Komunikazioa

Telebistatik eguraldiari so

Asko aldatu da telebistan eguraldiaren berri emateko modua. Meteorologiaren tresnak garatzearekin batera, tarteok iragarpen soila egiteari utzi eta saio didaktiko bihurtu dira.

Andoni Aizpuruk 21 urte daramatza eguraldia aurkezten: «Harrigarria da nola aldatu diren bitartekoak». EITB.
Adrian Garcia.
2014ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Askok pizten dute telebista eguraldiaren berri jakiteko. Kateak jakitun daude meteorologiaren gorabeherek sortzen duten jakin-minaz, eta geroz eta tarte handiagoa ematen diote gai horri. Beti ez da horrela izan, ordea. Orain 60 urte BBCko George Cowling lehen eguraldi gizona azaldu zenetik, bitarteko teknologikoek guztiz irauli dute eguraldiaren berri emateko modua.

«Espainiako Meteorologia Institututik jasotzen genuen informazioa fax bidez: oso-oso oinarrizkoa, dena gazteleraz, noski». 1993an hasi zen Andoni Aizpuru ETBn eguraldia ematen. «Oso aukera gutxi genituen». Orduan eguraldiak ez zuen tarte berezitua, eta albistegien barruan ematen zuten, bizpahiru minutuz. Tenperatura eta prezipitazio datuak sartzen zituzten, hiriburuetakoak soilik.

Teknologiaren garapenak asko erraztu du eguraldi aurkezleen lana. «Huts gutxiago egiten ditugu». Dioenez, epe laburrera begira «izugarrizko zehaztasuna» irabazi dute. Ustekabeak ustekabe, zenbakizko iragarpen meteorologikoek aldaketak aldez aurretik antzematen dituzte. «Orain hogei urte, fronte bat bazetorren, ez genekien altueran hotza zegoen edo ez. Informazioa oso orokorra zen». Egun, ordea, sateliteekin eta radarrekin ordubetera euria sar daitekeela ikus dezakete. «Zehaztasunean oso fin gabiltza. Ez da gure meritua, zientziarena baizik». Epe luzera begira, halere, iragarpenak egitea zaila izaten da oraindik. «Erronka handia dago hor».

«Saio didaktikoak»

Eguraldiaren tartea «saiotxo» bilakatu da egun; hamar hamabost minutuko tarte berezia du egun eguraldiak ETBn. «Beste ukitu bat hartu du». Iragarpen soila egiten zuten hastapenean; saio didaktikoak dira orain. «Telebistak badu indar hori. Erakusteaz gain, irakatsi ere egiten dugu». Olatuak, elurra eta haizeteak nola sortzen diren azaltzen dute, besteak beste. «Maila apalean, baina azalpen txiki horiek ematea aberasgarria da». Behaketa lana egitea du gustuko Aizpuruk. «Zenbat euri egin du? Zer haize egin du?». Behin behaketa landuta, iragarpena egiten dute.

Irudiek garrantzi handia dute egun ETBko Eguraldia tartean. «Kolorea ematen diote». Egunero-egunero ikus-entzuleen ehunka argazki jasotzen dituzte. «Euskal Herriko bazter asko erakusteko aukera ematen digu». Orain, ikus-entzuleen parte hartzea sustatzeko beste egitasmo bat jarri dute abian. «Haien herriko eguraldiaren berri bideo baten bidez emateko eskatu diegu». (0034) 688 87 58 24 telefonoko whatsapp aplikaziora bideoa bidaltzen dutenen artean, asteburu bat zozkatuko dute, elurretan ibiltzekoa.

Telebista guztiek ematen diote gero eta tarte zabalagoa eguraldiari. Horrek, baina, badu arrisku bat, Aizpururen ustetan: eguraldiari buruzko berriak neurriz kanpo ateratzen dira. Alertak eta abisuak «neurrian» eman behar direlakoan dago. «Hedabide batzuek gehiegi erabiltzen dute. Ez da jendea aztoratu behar beharrik ez dagoenean».

Teknologia berriek eguraldiaren berri jakiteko bideak ugaritu dituzte, eta smartphone-en bidez webgune askotan ikus daiteke iragarpena. Nahiz eta gazteek teknologia horiek asko erabili, Aizpuruk ez du uste eguraldi tarteen eginkizuna ordezkatuko dutenik. «Sakelakoa eguraldirako oso hotza geratzen da. Nik uste dut estimatzen dela norbaitek kontatzea zergatik egingo duen eguraldi hori».

Bitartekoak «izugarri» aldatu arren, eguraldi aurkezleen lanaren funtsak bere horretan jarraitzen duelakoan dago: «Informazio meteorologikoa hartu, eta ulertzeko moduan azaldu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.