Torturak jasateagatik salaketa jarri duten hainbat herritarren lekukotzak entzungo dira igande honetan ETB2n: Torturas: el crimen mejor escondido erreportajea emango dute 360º saioan, 22:10etik aurrera. Jasandako torturak oroituko dituzte Enkarni Blancok —ETArekin kolaboratzeagatik, 1992an atxilotu zuten—, Iñaki Urdanibiak —EMK alderdiko kide izateagatik, 1973an atxilotu zuten— eta Gloria Bosquek —bi aldiz atxilotu zuten FRAPeko kide izateagatik, 1973an eta 1975ean—. Suitzara ere joango da lantaldea, Nekane Txapartegi elkarrizketatzera; 1999an atxilotu zutenean, bortxatu egin zutela salatu du Txapartegik —lehen aldiz kontatuko du telebistan—.
Eider Hurtado kazetariak aurkezten du 360º saioa. Nabarmendu duenez, erreportajeko lekukotzetan ikusiko da oso handia dela torturatuak izan diren pertsonen sufrimendua. «Torturen gaia lantzea erabaki genuen, uste baitugu gaiari buruz ez dela egin telebistako erreportaje sakonik. Beharrezkoa zen. Torturaren milaka biktima daude, eta urte askoan ez zaie sinistu. Horrenbestez, daukaten zauria ez zaie itxi».
Kazetariak aitortu du saioan ezin izan dituztela sartu nahi izango lituzketen lekukotza guztiak. «Torturak jasan dituzten askok ezin dute kameren aurrean kontatu sufritu zuten guztia, berez kontatu nahiko luketen arren».
Erreportajean, bestalde, Jose Manuel Sanchez Fornet polizia nazionala eta Luis Gonzalo Segura Espainiako armadako teniente ohia elkarrizketatu dituzte. «Poliziak kontatu digu Madrilen torturen lekuko izan zela. Torturak gelditu egin behar zirela esan zuen, eta atea mutur aurrean itxi zioten», azaldu du Hurtadok. «Segura armadatik kaleratu zuten. Hitzaldiak ematen aritzen da, eta hainbat guardia zibilek aitortu diote torturen lekukoak izan zirela». Saioko aurkezlearen arabera, oso zaila izan da Poliziaren aldean «gertatu denaren aitortza» lortzea.
Enrique Rodriguez Galindo non dagoen eta non bizi den ikusiko da igandeko erreportajean. Duela hamalau urte, «osasun arazoengatik» atera zen Galindo kartzelatik, eta saiokoak Intxaurrondoko kuarteleko torturen inguruan galdetzen saiatuko dira.
Tortura kasuak isilean nola gorde diren ikertuko dute saioan. Horretarako, Paco Etxeberria auzi medikua elkarrizketatuko dute. Polizia indarrek egindako delituak estaltzeko azkeneko hamarkadatan erabili diren argudioak hankaz gora jarriko ditu Etxeberriak. «Torturen arduradunak seinalatu eta egon den inpunitatea ere azaleratu nahi izan dugu», esan du Hurtadok.
Torturari buruzko erreportaje bat emango du ETB2k igandean
'360º' saioan, torturatuen lekukotzak jasoko dituzte, eta Enrique Rodriguez Galindo azalduko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu