Joxe Arregi Izagirre ETAko kidea(Asteasu, Gipuzkoa, 1953)1981. urteko otsailaren 4an atxilotu zuten, Madrilen, eta bederatzi egun eduki zuten bakartuta. Madrilgo Giza Eskubideen Batzordearen arabera, 73 poliziak hartu zuten parte Arregiren galdeketetan, eta torturen ondorioz hil zen, otsailaren 13an. Egun hori Torturaren Aurkako Egunabilakatu da, eta Hamaika telebistak saio berezia prestatu du gaurko, Intxaurrondoaren itzaletik argira izenburupean. 22:35ean hasiko da, eta ordubete iraungo du.
Iñaki Uria Hamaika telebistako zuzendaria eta Miren Azkarate Badiola telebista bereko kazetaria torturaren inguruan solasean arituko dira saioan. Uria 2003ko otsailaren 20an atxilotu zuen Guardia Zibilak, Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren operazioan. Torturak salatu zituen, hamazazpi hilabete eta erdi egin zituen espetxean, eta 2010ean akusazio guztiez absolbitu zuten. Azkarate 2002. urtean atxilotu zuten Donostian, 18 urte zituela, eta torturatu egin zuten polizia etxean izan zuten lau egunetan. Handik lau urtera, espetxera joan zen, bost urterako. Solasaldian, denboran atzera joko dute: Mirenen aita Agustin Azkarate duela 32 urte torturatu zuten, eta Uriak Julia Badiola ama elkarrizketatu zuen tortura haien inguruan, Argia aldizkarirako.
Gaurkotasunari lotuta
Saio berezian, EHUk Eusko Jaurlaritzarentzat egindako tortura kasuei buruzko txostenaren berri emango dute: 4.113 tortura kasu jaso dituzte. Hamaika telebistako Azkarate da lekukotza eman duenetako bat, eta, txostena aurkeztu zutenean, publikoki eman zuen lekukotasuna. Paco Etxeberria eta Laura Pego buru izan dituen ikerketaren arabera, 1960-2014 artean Espainiako Poliziaren 1.792 tortura kasu zenbatu zituzten, Guardia Zibilaren 1.785 kasu eta Ertzaintzaren 336.
Gaurkotasunari adi egongo da Hamaika; izan ere, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Igor Porturen eta Mattin Sarasolaren tortura kasuen inguruko epaia emango du gaur, eta horren inguruko xehetasunak jasoko dituzte saio berezian. Era berean, torturak gizakiengan duen eraginaz hitz egingo dute Amaia Izko abokatuarekin eta Oihana Barrios psikologoarekin.
Tortura gogorrak salatu dituzten beste bi herritar elkarrizketatu dituzte saio berezirako: Eneko Compains eta Sandra Barrenetxea. Compains 2010. urtean torturatu zuten, eta gaur egun Konstituzio Zuzenbidean doktore eta irakaslea da EHUn. Bestetik, iazko martxoan lau guardia zibil epaitu zituzten, Barrenetxeari torturak, lesioak eta sexu erasoak egitea salatu ostean. Barrenetxeak lekukotza gogorra plazaratu zuen epaitegian bertan.
Saio berezian, Ion Arretxe ere gogoratuko dute: 1985ean torturatu, eta 2015ean tortura haiek kontatu zituen, Intxaurrondo. La sombra del nogal liburuan. Iaz hil zen, martxoaren 18an.
Torturaren inguruko saio berezi bat emango du gaur Hamaika telebistak
Iñaki Uria, Miren Azkarate, Eneko Compains eta Sandra Barrenetxea torturatuak mintzatuko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu