'The Washington Post'-ek ez du «merkatu librearen» aurkako iritzi artikulurik argitaratuko

Jeff Bezos da enpresaren jabea, eta adierazi du iritzi saileko artikuluak «askatasun pertsonalen» eta «merkatu librearen» aldekoak izango direla. David Shipley iritzi saileko arduradunak kargua utzi du.

Jeff Bezos Klima Aldaketaren Konferentzian, 2021ean. ROBERT PERRY / EFE
Jeff Bezos Klima Aldaketaren Konferentzian, 2021ean. ROBERT PERRY / EFE
urtzi urkizu
2025eko otsailaren 28a
13:00
Entzun

The Washington Post egunkariak ildo editorial gogorra izan zuen Donald Trumpen aurka haren lehen legealdian, 2017tik 2021era, eta Hillary Clintonen hautagaitzaren alde egin zuen 2016ko hauteskundeetan. Baina, azkenaldian, eskuinerantz jo du kazeta horrek, eta aldaketaren arduradun nagusia Jeff Bezos enpresaren jabea da —Amazon ere harena da—. Bada, hautsak harrotu dira asteon, Bezosek esan ostean The Washington Post-eko iritzi saileko artikuluak ezingo direla «gizabanakoen askatasunen» eta «merkatu librearen» aurkakoak izan.

Egunkariko kazetariei bidali die mezu hori Bezosek, eta eragina berehala nabaritu da egunkarian: iritzi saileko arduradun David Shipleyk kargua utzi du. Bezosek debeku bat ezarri du kazetan: «Gizabanakoen askatasunen eta merkatu librearen aurka egiten duten ikuspuntuak ez ditugu plazaratuko, eta beste batzuei utziko diegu halakoak eman ditzaten». Enpresaren jabeak azaldu du iritzi sailerako beste editore baten bila ari direla.

Ameriketako Estatu Batuetako presidentetzarako azkeneko hauteskundeetan, egunkariak asmoa zuen Kamala Harris Alderdi Demokrataren hautagaia babesteko editorial batean. Baina Bezosek agindu zuen halakorik ez argitaratzeko, eta hortaz, hedabideak ez zuen ezein hautagai defendatu. Horren eraginez, 250.000 lagunek bertan behera utzi zuten egunkariko harpidetza, eta hainbat kolaboratzailek erabaki zuten kazetan gehiago ez idaztea. Shipley kexu azaldu zen Bezosen erabakiagatik, eta egunkaritik at gelditu da orain.

Bestalde, urtarrilean Bezosek milioi bat euro eman zizkion Donald Trumpi, inbestidura ekitaldirako. Kargua hartzeko ekitaldi hartan izan zen Bezos, urtarrilaren 20an, Meta konpainiako zuzendari Mark Zuckerbergekin batera.

Kontrako ahotsak

Bezosek egunkarian emandako aginduaren aurka mintzatu dira egunotan hainbat kazetari. The Washington Post egunkariko kazetari batzuk ere kexu azaldu dira; tartean, Jeff Stein ekonomia saileko kazetariak hau idatzi du sare sozialetan: «Bezosen esku hartzea ikaragarria izan da. Argi utzi du iritzi disidenteak ez direla argitaratuko. Bezosek albisteen sailean esku hartzen baldin badu, enpresari jakinaraziko diot lana utziko dudala».

Alvaro Verzi Rangel Analisi Estrategikoetarako Latinoamerikako Zentroko soziologo eta analistak gogor salatu du Bezosen erabakia artikulu batean. «Bezosen aginduek gizarte demokratikoen estandarretatik aldentzen dituzte AEBak». Verzi Rangelen iritziz, AEBetako presidentearen desioak betetzen ari dira: «Trumpek ahots disidente guztiak desagerrarazi nahi ditu. Kapital handiek komunikabideen kontrola hartu dute, eta kazetaritza lana merkantzia hutsa bilakatzen ari da». Analista horren arabera, The Washington Post jada ez da lehengo bera izango. «Post-ek komunikabide izateari utzi dio, eta magnatearen zerbitzura dagoen plataforma propagandistiko bilakatu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.