Egunkari askorentzat, azkeneko urteetako bilakaera ekonomikoa ez da batere ona; krisialdi batetik bestera ari dira ahal moduan bizirik irauten. Baina badira salbuespenak: Erresuma Batuko Guardian Media Group taldeak 2008. urtetik izandako finantza emaitzarik onenak bereganatu ditu azkeneko urtean. The Guardian egunkaria eta igandetako Observer kazeta argitaratzen ditu taldeak, eta 2021eko apiriletik 2022ko apirilera 306 milioi euroren diru sarrerak izan ditu —aurreko urtean baino %13 gehiago—. Hedabide tradizional gutxik lortzen dutena lortu du, gainera, ingelesezko egunkariak: 8 milioi euroko superabita. Urte askoan lehen aldia da superabiteko datuak lortzen dituena.
Irakurleengandik egunkariak lortzen dituen diru sarreren artean, bestalde, bi heren Internetetik iristen zaizkio; egunkariak duela sei urte erabaki zuen bere webgunean irakurleei laguntza ekonomikoa eskatzea. Baina ez du ordainezko hesirik jarri, eta artikulu guztiak doan irakur daitezke webgunean. Irakurle askok erabaki dute egunkariari ekarpena egitea: milioi bat herritar baino gehiago dira egunkariaren webgunearentzat eta aplikazioarentzat dirua ematen dutenak. Papereko harpidedunak, berriz, 120.000 inguru dira gaur egun.
Guardian Media Group taldeak iragarri du lortutako irabaziei esker kazetari gehiago kontratatuko dituela, eremu zehatzak lantzeko. Eta, horrez gain, teknologia berrietan inbertsioak egingo ditu.
«Urte zaila dator»
Baina nahiz eta azkeneko urtea ona izan den The Guardian-entzat, Erresuma Batuko egunkariak iragarri du hurrengo urtea oso zaila izango dela egunkarientzat. «Batetik, desazkunde ekonomikoak eragina izango du publizitate bidezko sarreretan [beheranzko joera dute aspaldian]. Eta, bestetik, paperezko egunkarien inprimaketa gastuak handitzen ari dira azkeneko hilabeteetan, paperaren garestitzea dela eta», azaldu du The Guardian-ek.
Guardian Media Groupeko zuzendari eragile Keith Underwoodek nabarmendu du datorren urtean baldintza ekonomikoak eta merkatuarenak ez direla samurrak izango. «Hala ere, kazetaritza bikaina egiten ahaleginduko gara, konfiantzazko marka bat eskainiko dugu, eta inbertsioak egingo ditugu. Ondo kokatuta gaude hazten jarraitzeko».
Komunikazio taldearen jabea Scott Trust da. Inbertsio funts baten jabe da —1.554 milioi euroko balioa du—, eta hori egunkaria laguntzeko erabiltzen du.
Erresuma Batutik kanpo ere saltzen da ingelesezko egunkaria: azkeneko urteetan, inbertsioak egin ditu AEBetako eta Australiako salmenta guneak ugaritzeko.
Ikerketa kazetaritzan sakontzeko apustua berretsi du The Guardian-ek. Adibidetzat jarri du Uber files afera. 120.000 agiri lortu zituen kazetak filtrazio baten bidez, eta 29 herrialdetako 180 kazetariri jakinarazi zizkien.
'The Guardian'-ek 2008tik izandako finantza emaitza onenak lortu ditu
Erresuma Batuko egunkariak 8 milioi euroko superabita izan du. Ez du ordainezko hesirik jarri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu