Herri bakoitzak egutegian gorriz markaturiko egunak ditu. Jaiegunak, azokak, kirol emanaldiak... eta erromeriak, noski. Euskal Herri osoan errotutako jaiegunak dira erromeriak, baina Anabel Arraiza aktore eta telebista aurkezleak argi dauka erromeriak ulertzeko «bi forma» daudela: kontzertuak, eta ibilaldiak. ETB1en udako igandeetan emititzen duten Erromerian saioaren aurkezlea da Arraiza, Agus Barandiaran trikiti jotzailearekin batera. Hiru saio eman dituzte oraingoz, eta bihar laugarrena ikusteko aukera izango da. Irailaren 1era arte iraungo du saioak, eta Euskal Herriko bederatzi herritako erromeriak bisitatuko dituzte.
Hego Euskal Herrian barrena ibiltzen dira Arraiza eta Barandiaran. «Gure lurraldean erromeria asko ditugu, herri askotan, eta saio honen helburua jendeari erromeria ezberdinak ezagutaraztea da», azaldu du Arraizak. Bi erromeria mota bereizten ditu Arraizak. Alde batetik, erromeriak musika edo kontzertu moduan ulertzen dituztenak daude, aurkezlearen ustez, eta, bestetik, herrian hasi eta helmuga beste toki batean duten ibilaldiak. Azken horietan, erlijio kutsua handiagoa izaten da, eta helmugako tokian, musika, dantza eta halakoak izan daitezke. «Nik, adibidez, ibilaldi moduan ulertu ditut beti erromeriak, Lakuntzan [Nafarroa] hala egiten dugu eta. Baina Bizkaian eta Gipuzkoan, soilik musika emanaldi moduan ikusten dira nire ustez, trikitiak eta panderoak osatutako taldeek egindako musika moduan».
Bermeon (Bizkaia) egin zuten lehen saioa aurkezleek. «Bermeon Gaztelugatxeko ermitara igotzen da erromeria, eta, bertan, herritar bakoitzak bere promesa edo desioa eramaten du. Arrantzaleek arrantza ona izan dezaten eskatu izan ohi da beti», argitu du Arraizak. Horrela, ikus daiteke erromeriek Euskal Herriko ogibide batzuekin daukaten tradizioa. «Leku batzuetan, arrantzaleek beren santuei gauzak eskatzeko egiten da; beste batzuetan, meatzariei, artzainei edo nekazariei laguntzeko, adibidez». Erromeriek tradizioarekin duten lotura handia azpimarratu du Arraizak. Tradizioa «mantentzeko» formak dira erromeriak, aurkezlearen ustez; baina tradizioak mantendu arren ohiturak aldatu ere egiten direla ohartarazi du. Horren adibide da bigarren saioan Zumarragan (Gipuzkoa) grabaturiko ezpata dantza, non lehen soilik mutilek parte hartzen zuten eta, gaur egun, neskek ere dantza egiten duten.
Sei herri faltan
Arraizak argi dauka herri bakoitzeko erromeria beste herrietakoetatik ezberdina dela, baina, hala ere, badituztela antzeko gauzak: «Auzolana izaten da erromeria guztietan, eta herria inplikatu egiten da. Ingurua ere puntu komun bat izaten da, gehienak mendi aldean egiten dira-eta, paraje ederretan». Bermeo, Zumarraga eta Larrea (Araba) bisitatu dituzte oraingoz, eta beste sei herritako erromeriak erakusteko irrikan daude aurkezleak: Santurtzi (Bizkaia), Galdames (Bizkaia), Urbia (Gipuzkoa), Mendexa (Bizkaia), Lanestosa (Bizkaia) eta Lakuntza (Nafarroa).
Saio bakoitzean herritarrak bilakatzen dira protagonista. Herriko bizilagunek kontatzen dizkiete ikusleei beren erromeriari buruzko gorabehera guztiak. Horrez gain, erromeriaren ibilaldian zehar ibiltzen dira Arraiza eta Barandiaran. Gainera, erromeriaren historiaz mintzatzen den herritar bat agertzen da saio bakoitzean. «Bizirauteko arazorik ez duen gauza bat da erromeria. Herri bakoitzak bere herriko jaietan duen sentimenduak ez du utziko erromeriak desagertzen», zehaztu du Arraizak.