Ikus-entzunezkoak

Malcolm Treviño-Sitte: «Telesailak kanpotarren ikuspegi baikorra ikusarazten du»

ETBren Primeran plataformak 'Toure detektibea' telesaila estreinatuko du gaur, euskarara bikoiztuta. Rol protagonista jokatzen du Treviño-Sittek.

Malcolm Treviño-Sitte, 'Toure detektibea' telesaileko aktore protagonista.
Malcolm Treviño-Sitte aktorea. MONIKA DEL VALLE / FOKU
urtzi urkizu
Bilbo
2024ko otsailaren 1a
05:00
Entzun

Makina bat antzezlan, film eta telesailetan egin du lan Malcolm Treviño-Sittek (Malabo, Ekuatore Ginea, 1981). Toure detektibea telesailean alboan ditu Itziar Ituño, Lander Otaola, Loreto Mauleon, Unax Ugalde eta beste hainbat aktore. Telesailaren aurrestreinaldia Bilbon egin zuten atzo iluntzean.

Nolakoak izan ziren Toure detektibearen pertsonaiarentzako hautaprobak?

Ez zen hautaprobarik izan. Ordezkariak deitu ninduen esateko telesail batean protagonista rola jokatzeko behar nindutela. Hasieran, txantxetan ari zela uste nuen, baina ez zen hala.

Toureren munduan nola murgildu zinen?

Gidoia irakurri aurretik, Jon Arretxeren eleberriak irakurtzeari ekin nion. Idazlearen unibertsoa ezagutzeko aukera izan nuen, eta liluratu egin ninduen.

Baina telesaila eleberrietatik oso desberdina da, ezta?

Pertsonaiaren esentzia mantentzen da, baina Arretxeren Toure askoz ilunagoa da, gogorragoa. Telesaila gehiago dago publiko guztientzat pentsatua.

Zer ezaugarri berezi ditu Tourek zuretzat?

Intuizioa da horietako bat. Karisma handikoa da, era berean. Hainbat tresna erabiltzen ditu bere helburuak lortzeko. Eta nabarmenduko nuke baikortasun handiko tipoa dela. Ez du inoiz amore ematen. 

Bilboko San Frantzisko auzoa pertsonaia garrantzitsua da telesailean.

Bai, zalantzarik gabe: auzoa eta Bilbo. Erraz antzematen da San Frantziskon daudela. Niri asko gustatu zitzaidan telesaila bertan grabatu izana. Kontuan izan ni Vallecas auzoan [Madril] hazia naizela. San Frantzisko duela 30 urte inguruko Vallecas bezalakoa da. Kulturen uztarketa bat dago bertan, eta lorik egiten ez duen auzo bat da.

Nola lortzen du telesailak gizarte gaiak ukitzea eta aldi berean entretenitzea?

Gidoilari eta zuzendari oso onak daudelako lortu dute hori. Argi zuten ekoizpenean zer atera nahi zuten, eta hori oso ondo islatzen da fikzioan. Pobreziaz, droga mendekotasunaz, prostituzioaz eta beste gai batzuez mintzo da telesaila, eta komedia arma bat da gehiago, telesaila haz dadin.

Toure detektibea bezalako telesailek balio dezakete etorkinen gaineko aurreiritziak hausteko?

Bai, zalantzarik gabe. Errealitatean Gaizkiaren errudun nagusiak gu gara: diru laguntzez bizi garenak, lapurtu eta erail egiten dugunak... Telesailak ikusgarritasuna ematen dio immigrazioaren ikuspuntu on bati. 

Ezagutu al duzu Toure euskarara bikoiztu duen aktorea?

Ez, oraindik ez. Euskarazko trailerra ikusi dut, eta gustatu zait. Euskaraz oinarrizko hitz batzuk baino ez dakizkit.

Ez al zaizu iruditzen telesailaren gauza batzuk oso Bilbokoak direla?

Bai, erabat. Telesaila bilbotarra da, eta hala behar du. Gainera, ez dago San Frantzisko bezalakorik.

Telesailak bisitari gehiago ekarriko dizkio hiriari?

Gerta daitekeen zerbait da. Gaztelugatxerekin [Bizkaia] gertatu zen, Game of Thrones telesailaren eraginez. 

Arretxek hamar eleberri idatziak ditu Toureren sailean. Telesailak denboraldi gehiago izango al ditu?

Hala espero dut. Badaude osagaiak denboraldi gehiago egiteko. Ea telesailak oso ongi funtzionatzen duen, eta denboraldi gehiago egin ditzakegun. Ederra litzateke jendeak Toureren beharra izatea. Ni pozez zoratzen egongo nintzateke pertsonaiarekin jarraitzeko aukera izango banu. Gainera, telesailak kanpotarren ikuspegi baikorra ikusarazten du; sekulakoa da.

Hamargarren eleberriak Musker amarruak du izena. Kanaria uharteetan dago girotua, Espainian. Joango al zinateke hara?

Bitxia da, baina urtero joaten naiz Kanaria uharteetara grabatzera. Gaizki dago esatea, baina iaz Kanaria uharteetan Hollywoodeko film batean parte hartzeko deitu ninduten, baina ordurako Toure detektibea-n nintzen lanean. Toureren denboraldi bat Kanarietan... gertatuko den zerbait dela iruditzen zait.

Jon Arretxe idazlea eta Malcolm Treviño-Sitte, 'Toure detektibea' telesaileko aktore protagonista.
Jon Arretxe idazlea eta Malcolm Treviño-Sitte aktorea. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Aurrestreinaldiko elkarrizketekin hasi aurretik, kazetari bat salbatu duzu kaka zapaltzeaz. Beti ongia egiten?

[Barrez] Hori oso Tourerena da. Besteak baino lehenago konturatzen baita gauzetaz...

Jon Arretxe ziur al dago ikusleak telesaileko Toure maitatuko duela?

Bai, Arretxeri baba erortzen zaio telesailarekin. Oso pozik ikusten dut. Gainera, iruditzen zait telesailak balio izango duela aurreiritziak albo batera uzteko. Kontzientziak piztuko ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.