'The Guardian' egunkariak ez du ezer argitaratuko X sare sozialean

Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeetan Elon Musken sare sozialak izan duen jarrera erabakigarria izan da hedabide britainiarrak erabaki hori har dezan.

X sare soziala. EFE
X sare soziala. EFE
urtzi urkizu
2024ko azaroaren 13a
16:00
Entzun

Irakurleei jakinarazi dienez, The Guardian egunkari britainiarrak X sare sozialean argitaratzeari utziko dio aurrerantzean. Erresuma Batuko hedabide horrek 80 kontu ofizial ditu X sare sozialean, eta 27 milioi jarraitzaile baino gehiago ditu. Hainbat arrazoirengatik hartu du kazetak erabakia, eta tartean da Elon Musk sare sozialaren jabeak Interneteko zerbitzuarekin egin duen erabilera. 

Aldeko eta kontrako argudioak aztertu ditu The Guardian-ek. «Baina sare sozialetan sarri eduki aztoratzaileak daude», dio kazetak artikulu batean. Ameriketako Estatu Batuetako presidentea aukeratzeko hauteskundeetan X sare sozialak izan duen jarrera izan da erabakia hartzeko azkeneko kolpea. «Sare horrek sustatzen dituen eduki asaldatzaileen artean, konspirazioaren teoriak, eskuin muturrekoak eta eduki arrazistak daude», gaineratu du egunkariak. «Eta AEBetako hauteskundeen kanpainak aspaldian ikusten ari ginena azpimarratu baino ez du egin».

The Guardian-en arabera, X plataforma «toxikoa» da. «Eta konpainiaren jabe Elon Muskek bere eragina erabiltzeko aukera izan du, diskurtso politiko horri forma emateko». 2022. urtean erosi zuen Muskek Twitter, eta bere burua «adierazpen askatasunaren absolutistatzat jotzen du».

Beste alde batetik, egunkari britainiarrak jakinarazi du X sare sozialaren erabiltzaileek bertan partekatu ahalko dituztela The Guardian-en artikuluak. Gainera, X sare sozialean argitaratzen diren eduki batzuk tarteka azaldu ahalko dira kazetariek idatzitako erreportajeetan. Kazetariek jarraitu ahalko dute X erabiltzen informazio iturri gisa. Baina The Guardian-en kontu ofizial guztiak X-tik kenduko dituzte.

Duela egun batzuk, Berlinale zinema jaialdiak iragarri zuen X sare sozialean argitaratzeari utziko diola urte amaieran. Badira eragile gehiago erabaki bera hartu dutenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.