'Tolosaldeko Ataria'-k jai batekin ospatuko du 10. urteurrena

Festa bihar egingo dute Tolosako Zerkausian, 18:00etan. Eskualdeari esker ona adierazi diote

Paperean, Internetez eta irrati bidez jasotzen dira Ataria-ren edukiak. TOLOSALDEKO ATARIA.
urtzi urkizu
Tolosa
2023ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Hamar urte bete ditu Tolosaldeko Ataria komunikabideak. Egunero Gipuzkoako Tolosaldea eskualdearen gaineko informazioa ematen du, eta ahalegin horretan pausoak ematen jarraitzen du. Rebeca Calvo erredakzioko koordinatzaileak azaldu du urte hauetan behar komunikatibo berrietara egokituz joan direla. «Baina hori baino garrantzitsuagoa da eskualdea saretzeko eta komunitatea osatzeko egindako ahaleginak emaitza ona ekarri duela. Ataria ez du bakarrik lantaldeak osatzen, lantaldetik harago, kolaboratzaile sare zabala osatu dugu, eta harro esan genezake hori, horrek ahots eta ikuspegi desberdinak lantzeko aukera eman digulako. Gure ustez, eskualdeko herritarrek Ataria bere sentitzea lortu dugu».

Xede horri jarraituz, Tolosaldeko Ataria-k bere hamargarren urteurrena ospatuko du bihar,Tolosako (Gipuzkoa) Zerkausian. Hamargarren urteurreneko ekitaldiarekin batera, musika, bertsoak, bakarrizketak, dantza eta antzerkia izango dira; jan-edana ere ez da faltako. 18:00etan hasiko dute festa, eta 21:30era arte iraungo du.

Calvok nabarmendu du Ataria taldea osatzen dutenei —atarikideak, kolaboratzaileak, publizitatea jartzen dutenak, erakundeetako arduradunak— eta, oro har, herritarrei irekitako festa bat antolatu nahi izan dutela. «Guztia antolatzeko, eskualdeko artista eta ekoizleen parte hartzea sustatzen saiatu gara, eta baita lortu ere. Oso eskertuta gaude jaso dugun erantzun eta babesarekin. Hamar urte hauek ospatu nahi ditugu ostiraleko jaiarekin, eta eskualdeak eman digun guztiarengatik esker ona adierazi».

Honako sortzaile hauek parte hartuko dute jaian: Olaia Toral musikariak, Antton Telleria umoristak, Harituz taldeko bertsolariek, Alaitz Artola musikariak eta Amaiur Luluaga dantzariak, Intujai antzerki taldeak, Habi musika taldeak, Maixa Lizarribar eta Manex Torrealdai trikitilariek eta DJ Nazak.

«Eskaintza hobetzen»

Calvok uste du hamar urte pasatu ostean proiektua «sendotu» egin dela: «Nolabait esateko, Tolosaldeko erreferentziazko euskarazko komunikabidea gara. Duela hamar urte erabaki bat hartu genuen: eskualdeko komunikabideak batu eta, elkarlanean, eskaintza hobetzea». Tolosaldeko Hitza egunkariak, Galtzaundi aldizkariak eta Txolarre irratiak egin zuten bat Ataria-n, baliabideak batu eta eskualdeko behar komunikatiboei modu egokian erantzuteko. «Eta uste dut lortu dugula».

Aurrera begira, proiektua are gehiago sendotzen jarraitu nahi dute. «Euskaldunon komunitatea osatzen, kazetaritza konprometitu eta independentea egiten, eta elkarlanean sakontzen, horixe egiten jarraitu nahi dugu». Horretarako, eskaintza hobea egiten saiatuko dira. Edizio sistema aldatuko dute, barruko lan modua ere bai, eta egunkariko eta astekariko diseinua berrituko dute datozen hilabeteetan. Berrikuntzak hamargarren urteurrenaren testuinguruan egingo dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.