Toure detektibearen telesaila Lillen aurkeztuko dute

Proiektua lehen fasean dago. Fikzioaren hizkuntz nagusia gaztelania izango da, eta euskaraz, arabieraz eta frantsesez entzungo da

ARITZ LOIOLA / @FOKU.
urtzi urkizu
2022ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Jon Arretxe idazleak iazko udaberrian eman zuen albistea: Toure detektibeak literaturatik pantailetara egingo du jauzi. Zazpi liburu ditu jada detektibearen inguruko sailak, eta telesail bat ari dira prestatzen. Halakoetan ohi den moduan, ordea, ikus-entzunezko proiektua ez da egun batetik bestera gauzatuko. David Perez Sañudo —Ane filmaren eta Alardea telesailaren zuzendaria— ari da gidoiak idazten, eta azaldu du proiektuaren lehen fasean daudela. «Carlos Vila gidoilariarekin batera, lehen atala idatzi dugu». DeAPlaneta eta Tornasol Media ekoiztetxeek Lilleko (Frantzia) Series Mania jaialdiaren forumean aurkeztuko dute proiektua, hilaren 22tik 24ra. Beste hamalau proiekturekin lehiatuko da, telesaila garatzeko 50.000 euroko saria lortzeko asmoz. «Koprodukziorako kide bat bilatzeko saiakera egingo dute ekoizleek», gaineratu du Perez Sañudok.

Proiektua Lillen egotea garrantzitsua da. «Bertan hautatua izateak ate ugari irekitzen ditu». Izan ere, nazioarteko jaialdia da Series Mania eta mundu zabaleko ekoizleek parte hartu ohi dute bertan.

Toure detektibearen telesaila gaztelaniaz grabatuko dute, eta streaming plataformaren bati saltzen ahaleginduko dira. Euskarak fikzioan presentzia izango duela iragarri du Perez Sañudok: «Ahaleginduko gara erakusten etorkin batek euskaran duen interesa. Arabiera eta frantsesa ere entzungo dira telesailean». Gidoilariak nabarmendu du «euskara ikasten duten pertsonen ahaleginak» tokia izango duela telesailean. Perez Sañudo bera euskaltegian hasi zen Arretxeren liburuak irakurtzen. «Proiektuan parte hartzea itzela da, eta ohore handia da Arretxe ezagutu izana».

Lantaldea «heterogeneoa» dela nabarmendu du Ane filmeko zuzendariak. «Gidoi taldeko kideek euskal unibertsoa eta etorkinen egoera ezagutzea funtsezkoa da». Izan ere, Bilbora iristen den Afrikako etorkin bat da protagonista nagusia. Ez du detektibe plakarik, ezta paperik ere.

Telesailak zortzi atal izango ditu. Perez Sañudok iragarri duenez, grabaketak Bilbon, Ipar Euskal Herrian eta Parisen egingo dituzte. «Oraindik ez dakigu noiz hasiko garen grabatzen».

Series Mania, hilaren 18an

Toure detektibearen proiektua aurkeztu baino egun batzuk lehenago hasiko da Series Mania jaialdia: hilaren 18an. Lehian izango diren telesailez gain, Becoming Elizabeth (Erresuma Batua) fikzioaren lehen bi atalak estreinatuko dituzte —Euskal Herrira Starzplay plataformaren bitartez iritsiko da—. Lehen egunean, berriz, Frantziako Drôle komedia estreinatuko dute.

Sail Ofizialeren epaimahai burua Ukrainako Julia Sinkevitx ekoizlea izango da. Hilaren 25ean emango dituzte sariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.