Komunikazioa

Tokian tokiko telebisten topagunea egingo dute bihartik Bidarrrain

Aldudarrak Bideo kooperatibak antolatuta, hiru egunez ezagutzak partekatuko dituzte telebistek

Urtero biltzen dira VDPQko kideak. Irudian, aurreko urteko mintegi bat. VDPQ.
Adrian Garcia.
2014ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Urtero biltzen dira, ezagutzak eta esperientziak partekatzeko helburuarekin. Bidarrain (Nafarroa Behera) egingo dute aurten VDPQ Herri eta Auzoetako Bideoen Federazioko kideek urteroko mintegia. Aldudarrak Bideo kooperatibak antolatuta, bihartik igandera bitartean Bretainiako, Frantziako eta Okzitaniako 30 bat kide bilduko dira herriko Infernuko Zubiko hotelean. Oro har, mintegia tokian tokiko telebistentzako profesionalentzat izango bada ere, ostiral arratsaldean kanpoko jendeari begira ekitaldiak antolatu dituzte.

«Hainbat lekutako egiturak bilduko gara, egiten dugun proiektuei, okerrei, arazoei buruz hitz egiteko», azaldu du Ximun Karrere Aldudarrak Bideo kooperatibako kudeatzaileak. Hurrengo urtean elkarrekin egin ditzaketen lan ildoei buruz ere eztabaidatuko dute. Mintegiaren hiru egunak baliatzen dituzte urteko plangintza egiteko.

Ostiral arratsaldean izango du jendeak mintegian parte hartzeko aukera. Bidarraiko Arrume gela berrian, 14:00etatik aurrera, ekonomia sozial eta alternatiboak, tokian tokiko diruaren sorrera, herri heziketa, kulturgintza, ingurumena, desazkunde kolektiboak eta beste hainbat gai izango dituzte hizpide. Kanaldudek partaide izandako erakundeak gonbidatuko ditu. Bertaratzen direnek, proiektu horiek ezagutu ez ezik, eztabaidan parte hartu eta ekarpenak egin ahal izango dituzte.

Mintegiaren bigarren zatiak, berriz, 20:30ean, Kanaldude proiektua izango du ardatz, Aldudarrak Bideo kooperatibak sortutako herri telebista parte hartzailea. «Gure proiektuaren nondik norakoak eta helburuak jendaurrean azalduko ditugu». Telebista parte hartzaile izateak zer esan nahi duen azalduko dute. Lurraldea, herritarrak, horien arteko harremanak, kultura eta euskara dira telebistaren oinarriak. «Komunikazio eta sorkuntza lekua da, jendeak elkarrekin eztabaidatzeko eta ikasteko lekua». Telebista ez dute ulertzen informazio iturri soil gisa. «Horrelako telebista batek ongi funtzionatzen badu, eragin handia izango du jendearen bizitzeko eran».

VDPQko kideetako batek antolatzen du urtero mintegia. Tokian tokiko telebisten egoitzak eta lan egiteko erak ikusteko aukera ematen die horrek federazioko kideei. «Errazena litzateke leku zentralizatu batean, Parisen, egitea bilkura horiek». Interesgarriagoa zaie, baina, urtean behin egoitza batean antolatzea,horrela telebista bakoitzak nola funtzionatzen duen ikusten baitute. «Aurten guri dagokigu mintegia antolatzea. Kanaldude garapen fase batean dago orain, eta proiektua ezagutarazteko oso baliagarria zaigu mintegia», azaldu du Karrerek.

1996. urtetik da Aldudarrak Bideo kooperatiba VDPQko kide. Langileei trebakuntza programak eskaini eta sostengua ematen die telebistei. Esaterako, legeei buruzko informazioa eta bideo teknikei eta antolakuntzari buruzko esperientziak trukatzen dituzte federazioaren bidez. «Legeen gaineko informazioa biltzen du». Haiei eragiten dien legeen aldaketak eta beste informazioak helarazten dizkiete. «Oso baliagarria da. Asko ikasten dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.