Joan den astean El conquistador del fin del mundo-ren finala aurkeztu zuen Julian Iantzik (Woodland, AEB, 1967). Eta, aste honetan, ETB1 katera pasatuko da, Hi, selfie! lehiaketa gidatzera.
Modan daude selfie-ak. Hi, selfie! lehiaketan halakoak egiten jarriko dituzte partaideak, ezta?
Bai. Lehiakideek argazkiak eta selfie-ak atera beharko dituzte. Errepikatu beharko dituzte ahalik eta hobekien nik bidaliko dizkiedanak.
Nondik nora joango da lehiaketaren dinamika?
Hiru lagunez osatutako bi talde izango dira. Atal bakoitzeko jokoa hiri batean egingo dugu. Taldeak hiriko hainbat puntatan daude. Bost proba izango dira: lau probatan nik bidalitako argazkiak ahalik eta hobekien errepikatu beharko dituzte. Selfie bakoitzak badu bere misterio edo arau propioa. Denbora irabaziz joan beharko dute, eta denbora hori garrantzitsua izango da azken probarako. Bosgarren eta azken proban ni aurkitu beharko naute, eta nirekin selfie bat atera. Informazioa bidaliko diet, pistak, deskubri dezaten non egon naitekeen. Ginkana moduko bat izango da. Tarteka, laguntzaileak izango ditut, jende ezaguna.
Zenbateko saria emango du talde irabazleak?
Niregana iristen den talde bakoitza ezkutatu egingo dugu. Eta haiek ez dute jakingo zein iritsi den lehenago. Denboraren arabera erabakiko da irabazlea: ni aurkitzeko erabili duten denbora ken aurreneko lau probetan irabazitako minutuak. Denbora gutxien egiten duenak mila euroko saria irabaziko du.
Argazkietan, askotariko probak jarriko dizkiezue lehiakideei, ezta?
Bai, esate baterako, filmetako eszenak imitatu beharko dituzte. Burt Lancaster eta Debora Kerr hondartzan muxu ematen ageri diren eszena erromantikoa egin beharko dute, adibidez. Baina, agian, bietako batek ez du derrigor taldearena izan behar. Bidean ezezagunen parte hartzea lortu beharko dute tarteka.
Nola baloratuko dituzue selfie-ak?
Originala ikusiko dut, eta berdinena denak irabaziko du proba. Kasu batzuetan ez da hain erraz ikusiko. Baina dena baloratu beharko dugu: irudimena, egindako lana, kopia berdina izatea... Tentsio handia izango dute lehiakideek, ni toki batean lasai-lasai nagoen bitartean.
Zein hiritan grabatuko duzue?
Oraingoz, lau atal izango dira, eta bakoitza Hego Euskal Herriko herrialde bakoitzeko hiriburuan egingo dugu. Lehenengoa Bilbon izango da gaur. Hiriko txokoak erakusten ere saiatuko gara.
Formatua nondik hartu duzue?
Antzeko saio bat dago Israelen, nahiz eta ez den berdin-berdina. Selfie-kin aritzen dira, baina mundu osoan grabatzen dute.
Ondo funtzionatzen badu, jarraipena izan al dezake udan?
Produktuak ondo funtzionatzen badu, bada aukerarik atal gehiago egiteko. Posible izango litzateke. Gehiago egiten badira, gu pozik.
ETB FORTAko beste kate batzuekin Objetivo Chimborazo saioa ari da prestatzen. Zu joango al zara Ekuadorrera?
Ez. Euskaldun batek parte hartuko duela entzun dut. Naturan lan egitea ez da txorakeria. Hirutan egin dugu Aconcaguako igoeraren saioa, eta 4.000 metrotik gora lan egitea bertze mundu bat da. Zazpimilako bat egina dut, eta orain nire erronka zortzimilako bat egitea litzateke, jakinda asko sufrituko nukeela.
Nafar Telebistan elkarrizketak egiten ari zara sofa batean. Zerda zailena saio horretan?
Zaila ezer ez, oso gustura bainabil. Agian, artista batzuen buruan sartzea da zailena. Elkarrizketak baino gehiago solasaldiak dira, sofan patxada ederrean. Kamerak robotizatuak dira, eta sortzen den giroarekin ez zara ohartzen grabatzen ari zarela.
Noizko El conquis euskaraz?
Beti esaten dut El conquis-en hazia Basetxea izan zela. Eta Basetxea-ren Date el bote hazia izan zen, Jorge Fernandezek egin zituen proba batzuekin. El conquis-ekoa egiten genuen Basetxea-n. Egingo nuke berriro, eta hemen badira toki ederrak.
Julian Iantzi. ETBko eta Nafar Telebistako aurkezlea
«Tentsio handia izango dute lehiakideek, baina ni lasai-lasai egongo naiz»
ETB1ek 'Hi, selfie!' lehiaketa estreinatuko du gaur, 22:15ean. Hiri batean bi talde ariko dira elkarren kontra. Iantzik bidalitako argazkiak errepikatu beharko dituzte, eta amaieran aurkezlea bera aurkitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu