Itzulpen laguntzailea martxan jarri duten Tokikom plataformako webguneen erabiltzaileek bi hizkuntza gehiago dituzte eskura albisteen goiburuak eta sarrerak automatikoki itzultzen dituen sisteman.
Gaurtik aurrera, testuak galegora eta katalanera ere itzultzen ditu sistemak; orain arte, gaztelerara, frantsesera eta ingelesera itzultzeko aukera ematen zuen sistema horrek. Itzulpen sistema iazko maiatzean jarri zuten martxan Alea.eus, Erran.eus eta Goiena.eus webguneetan, modu esperimentalean, eta gerora zabalduz joan da beste hainbat toki komunikabideren webguneetara.
Tokikomen arabera, itzulpen sistemaren helburua ez da toki komunikabideen edukia osorik itzultzea. «Euskarazko komunikabideak gara, eta halaxe jarraitu nahi dugu. Baina eskaini nahi izan diegu laguntza txiki bat gugandik gertu baina euskarazko komunitatetik kanpo bizi diren herrikideei, hurbiltzeko aukera izan dezaten. Teknologiak zubigintzarako aukera oparoa eskaintzen digu, eta ez diogu horri uko egin nahi izan», azaldu du Tokimomeko Komunikazio eta IKT zuzendari Joxe Rojasek.
Tokikom elkarteak asmoa du hizkuntza gehiago gehitzeko sistemara. «Batez ere gure herrien bueltan mugitzen diren hizkuntza komunitate txikiei euskaldunokin bat egiten laguntzeko», gaineratu du Rojasek. «Erronka soziolinguistiko eta teknologiko handia da, baina bidelagun egokien bila ari gara lanketa osatu bat egin eta euskal komunitatearen ikuspegitik zentzua duen eskaintza bat egiteko, teknologiarekiko besterik gabeko liluran jausi gabe».