Tokikomek 'Azpeitia Guka', Antxeta irratia eta 'Guaixe' saritu ditu

Nafarroa Saria eman dute aurreneko aldiz: Pulunpe taldeak jaso du, 'Dialeko azkenak' ikus-entzunezko lanari esker.

Tokikom sarien irabazleak, gaur, Artikan. HEKIMEN
Tokikom sarien irabazleak, gaur, Artikan. HEKIMEN
urtzi urkizu
2024ko azaroaren 22a
15:00
Entzun

Tokikom sariak banatu dituzte gaur goizean Artikako Maria Maeztu kultur etxean (Berriobeiti, Nafarroa). Azalik onenaren saria Sakanako (Nafarroa) Guaixe aldizkariarentzat izan da, Matxismoa ari du goiburu duen azalari esker. Epaimahaiak esan duenez, martxoko zenbakiaren azala «oso ondo landua» izan zen. «Emakumeen Nazioarteko Egunari erreferentzia eginez, mezu garbia helarazten du. Gainera, irudi zehatzen eta sinboloen arteko konbinazio ederra egiten du, eta, nahiz eta irudia sinplea izan, oso adierazgarria da». Azalaren konposizioa koloreen bidez «oso ondo» integratuta dagoela ere azpimarratu dute.  

Tokikomek saritutako azala Sakanako Guaixe aldizkariarena
Tokikomek saritutako azala: Sakanako 'Guaixe' aldizkariarena. GUAIXE

Ikus-entzunezkorik Onenaren Saria, berriz, Antxeta irratiarentzat (Euskal Irratiak) izan da, Uhin inklusiboak lanari esker. Ikus-entzunezko eduki sorta hori «gizarte eredu anitzagoaren eta inklusiboagoaren aldekoa» dela esan du epaimahaiak. Izan ere, migrazioaren gorabeherak beren larruazalean bizi dituztenei eman diete hitza. «Gaiaren trataera egokia da, eta tokian tokitik lantzen du migrazioaren fenomeno globala», azaldu du epaimahaiak. Gainera, alde estetikoa ere «oso landuta» dagoela azpimarratu dute epaimahaikideek, eta kazetaritza aldetik «oso lan borobila» dela adierazi.  

Edukirik Onenaren Saria Maialen Etxanizek jaso du, Azpeitia Guka-rako egindako Gelditu dira inprentaren makinak erreportajeari esker. Azpeitiko azken familia inprentaren itxiera oinarri hartuta osatutako erreportajea «oso egoki» egina dela azpimarratu dute epaimahaiko kideek. «Tokikotasun handia du edukiak, eta lekukotasunaren balioaz osatuta dago artikulua. Gainera, estetika ere ondo zaindua dago, iraganeko eta oraingo argazkiak ondo integratuta baitaude».

Nafarroa saria

Aurten, bestalde, sari berezi bat ere banatu du toki komunikabideen bateraguneak: ekitaldia Nafarroan egin dutenez, eta Nafarroako Laboral Kutxaren babesletzari esker, Nafarroa saria eman dute. Lurralde horretako kultur ondarea ondoen islatzen, aniztasuna ondoen transmititzen eta Nafarroaren irudia eta atxikimendua ondoen sustatzen duen edukiari eman diote saria. Ultzama aldeko Pulunpe komunikazio taldeak argitaratutako Dialeko azkenak ikus-entzunezko lanari eman diote Nafarroa saria. Epaimahaiak Pulunpe-k argitaratutako lana azpimarratu du, «oso ondo» jasotzen duelako garai batean Nafarroako toki askotan pil-pilean zegoen euskarafobia. «Euskara hutsezko irratia bultzatu zuten herritarren, irratiko lehenengo esatarien, ondoren pasatu zirenen, orduko euskara teknikarien, entzuleen eta kolaboratzaileen iritziak oso ongi daude jasota dokumentalean».

'Dialeko azkenak' dokumentala, osorik. PULUNPE

Sariak banatzearekin batera, gaurko ekitaldian tokiko komunikabideen erronkak aztertu dituzte. Horretarako, hitzaldiak eman dituzte AEK-ko Lourdes Etxezarretak eta Xabi Gartziak, Mondragon Unibertsitateko irakasle Jon Sarasuak eta Eldiario.es hedabide digitaleko Ramon Argelinak. Zortzigarren urtea da Tokikom elkarteak sariak banatzen dituena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.