Tentuz jokatu nahi dute

Euskarazko hainbat irratik baliatu nahiko lukete Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege berria irrati libreak legeztatzeko ematekoa den aukera, baina informazio gutxi dute oraindik.

Bilbo Hiria Irratiaren 25. urteurrena ospatzeko programa bat, Azkuna zentroan, ekainean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
urtzi urkizu
2022ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Ziurtasunik ez dago Hego Euskal Herriko irrati libre eta komunitarioek legezko frekuentziak lortzeko izan dezaketen aukeraz. Espainiako Ikus-entzunezko Lege Orokor berriaren hirugarren xedapen gehigarriak jasotzen du irrati eta telebista zerbitzu komunitarioek eta libreek frekuentzia bat lortu ahalko dutela. Baina, batetik, eskatzaileek baldintza batzuk bete beharko dituzte, erkidego autonomikoetako gobernuek tresna juridikoak aktibatu behar dituzte —Eusko Jaurlaritzak, adibidez, esan du berritasuna praktikara nola eraman aztertzen ari direla—. Eta, bestetik, irrati maiztasunaren espektroa Espainiaren esku dago. Ezin da ziurtatu zenbat frekuentzia geratuko diren irrati libreentzat.

Arrosa irrati sareko koordinatzaile Iraitz Gesalagak adierazi du legearen egitasmoa «gertutik» aztertuko dutela. Sareko irrati batzuek ireki den bide berrian «bete-betean» murgiltzeko asmoa dute. «Poztekoa delakoan gaude, irrati libre eta komunitarioen lana aitortzea, eta, ondorioz, haiek babesteko neurriak hartzeko borondate politikoa izatea». Baina Gesalagak zera ohartarazi du: «Badakigu Mass mediek zer botere duten, baita zer gaitasun duten ere eragiteko zein baldintzatzeko. Horregatik, tentuz jokatu nahi dugu: hankak lurrean jarrita egon behar dugu». Aukerak eta arriskuak egon daitezkeelakoan daude Arrosakoak. «Burokrazian itotzeko edo borondate onez erortzeko arriskuak badaude, baina aukera berriak ere bai». Indarrak jarriko ditu sareak aukera berri horietan, «ikusteko benetakoa den behingoz irrati libreen aitortzatik abiatzen den erregulazio bat».

Informazio gutxi dute

Euskarazko irrati libre gehienek informazio gutxi dute legeak eman ditzakeen aukeren inguruan. Bilbo Hiria irratiko ordezkari Ane Zabalak, esaterako, aitortu du argibide gutxi dutela. «25 urte daramatzagu Bilbo aldean euskarazko irratia egiten eta martxan eusten, eta gurekin ez da inor harremanetan jarri». Jaurlaritzaren aurreko lehiaketak ez zien ezer onik ekarri. «Aurreko frekuentzien esleipenetan sekulako bidegabekeria gertatu zen. Euskarazko irratientzat gordetako lizentzietako bat, FMko 92.7, programazio osoa gaztelaniaz ematen duen SER irratiko kate bati esleitu zioten». Horrenbestez, Bilbon euskarazko irratientzat gordeta zegoen espazioa galdu zen.

Esleipen prozedura Eusko Jaurlaritzak garatu behar du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. «Haren zain egon beharko dugu», gaineratu du Zabalak.

Gipuzkoako Goierri irratia ere aurreko lehiaketara aurkeztu eta frekuentziarik gabe gelditu zen—egun, udal baten frekuentzia erabiltzen du—. Ion Aldanondo Goierri irratiko eta Tolosaldeko 28 irratiko arduradunak ontzat jo du legezko aukera berria iritsi izana. «Ongi dago aukera berri bat ematea dagoen frekuentzia anabasa ordenatzeko». Ohartarazi du oraindik ez dagoela argi zer berme izango diren. «Irrati asko ez zeuden ados aurreko lehiaketako frekuentzien banaketarekin, eta aukera galdu zuten behar bezala legezko frekuentzia eskuratzeko». Nahiz eta Antxetak eta Hala Bedi Bik frekuentziak lortu zituzten, euskarazko irrati asko aukerarik gabe gelditu ziren. «Irrati txiki eta libreak antzera samar geratu ginen», gogorarazi du Aldanondok.

Arrosa irrati sareak gaiari helduko dio datozen asteetan. Horretarako, bilerak dituzte hitzartuak zenbait legebiltzarkiderekin eta beste irrati libre sare batzuetako ordezkariekin. «Ahalik eta informazio gehien eskuratzen saiatuko gara, besteen iritzien berri izaten, gero Arrosako irratiei ahalik eta baliabide gehien eskura emateko», gaineratu du Gesalagak.

Bilbo Hiria Irratiko ordezkariak, era berean, ohartarazi du irrati guztiak ez direla publikoak edo pribatuak. «Dikotomia hori apurtzen duen hirugarren sektorea gara, herri ekimeneko komunikazio proiektuak, eta eskubide osoa beharko genuke gutxienez irrati maiztasunaren eremuaren heren bat gure esku izateko».

Legezko frekuentzia bat lortzeak bizirik irautea erraztuko lieke irrati batzuei. Hala uste du Aldanondok: «Legeztatutako irrati batentzat, errazagoa da bere jarduera lantzea. Legeztapenak jarraikotasuna eta ziurtasunaeman ditzake, eta hedabideari, seriotasuna». Hartaz, mesedegarritzat joko luke Goierri irratia eta 28 irratia legeztatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.