. Eta TV3 katalanezko kate publikoak Go!azen-en bertsio katalana estreinatuko du egun gutxi barru: urtarrilaren 22an hasiko dira Jo mai mai ematen. Euskarazkoa bezala, gaztetxoei zuzendutako telesail bat izango da, baina urte gehiago dituztenentzat pentsatua. Katalanezko musikak presentzia handia izango du. Eta hainbat gizarte gai jorratuko dituzte: bullyinga, genero identitatea, sare sozialen erabilera desegokia eta buruko osasuna.

Abacus ekoiztetxeak TV3ekin batera ekoitzi du telesaila. Uri Garciak eta Marc Romak sortu dute fikzioa, eta gidoilari nagusia Sergi Pompermayer da. Nerabe talde bat da protagonista. Udaleku batzuetan hamar egun pasatuko dituzte, eta askotariko bizipenak izango dituzte. Aktore protagonistak Claudia Riera eta Miki Nuñez dira. Aktore gazteen artean beste hauek daude: Pere Ponce, Mireia Aixala, David Menendez Boye, Moha Amazian, Merce Arenaga eta Mar Pawlowsky. Hautaprobetara laurehun gazte baino gehiago aurkeztu ziren.

Abestien bideoklipak

Katalanezko musikak funtsezko garrantzia du proiektuan. Azken hiru hamarkadetako hamasei abesti katalan aukeratu dituzte fikziorako. Marc Martin musika ekoizleak egokitu ditu, eta telesaileko aktore gazteek interpretatuko dituzte. Besteak beste, Els Pets, Obrint Pas eta The Tyets taldeen kantak entzungo dira, gaur egungo garaira egokituta. Bad Gyalen kanta bat ere bai. Kanta horien bertsioak TV3en webgunean eta musika plataformetan entzun ahalko dira. Horrez gain, bertsio bakoitzak bere bideoklipa izango du. Instagrameko jomaimai3cat kontuan eta Youtuben telesailaren aurreneko kanta entzun daiteke.

Jo mai mai telesail berriaren lehen kanta.

Kanta horien zabalpena izango da proiektuaren osagaietako bat, baina ez bakarra. Izan ere, Interneteko sare sozialetan mundu paralelo bat izango du telesailak. Gainera, liburu bat argitaratuko dute: gazte protagonisten bizitza uda aurretik nolakoak zen kontatuko du. Gaur, 17:00etan, telesailaren aurrestreinaldia egingo dute Bartzelonako zinema areto batean.

Go!azen-eko liburuak ere argitaratu dituzte azken urteetan. Xabier Zabaleta telesailaren sortzaile, ekoizle eta gidoilaria harro mintzatu da Go!azen-en bertsio katalana egin dutelako. «Guretzat oso berri pozgarria da. Euskal Herritik kanpora gure lanak oihartzuna izan duen seinale da». Pausoka ekoiztetxekoak harremanetan ibili dira Kataluniako gidoilari eta ekoizleekin, zituzten zalantzei erantzuteko. «Harreman estua dugu haiekin, eta, idazten ari zirela, gidoiak bidali zizkiguten gure oharrak jasotzeko. Dena den, TV3eko telesaila ez da moldaketa bat: udaleku batean gertatzen dira tramak, abesti ezagunen moldaketak daude, baina pertsonaiak eta istorioak erabat desberdinak dira». Zabaletak azaldu duenez, haurrei eurei baino gehiago, helduagoak diren gazteei dago zuzendua Jo mai mai. «Ondorioz, guk erabil ezin ditzakegun osagaiak dituzte: alkohola, sexua eta horrelakoak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.