Paperezko euskarria azal eta mamiz berritu du Tolosaldeko Ataria-k. Astekaria joan den ostiralean berritu zuten. Eta egunkariak gaur estreinatuko du jantzi berria. Danel Agirre diseinatzailea arduratu da diseinu berria sortzeaz, euskarazko komunikabidearen lantaldearekin batera. Eneritz Maiz Tolosaldeko Ataria-ren koordinatzaileak adierazi du paperezko euskarrian «beste pauso bat» eman nahi izan dutela. «Tolosaldeko berriei aire berri bat eman diegu, irakurleentzat erakargarriago egiteko». Agirrek kazetarien lanak errazteko bitarteko «egokiak» eman dizkiela nabarmendu du kazetariak. Eta Agirrek berak esan duenez, lehen ere «txukun» ekoizten den informazio emaria hobeto antolatzeko eta aurkezteko balio behar luke diseinu berriak.
Interneten, bestalde, gero eta irakurle gehiago ditu Ataria.info webguneak. 2015. urtean, 720.275 bisita izan zituen webguneak; hilero, batez beste, 60.000. 2014. urteko datuekin alderatuta, %132,2 igo da bisita kopurua —urte horretan 310.196 bisita jaso zituen Tolosaldeko euskarazko guneak—. Bisiten erdiaksakelako telefonoetatik egiten dira. Joera hori ikusita, aldaketak egin ditu webguneak: batetik, responsive diseinua hobetu du, arinagoa eta bizkorragoa bihurtuz; eta bestetik, Whatsapp bidez albisteak zabaltzeko aukera sortu du.
'Tolosaldeko Ataria'-k diseinua aldatu du paperean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu