Matx-ek aurrerapauso bat eman du: tokiko kirolaren sare soziala ere bada

Erabiltzaileak egongo dira erdigunean, eta euren bideo, argazki eta bestelakoak partekatu ahal izango dituzte. Erronkak eta desafioak bultzatuko dituzte sustatzaileek.

Matx sare soziala. TOKIKOM
Matx sare soziala. TOKIKOM
urtzi urkizu
2024ko azaroaren 20a
11:00
Entzun

Tokikomek eta haren bazkide diren hainbat toki komunikabidek Matx.eus sortu dute, tokiko kirolaren sare soziala. Matx sare sozialean edukiak izango dira proiektuaren indargune nagusia. Hori horrela, kirolaren bestelako ikuspegi bat erakusteko, ikus-entzunezko ganberroak ekoiztearen aldeko apustua egingo dute. «Galdu edo irabazi, kirolaren alde dibertigarria erakutsiko dugu, taldeen arteko erronkak bultzatuko ditugu, desafioak sortu, elkarrekin barre egin. Eta, horretarako, kirol ekitaldietan egongo gara, lasterketetan...», adierazi du Aratz Losadak, Matxeko eduki arduradunak. «Eta, horrekin batera, lurraldeko taldeekin hartu-eman zuzena izan nahi dugu. Denbora daramagu taldeen arteko desafioak grabatzen, eta klubek eta kirolariek erantzun ederra eman digute». Bereziki gazteentzako edukiak zabalduko dituzte.

Baina, sare soziala den neurrian, erabiltzaileak eurak egongo dira erdigunean, eta euren bideo, argazki eta bestelakoak partekatu ahal izango dituzte: «Kirolarien, taldeen eta kirolzaleen komunitatea josi nahi dugu», gaineratu du Maria Balzategik, proiektuko komunitate arduradunak: «Argi esanda, kirol arloko erabiltzaileek eskatu dizkiguten behar eta funtzionalitateak jaso ditugu Matxen».

Egitasmoa, bestalde, zozketa erraldoi batekin hastea erabaki dute: hala, abenduaren 8a baino lehen Matx.eus-en erregistratzen den oro opari sorta baten zozketan sartuko da: Euskaltel Euskadiren maillot bat, Eusko Label Winter Series txapelketako partida baterako bi sarrera eta Forum Sport dendarako 300 euroko erosketa bonu bat. «Matxera batzen direnei eskerrak emateko modua da. Hasierako asmoa zen lehenengo mila lagunei zuzenean bizikleta elektriko bat oparitzea, baina erabaki dugu zozketarekin batera hobe dela mila musu banatzea. Musu horiek nork emango dituen erabakitzen ari gara», adierazi dute proiektuko arduradunek.

Abantailak

Matx.eus-ek hainbat abantaila eskainiko dizkio bertan erregistratzen den erabiltzaileari. Alde batetik, Matxek sortzen dituen edukiak osorik ikusteko aukera bakarra izango da –orain arte, Instagramen eta Tiktoken baino ez dituzte argitaratu–. Bestetik, interesen araberako albisteak jasotzeko aukera ere eskainiko du; hau da, kirol modalitatea, herria, eskualdea... aukeratuz, haiei loturiko albisteak irakurri ahal izango ditu erabiltzaileak. Eta kirol taldeentzako leiho berri bat ere izango da, euren berri emateko eta zaleengandik gertu egoteko euskarazko plataforma.

Matx.eus-en izena ematea oso erraza da: Matx.eus webgunera joSortu kontua botoiari eman eta bertan eskatzen diren datuak betez, sistemak automatikoki gomendatzen ditu erabiltzaile bakoitzaren interesekoak izan daitezkeen erabiltzaileak eta gaiak. Egitasmoaren sustatzaileek dei egin dute euskaldunek bat egin dezaten tokiko kirolaren komunitatearekin.

Sare sozial berriaren erredakzio taldea honako hauek osatzen dute: Joni Ubedak (Aiurri), Paola Oskozek (Antxeta irratia), Imanol Garciak (Ataria), Asier Orbeak (Barren), Xabier Urzelaik (Goiena), Eider Moncayolak (GITB), Ander Gomezek (Plaentxia), Andoni Elduaienek (Guka) eta Joanes Imazek (28 Kanala).

Matx sare sozial librea da: Mastodon eta Tangerine UI software librean dago oinarritua, alegia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.