'True crime' bat euskaraz

Primeran plataformak 'Krimenak. Gure kronika beltza' dokumental saioa estreinatuko du ostegunean. Euskal Herriko sei auzi ikertuko dituzte. Sei atalak jarriko dituzte aldi berean.

Primeran plataformaren 'Krimenak, gure kronika beltza' saioa. BALEUKO
Primeran plataformaren 'Krimenak, gure kronika beltza' saioa. BALEUKO
urtzi urkizu
2024ko azaroaren 25a
11:00
Entzun

Euskal Herrian azkeneko 25 urteetan gertatu diren krimenik ezagunenak eta entzutetsuenak aztertu ditu Baleuko ekoiztetxeak, kriminologo, ikertzaile eta adituen laguntzarekin. Sei ataleko dokumental saio bat prestatu du —atal bakoitzak 45 minutuko iraupena du—, eta ostegunetik aurrera ikusi ahalko da Primeran doako plataforman. Xabier Madariagak aurkezten du eta off-eko ahotsa jartzen du Krimenak. Gure kronika beltza saio berrian. Sei atalak batera estreinatuko dituzte.

Atal bakoitzean, eleberri beltzeko idazleen partaidetza izan dute. Susana Rodriguez, Noelia Lorenzo Pino eta Javier Sagastiberri idazleen laguntza izan dute gidoiak osatzeko orduan. «Idazleengandik bilatu duguna izan da istorioak modu erakargarrian kontatzea», azaldu du Ibai Elorza dokumental saioko zuzendariak. «Idazle horiek badakite nola kontatu zerbait, nola gorde informazioa, eta noiz kontatu gauza bat ala bestea. Beste saio batzuetatik desberdinduko gaitu horrek, narratiba desberdin bat eskainiko baitugu».

Pello Zupiria aritu da gidoietan lanean, idazleen lana egokitzen. Programako zuzendariordea, berriz, Nagore Real da. «True crime elegante bat izan nahi du, entretenigarria, baina ez sentsazionalista», definitu du Elorzak Baleukoren saioa. «Ahalik eta gehien kazetaritzara eta errespetura gerturatuko gara».

Baleuko ekoiztetxeak «morbotik aldentzeko asmoa» duela iragarri du. Nola egiten da hori? Elorzak erantzuna: «Gertatutakoarekin oso fidelak izanda. Kasu guztiak epaituak izan dira, eta badakigu zer gertatu den: nork egin duen zer. Saiatu gara horrekin fidelak izaten, espekulaziorik egin gabe». Aldi berean, biktimak presente izan dituzte, eta haien ahotsa jaso dute. «Biktimekiko errespetua eta enpatia bilatu dugu. Ez gara krudeltasunean geldituko, baina ondorioak aipatuko ditugu».

Primeran plataformaren 'Krimenak, gure kronika beltza' saioa.
Primeran plataformaren 'Krimenak, gure kronika beltza' saioa. BALEUKO

Boladan daude true crime saioak, baina Primeran-eko programan Euskal Herriko auziak kontatuko dituzte. Eta euskaraz. «Iruditzen zaigu hurbileko kasuek interes berezia dutela ikus-entzuleentzat», dio Elorzak.

Askotariko kasuak

Virginia Acebesen auzia da sei kasuetako bat: 1999an, 21 urteko Bilboko gaztea bahitu, bortxatu eta hil egin zuten. Haren gorpua Artxandako mendian agertu zen, 53 labankada zituela. Haren anaia Eduardo Acebesen lekukotza jasoko du saioak.

Shaolin maisu faltsua izango da beste ataletako bat. Bilbon bi emakume hil zituen Juan Carlos Aguilarrek, eta auzi horrek oihartzun handia izan zuen telebista kateetan.

Beste auzi bat Josetxu Delgadorena da: 2019. urtean, Zaragozara (Espainia) joan zen Badoo atariaren bidez ezagutu zuen neska batekin geratzeko. Baina bahitu, torturatu eta bizirik lurperatu zuten.

Gasteizen 1998 eta 1999 artean gertatu ziren lau hilketa nabarmenduko dituzte beste atal batean: pertsona bakarra atxilotu zuten hilketa haiengatik, Koldo Larrañaga, baina bi hilketa baino ezin izan zizkioten egotzi.

Gipuzkoako saileko bortxatzaile baten istorioa ere kontatuko du programak. G.G. Coman deiturikoaren biktima baten lekukotza jaso dute. Hamar urtez bortxatu zituen emakumeak.

Azkoitiko (Gipuzkoa) sima batean 2009an aurkitu zuten gorpu baten auzia ikertuko dute azkeneko atalean. Droga trafikatzaileen arteko hilketa baten auzia izan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.