Tokikoari eutsiz, 20 urtez

Maiatzean hogei urte bete ziren Goiena Telebistak emankizunak hasi zituenetik. Ez zen hutsetik sortu, Arrasate TB eta Aretxabaleta TB Debagoienean martxan baitziren ordurako.

Goiena Telebistako teknikari bat, estudioan. GOIENA.
urtzi urkizu
2020ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Maiatzak 22 zituen, 2000. urtea zen, eta Goiena Telebistak emankizunak hasi zituen. Debagoieneko (Gipuzkoa) euskarazko telebistak ez du egin 20. urteurreneko ospakizun berezirik, baina bi hamarkadatan egindakoa komunitatearekin elkarlanean egiten jarraitu nahi dutela nabarmendu du Oihane Agirrek, Goiena Telebistako zuzendariak.

COVID-19ak sortutako egoerak Goienaren helburua sendotzea ekarri diela uste du Agirrek: «Gure xedea da komunitatearen zerbitzura jartzea gure kanalak. Egoera berezi horrek lagundu digu horretan aurrerapauso handiagoak ematen». Adibide gisa jarri du herriko jaien bueltan —jaiak ez dira egingo— udalekin elkarlanean egiten ari diren saio bereziak. «Komunitateak ere ikusi du baduela aukera bat, zabalkunde kanal oso garrantzitsua dela Goiena, eta elkarlanean ekoitz ditzakegula eduki asko». Horien artean, itxialdian, Arrasate Musikaleko musikariek bideoak egin dituzte etxean, eta, gero, telebistak eman die forma bideoari. «Arrasate TBko garaietara bueltatzen ari gara; orduan, komunitatea oso presente zegoen, kolaboratzaileak zutabe garrantzitsua ziren, eta, orain, ikusi dugu bereziki komunitatearengana itzuli behar garela».

Izan ere, Goiena Telebista ez zen hutsetik sortu; Arrasate Telebistak hamar urteko bidea egina zuen 1990etik, eta Aretxabaleta Telebista sortua zela urte pare bat zen Goiena Telebista jaio zenerako. «Esperientzia metatu bat zegoen jada, telebistagintzan jarduteko modu bat», gogoratu du Agirrek. Jon Aldanondo izan zen Goiena Telebistako aurreneko zuzendaria, eta Aldanondok Debagoienean izandako esperientzia beste eskualde batzuetara eraman zuen gero: Goierri Telebista (Gipuzkoa) sortu zuen.

Eremuaren zabalkundea

Hogei urteko bidean, Goiena Telebistak eraldatze garrantzitsuak bizi izan ditu. Agirrek gogoratu duen moduan, lurreko telebista digitalaren frekuentziek ekarri zuten telebista legeztatzea —aurretik alegalak ziren tokiko kateak—. «Horrekin batera, digitalizazioa gertatu zen, eta jauzi hori itzela izan zen. Digitalean gauza gehiago egiteko aukera izan genuen, kostu handitan sartu gabe. Analogikoan inbertsioak handiagoak ziren, garestiagoak».

Digitalizazioaren bigarren fasean, telebistaz hitz egitetik ikus-entzunezkoez hitz egitera pasatu dela iruditzen zaio telebistako zuzendariari. «Gainera, Goiena talde multimedia bat da. Goiena TBk hamar urte bete zituenean, aurreneko zuzenekoa egiteko gai izan ginen. Handik gutxira, Internet bidezko aurreneko zuzenekoak hasi ziren».

Zabalkunde eremuan ere jauzi handiak eman ditu Goiena Telebistak urteotan. Arrasate Telebistatik Goiena Telebistara pasatu zenean, Debagoiena eskualde osora eraman zuten eremua. Euskalteleko fibra iritsi zenean, berriz, tokiko kateek konpainiarekin sinatu zuten hitzarmen baten bitartez, Goiena Telebista Gipuzkoa osora, Arabara eta Bizkaira zabaldu zen. Internet bidezko emisioak, gainera, mundu osoan ikus daitezke euskarazko katea.

Gaur egungo lanari dagokionez, Agirrek nabarmendu du Goiena talde multimedia bat dela. «Hainbat hedabiderentzat lan egiten duen taldea daukagu. Talde izaera horrek telebistari ere asko laguntzen dio. Edukietan pentsatzen dugu, eta gero eduki bakoitzari hedabide bakoitzean zer trataera eman erabakitzen dugu. Interneteko sare sozialak ere hor daude, eta edukiak nola sustatuko ditugun ere aztertzen dugu».

Konfinamenduko asteetan, bestalde, Etxetik plazara saioa sortu du Goienak. «Esponentzialki areagotu egin dira herritarrek etxetik sortutako bideoak, erronkak, balkoi festak zein bestelako ekimenak. Tokikoak garrantzi handiagoa hartu du, eta gertukoa denaren balioa erdigunean jarri du Etxetik plazara saioak». Komunitatearen indarra inoiz baino ageriagoa gelditu da saio horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.