Mundu osoan 2023. urtean gehien pirateatu duten telesaila HBOren The Last of Us izan da. Izen bereko bideojokoan oinarrituta dago, eta oihartzun handia izan zuen urteko lehen hilabeteetan. Lehen denboraldiko atalek, gainera, oso nota onak lortu zituzten IMDB webgune espezializatuan. Fikzio horren egileak bigarren denboraldian ari dira lanean, baina atal berriak ezingo dira ikusi 2025. urtera arte. Aurreko urtean ere, HBO Max plataformako telesail bat izan zen munduan gehien pirateatu zena: House of the Dragon.
Iazko telesailen artean, bestalde, Disney Pluseko The Mandalorian da gehien pirateatu zirenetan bigarrena. Disney Plus plataformako fikzioak ageri dira zerrendako hirugarren, laugarren eta bosgarren tokietan ere: Loki, Ahsoka eta Secret Invasion.
Seigarren tokian, Apple TV Plus plataformako telesail bat ageri da: Silo. Plataforma bereko Monarch: Legacy of Monsters da zazpigarrena; Paramount Pluseko Tulsa King dago zortzigarren tokian; Amazon Prime Videoko Generation —The Boys-en spin-off-a— bederatzigarrenean; eta Apple TV Pluseko Ted Lasso hamargarrenean. Azken horrek amaierako telesaila izan du joan den urtekoa.