2016an haurrentzako 3txulo saioa zuzendu zuen Ane Rotaetxek (Bilbo, 1975). Proiektu hartan aritzea «zoragarria» eta «magikoa» iruditu zitzaion. Sagak eta Ur handitan saioetan datozen asteetan ezustekoak iritsiko direla iragarri du. Covitek eta PPk ume motxiladunen saioaz egindako salaketak «zentzurik gabekoa» iruditzen zaizkio.
Sagak saioa estreinatuko du gaur ETB1ek. Familietan jarraitu zaien tradizioei buruzko programa da, ezta?
Bai, diziplina ezberdinetan ibili diren familia ezagunen inguruko saioa da.
Kike Amonarriz aurkezle izateak bere ukitu pertsonala emango dio saioari?
Ziur baietz. Erregistro ezberdinak behar ditu saio honen aurkezleak. Umorez, sentsibilitatez, gertutasunez eta sakontasunez jorratu behar ditugu hainbat gai, eta familiari buruz ari garenean, badakigu denok zenbat hunkitu gaitezkeen. Kike ilusio handiz ari da. Bestalde, aipatu nahi dut Leire Ferro kazetaria ari dela nirekin batera saioa zuzentzen.
22:30ean emango dute saioa. Ikusle batzuentzat ez al da oso berandu?
Hori da prime time saioen ordutegia gaur egun. Goiz itzartu behar direnentzat berandu izan daiteke, bai.
Ikusleek aurretik ezagutzen ez dituzten gauzak deskubrituko dituzte?
Arriatarrak izango dira lehenak,Errezilgo [Gipuzkoa] aizkolarien saga. Xabier Orbegozo Arria V. akurteko desafioa sinatu berri du Tolosan [Gipuzkoa], eta lehen saioa haien leinuaren ingurukoa izango da. Ikusleak gauza berriak deskubrituko ditu; etxe barruko kontuak ez dira normalean prentsan edo albistegietan agertzen,eta familiarteko harremanak hizpide izango ditugu. Saga horietako kide izatea nola bizi duten, batzuetan zama ez ote den, eta protagonistak beren egunerokotik kanpo ere ikusi ahal izango ditugu.
Hurrengo asteetan zein familia azalduko dira saioan?
Enbeitatarrak iritsiko dira gero. Galartzatarrekin ari gara grabatzen egunotan, Baraibar [Nafarroa] eta Bilbo inguruan. Bost atal izango dira, oraingoz.
Programaren estiloari dagokionez, ba al du berezitasunik?
Familia topaketa bat antolatzen dugu saio bakoitzean, haientzat kutuna den toki batean. Hara joan, eta haien espazio hori telebista plato bilakatzen dugu. Alde horretatik, saio bakoitza ezberdina izango da. Horrek xarma berezi bat emango dio atal bakoitzari.
Ur handitan saioko zuzendaria ere bazara. Aurreko asteaninoizko datu onena lortu zenuten. Espero zenuten halakorik?
Datu ona espero genuen ume motxiladunen saioarekin. Ia hilabete izan gara gaia lantzen, eta banekien esku artean genuen materiala ez zela edonolakoa.Kontuan izanda emititu den momentua eta oso gai delikatua dela, pentsatzen genuen erantzuna ona izango zela; agian, hainbesterako ez. Guretzat bereziki zaila izan da sakabanaketaren gaia jorratzea ume eta nerabeak protagonista hartuta; ez zen erronka makala. Elkarrizketetan parte hartu dutenen ekarpenak asko hunkitu gaituzte. Grabazioetanegon diren kazetarien inplikazioa handia izan da.
Saioa zazpi hizkuntzan azpidatzi dute. Pozik zaudete erantzun horrekin?
Poztekoa da, bai. Aspaldiko kontua da halakoak egiten saiatzea. Aurreko ikasturtean nerabe transexualen gaia jorratu genuenean ere, eskaera etorri zitzaigun. Aurten, gauza bera Kristalezko hegoak programarekin. Bestalde, badakigu hainbat saio material pedagogiko gisa erabili izan direla hainbat ikastetxetan.
Egin dituzuen erreportaje batzuk ETB2n ere eman behar direla esaten dute zenbait ikuslek.
Euskara euskal hiztuna ez den komunitateari era naturalez gerturatzeko aukera ikusten dut hor.
Berriki De Miguel auziaren epaiketa hasi da. Ausartuko al zinateke Euskal Herriko ustelkeriaren inguruko saio bat egitera?
Gure helburua edozein gairi heltzea da, profesionaltasunez eta beldurrik gabe.
Ane Rotaetxe. 'Sagak' eta 'Ur handitan' saioetako zuzendaria
«Topaketek xarma berezia izango dute»
ETB1ek 'Sagak' saioa estreinatuko du gaur gauean. Prentsan eta albistegietan agertzen ez diren familiarteko harremanak ezagutaraziko dituztela nabarmendu du Rotaetxek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu