Komunikazioa

Telebista publiko bat eskatzeko

Telemadrid Madrilgo telebista publikoak 861 langile kaleratu zituen iaz. Salvemos Telemadrid plataformak «alderdikeria eta diru xahutzea» salatu du. Igandean manifestaziora deitu dute.

Adrian Garcia.
2014ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Igandean urtebete beteko da Telemadrideko 861 langile kaleratu zituztela. Madrilgo telebista publikoko auzia itxi gabe dago oraindik. Izan ere, Madrilgo Auzitegi Nagusiak ez zituen kaleratzeak onartu; kalte-ordainak handitzera edo langileak berriro hartzera behartu zuen katea. Epaiak ez zuen gogobete langile batzordea ezta enpresa bera ere, eta biek helegiteak aurkeztu zituzten. Espainiako Auzitegi Gorenean dago orain afera. Telemadrideko langile batzordean arabera, otsailetik aurrera etor daiteke epaia.

Ignacio Gonzalez Madrilgo Erkidegoko presidentearen mehatxua oso presente dute langileek. Gonzalezen esanetan, epaiak, kaleratzeak baliogabetzekotan, Alberto Fabra Valentziako Generalitateko presidentearen bidetik joko du , eta Telemadrid itxi. «Ez dugu beldurrik. 861 lankide kaleratu dituzte jadanik. Gelditzen diren gehienak haien sokakoak dira», azaldu du Angel Garcia Telemadrideko langile eta Salvemos Telemadrid (Telemadrid salba dezagun) plataformako kideak.

1.160 langile inguru ziren enplegua erregulatzeko espedientearen aurretik; hirurehun bat geratzen dira orain: «Zuzendaritza talde osoa eta erredakzio paraleloa, hau da, lehiaketa publikorik gabe hartu zituztenak», salatu du Garciak. «Garbiketa operaziotzat» ditu kaleratzeak. «Urte askoan enbarazu egin dieten lagileez libratzea zen helburua».

Arrazoi ekonomikoak erabili zituzten kateko arduradunek kaleratzeak justifikatzeko. «Ezer gutxi aurreztu da. Langileei ordaindu beharrean, ekoiztetxe pribatuak kontratatu dituzte». 861 langile gutxiagorekin, Telemadriden aurrekontua soilik %1,2 murriztu dute urtebetean.

Audientziak, behera

2003an hartu zuen PPk erkidegoko gobernua. Ordutik, alderdiaren «bozgorailu gisa» erabili dute hedabidea, Garciaren hitzetan. «Aurretik telebista normal bat zen».1989. urtean sortu zuten Madrilgo telebista publikoa, eta, Garciaren arabera, hasieratik madrildarren onarpena jaso zuen. «%17ko ikusle kuotatik gora izaten zuen». Batez beste, % 3,5eko audientzia izan du 2013. urtean.

M-11ko erasoen harira eginiko dokumentala mugarria izan zen langileentzat. Erasoen aurkako protestetan, ETAren ikurra txertatu zuen Telemadridek. Orduan sortu zuten Salvemos Telemadrid. Plataforma sortzearekin batera, erredaktoreen %80k informazioak sinatzeari utzi zioten. «Nik ez dut ezer sinatu 2004tik.Kazetari batentzat gogorra da lanak ez sinatzea; existitzeari uzten diozu».

Bi arazo nagusi ditu Telemadridek, Garciaren arabera: «Batetik, manipulazio eskandalagarria, eta, bestetik, diru xahutze onartezina». Garciak salatu du diru publikoa «PPren laguntxoak aberasteko» erabili dutela. «Azken hamar urteetan, Telemadriden zorra hirukoiztu egin dute».

Madrilen telebista publikoa behar-beharrezkotzat du Garciak, nahiz eta hizkuntza gutxiturik ez hitz egin. «Zazpi milioi lagun inguru bizi gara hemen, eta gauza asko gertatzen dira».

Hamar urte daramatzate Madrilgo Erkidegoko Gobernuaren gehiegikeriak salatzen. Europako Parlamentura ere jo dute. «Irudipena dugu basamortu batean bizi garela. Inork ez digu kasurik egiten, baina gure borrokarekin jarraituko dugu». Igandean manifestazioa egingo dute Madrilgo Plaza de la Villan, «denei ahotsa emango dion» telebista publikoa eskatzeko. «Ez dugu Kataluniako independentismoari edo ETAri buruz hitz egin nahi. Madrilen milioi erdi langabe daude, eta hezkuntza eta ospitaleak pribatizatzen ari dira. Hori kontatzea izan behar luke gure eginkizunak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.