Manu Levin. 'La Base' podcasteko 'Titulares al banquillo' ataleko arduraduna

«Telebistek proiektu batzuk suntsitu nahi izan dituzte»

Pablo Iglesiasen 'La Base' podcastean, hedabideen tituluak aztertzen ditu Levinek. Uste du botere mediatikoa demokratizatzeko «ezkerretik aurre» egin behar zaiola.

LA BASE.
urtzi urkizu
2022ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Filologia hispanikoa ikasi zuen Manu Levinek (Madril, 1989). El Intermedio telebista saioan egin zuen lan, eta Podemos alderdian hainbat zeregin bete izan ditu.

Urtarrilaren 31n La Base sortu zenutenetik, garrantzi handia eman diezue hedabideen gaiari. Zer hausnarketak eraman zintuzteten horretara?

Gertatzen ari denari buruz dugun hipotesi politikoarekin du lotura: botere mediatikoa gure garaiko aktore ideologiko nagusia da. Eskuinak agintzen du telebista eta masa hedabide gehienetan, eta ezkerreko hedabideentzat espazio txikia gelditzen da. Kultur batailan sartu nahi dugu, eskuina gainetik pasa ez dadin. Komunikazio tresnak eraiki nahi ditugu, bataila politikoa egiteko. Gainera, Espainian ez dago komunikabideak aztertzen dituen beste saiorik.

Zein irizpide dituzu Titulares al banquillo (Tituluak auzitara) atala lantzeko orduan?

Premisa bat da politika ulertzeko erabilgarriagoa dela entzutea zer dioten hedabideek, alderdi politikoek diotena baino. Herritarrei tresnak eman nahi dizkiet, ikuspegi kritikoa izan dezaten hedabideen edukien aurrean. Herritarra izateko, eta ez mendekoa, batek halako tresnak behar ditu. Herritarrek jakin dezatela tituluetan gauza batzuk kontatzen ari zaizkienean zergatik ari zaizkien modu horretan kontatzen. Filologia ikasi nuen, eta metodo hori aplikatzen saiatzen naiz: hitzak eta markoak aztertzen ditut, zorroztasunez.

Duela egun batzuk audio batzuetan ezagutarazi zen kazetari batzuek Espainiako Estatuaren estoldekin duten harremana. Gizarteak hori jakin ostean, aldatu al da zerbait?

Uste dut zerbait aldatzen ari dela. Antonio Garcia Ferrerasek La Sextan jarraitzen du; Eduardo Indak telebistan jarraitzen du, baina afera ez da amaitu. Herritarren batek pentsatzen baldin bazuen La Sexta eta Ferreras justizia sozialaren aldekoak zirela, ba ohartu da ez dela horrela. Audioetan ikusi da botere mediatikoa arma nagusia dela haien interesak auzitan jarri nahi dituztenak suntsitzeko. Podemosekin ez ezik, Kataluniako eta Euskal Herriko independentistekin ere gertatu da. Proiektu horiek suntsitzeko erasoaldiak egin dituzte telebista batzuek. Kanpaina horietan ez dago eskrupulurik, berdin zaie gezurrak esatea. Agiri faltsuak ere sortu dituzte, polizien laguntzarekin.

Titulu batzuetan nabarmendu dute Pablo Iglesias bera ari dela kazetari batzuei erasotzen.

Korporatibismoa min egiten ari zaio kazetaritzaren prestigioari. Demagun politikari bat ustelkeria kasu batean harrapatzen dutela, eta beste alderdietakoak agertzen direla esaten miretsi egiten dutela. Ferreras gezurretan aritu bada, zergatik defendatzen dute lanbideko figura batzuek? Profesioari min handia egiten dio horrek. Hedabide batzuek gerra zikina egin dute Podemos suntsitzeko.

Hedabidea norena den, horrek badu garrantzia auzian. Zein modutan?

Agerikoa da bankari batek edo enpresari handi batek hedabide bat erosten badu ez dela bertan kritikak jasotzeko. Hedabideetako kazetariak ezin dira jabeen aurka aritu. Herrialde baten hedabide gehienak oligarkiak kontrolatzea arazo demokratiko larria da. Atresmediak eta Mediasetek telebista pribatu guztia kontrolatzen dute. Hedabideek hezi egiten dute, eta larria da horren kontrol guztia bi talde horiek bakarrik izatea. Ezkerretik aurre egin behar zaio, botere mediatikoa demokratizatzeko.

La Base-n sarri proposatu duzue hedabideen lege berri bat. Egingarria al da hori?

Zaila izango da, gauzak dauden bezala mantendu nahi dutenek ez dutelako halakorik nahi. Baina garai egokiena da eztabaidarako, eta Espainiako Kongresuan bozka dadin. Proposatzen dugu egon dadila hedabide publikoen heren bat, pribatuen heren bat, eta komunitarioen beste heren bat. Eliza katolikoak irrati bat eta telebista bat badu, zergatik sindikatuek, auzo elkarteek eta talde ekologistek eta feministek ezin dute hedabiderik izan? Hedabide handiak botere ekonomikoaren esku daude, eta informazio eskubidea ez da betetzen. Espazio komunitarioa behar da, behekoek komunikatu dezaten.

Nola doaz La Base-ren hartzaile datuak?

Espero genuena gainditzen ari gara. Hutsune bat bete dugu, jende asko umezurtz baitzegoen. Latinoamerikan ere oso harrera ona izaten ari gara. Youtubeko datuak sekulakoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.