Tessa Andonegik aurkeztuko du aurten 'Zurriolako butaka' saioa

BERRIA, Hamaika, Kanaldude, 'Irutxuloko Hitza' eta 'Zinea' elkarlanean arituko dira Zinemaldian

Tessa Andonegik Donostiako Zinemaldiaren berri emango du, hilaren 18tik 26ra, Zurriolako butaka-n. A. CANELLADA / FOKU.
Erredakzioa
Donostia
2020ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Berezia izango da 68. Donostiako Zinemaldia, baina, berezia izan arren, Zurriolako butaka saioa ere aurten ahaleginduko da bertan gertatzen denaren berri ematen eta Euskal Herriko ekoizpenen estreinaldiei tartea egiten. Bederatzigarren urtez egingo dute telebista programa. Elkarlanean arituko dira BERRIA, Hamaika, Kanaldude, Irutxuloko Hitza eta Zinea. Hartara, egunkari bat, bi telebista, Donostiako tokiko hedabidea eta zinemari eskainitako ataria elkartuko dira saioa egiteko. Zinema jaialdiak irauten duen egun guztietan —hilaren 18tik 26ra— emango dute saioa, urteroko moduan: BERRIAko webgunean eta beste hedabideen atarietan, 19:00etatik aurrera izango da ikusgai. Hamaikak 22:00etan emango du bere ohiko seinalean.



Aurtengo berrikuntzen artean, aurkezlea dago: Tessa Andonegi aktore eta Hamaikako kolaboratzaileak aurkeztuko du zinemari buruzko saioa. «Ilusioz» hartu du Zinemaldian murgiltzeko aukera izatea. «Eskertzekoa da Hamaikak nirekin kontatu izana, jarraipena ematen baitio haiekin 11Tokitan eta Kolpez kolpe saioetan egin dudan lanari». Programako errealizadoreak, bestalde, Lara Madinabeitia eta Nagore Arin (Berria telebista) izango dira.

Aurreko urteekin alderatuta, saioaren egitura ez da asko aldatuko. Baina izango dira berritasunak. Esate baterako, osasun larrialdiaren eraginez, Kursaalaren azpian paratu ohi duten platoa albo batera utziko du programak. Osasun larrialdiak baldintzatuta, segurtasun neurri guztiak bermatuko ditu saioko lantaldeak. Era berean, saioa arinagoa eta dinamikoagoa izango da aurten.

Saioak iaz estreinatu zuen atal batek jarraipena izango du: Kanalduderen Zinetika. Atal horretan, Donostiako Zinemaldiaren «atzeko aldea» erakutsiko dute erreportaje laburren bitartez.

Irutxuloko Hitza-k, ohiko moduan, Donostiarekin lotura duten elkarrizketak eta erreportajeak prestatuko ditu programarako.

Andonegik, saioko aurkezle berriak, uste du «aberasgarria» dela komunikabide desberdinak elkartzea. «Horrelako egitasmoek egiten gaituzte indartsu euskara eta euskaldunok. Oso ona da helburu bateratu batekin aritzea; kasu honetan, euskal zinemarekiko grinak batzen gaitu».

Euskarazko zenbait film

Izan ere, 2012. urtean sortu zenetik, Zurriolako butaka-k euskal zinema izan du jomuga. Donostiako Zinemaldiaren berri ematearekin batera, euskarazko ekoizpen berrien inguruan hitz egin eta haien sortzaileei ahotsa ematea izan du helburu. Hala izango da aurten ere. Fikziozko lau film luze estreinatuko dituzte jaialdian: Nora; Ane; Atarrabi eta Mikelats; eta Hil kanpaiak. Horiez gain, Euskal Herrian ekoitzitako makina bat film labur, dokumental, telesail eta lan estreinatuko dituzte hilaren 18tik 26ra. Horien guztien berri emango du Zurriolako butaka-k bederatzi egunez.

Andonegik pozgarritzat jo du euskal sortzaileen lanak estreinatzea. Baina hala ohartarazi du: «Egoera une honetan inoiz baino kezkagarria da. Baina ez dago sormena gelditzerik: hau ere pasatuko da». Beste esparru garrantzitsu bat ere aipatu du aurkezleak: «Aipagarria iruditzen zait emakumeon gero eta presentzia handiagoa sektorean, oraindik erabateko parekidetasunaren alde lan handia egin behar badugu ere».

Aurreko urteetan bezala, Zurriolako butaka saioa osorik edo zatika dastatzeko modua izango da. Hau da, euskarazko bost komunikabideetako sare sozialetako kontuetan programako elkarrizketak eta bideoak zatikatuta zabalduko dituzte. Youtubeko zerrenda batean jarriko dituzte programa osoak, elkarrizketak eta bideoak.

Ohiko gisan, BERRIAko orrialdeetan izango da zer irakurri Donostiako Zinemaldiko egunetan. Kritikarien artean, Mikel Zumeta eta Amaia Garcia egongo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.