Telebista kateen eskaintza eraldatu zen

Urtarrilean 35 urte bete ziren Antena3 kateak emanaldiak hasi zituenetik. Aste gutxi geroago hasi zuen bidea Tele5k. Telebista kate pribatuek ordura arteko eredua aldatu zuten.

Tele5 kateko 'Tutti Frutti' saioa. TELE5
Tele5 kateko 'Tutti Frutti' saioa. TELE5
urtzi urkizu
2025eko otsailaren 11
05:00
Entzun

Hego Euskal Herrian soilik TVE eta ETB kate publikoak ikus zitezkeen 1980ko hamarkadan. Duela 35 urte, berriz, kate pribatuak iritsi ziren: Antena3ek 1990eko urtarrilaren 25ean hasi zituen emankizunak; eta Tele5k martxoaren 3an ekin zien emanaldiei. Ekainaren 8an, berriz, Canal+ katearen txanda iritsi zen. Urte batzuk lehenago, 1987an, TF1 kate publikoa pribatu bihurtu zen, eta hori izan zen Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ematen hasi ziren lehen kanal pribatua —Gipuzkoako toki batzuetan ere ikusten zen—. Ordura arteko telebista eskaintzan eragin handia izan zuten kate haiek.

Elena Neira Kataluniako Unibertsitate Irekiko irakaslea da, eta ikus-entzunezko gaietan aditua. Azaldu duenez, kate pribatuek, lehenik eta behin, telebista eskaintza handitu zuten. «Eduki mota ere aldatu egin zen, entretenimendu eduki berriak iritsi ziren. Akaso ez geunden prestatuak saio batzuetarako, telebista publikoaren ereduarekin ohituta baikeunden». Batez ere Tele5 katearen eskaintzaz ari da. «Tele5ren entretenimendu arina eta polemikoa iritsi zen, tarteka zaratatsua ere bai. Antena3ek, hastapenetan, itxura serioagoa ematen zuen».

Josu Erguin ekoizle exekutiboak iritzia eman du Hego Euskal Herrian zegoen egoeraz: «Kate pribatuak iritsi zirenean, ETBri zer ondorio ekarriko ote zizkion begiratzen zen, aurretik soilik TVE baitzen konpetentzia. Iritsi ziren kate haiek indartsuak ziren. Tele5ri dagokionez, nazioarteko enpresa eta talde bat zegoen atzean [Silvio Berlusconiren Mediaset]». Jon Eizagirre ekoizleak, era berean, gogoratu du «arrakasta handia» izan zutela kate pribatuek lehen urte haietan. Erguinen arabera, ukatu ezin zen errealitate bat zegoen: «Munduko toki askotan, kate anitz zeuden; Erresuma Batuan bertan, BBC handia zegoen, baina baziren kate handi gehiago ere. Horiek horrela, ikusten zen ETBrentzat zaila izango zela telebista pribatu handiekin lehiatzea».

Jesus Vazquez eta Penelope Cruz. Tele5ko 'La quinta marcha' saioa
Jesus Vazquez eta Penelope Cruz Tele5ko 'La quinta marcha' saioko aurkezleak (1990). TELE5

Tele5ri dagokionez, Berlusconik Valerio Lazarov bidali zuen Espainiara. Hura izan zen Espainiako Tele5ren zuzendari nagusia lehen urteetan. «Haren ereduaren funtsa ikuskizun hutsa zen», azaldu du Erguinek. «Teknologia asko erabiltzen zuen, efektu digitalak egiteko. Kontuan hartu behar da Italian erabilitako eta balioa egiaztatua zuen telebista eredua eraman zuela Lazarovek; Italian oso ondo funtzionatu zuen: ikuskizuna ikuskizunagatik, jendea aho zabalik uzteko».

Jon Eizagirre ekoizleak nabarmendu du telebista kate pribatuek ikusle kopuru handia kendu zietela kate publikoei. «Eta, aldi berean, publizitatearen puska galanta kendu zieten. Bestetik, kate pribatuek derrigorrez zerbait erakutsi behar zuten ikusleak bereganatzeko. Haien helburua publizitatearen negozioa zen». Uste berekoa da Neira: «Egunero ikusle datuetan lider izatea zuten helburu Antena3ek eta Tele5k. Programazioa eta kontraprogramazioa zegoen —horrek irauten du gaur egun ere—. Baina batez ere publizitate sarrerak lortzeko egiten zituzten eskaintza horiek».

Emakumeak «apaingarri»

Tele5k 1990eko hamarkadako lehen urteetan eman zituen saioen artean, Tutti fruti eta VIP Noche entretenimendu saioak aipa daitezke. Batean, Las Mamachicho izeneko andre talde bat agertzen zen, dantzan; bestean, Cacao Maravillao taldeko dantzariak. Telebista saio haietan emakumeak «apaingarri» gisa erabiltzen zituztela gogoratu du Neirak, baina testuinguru historikoa ematea funtsezkotzat jo du: «Esango nuke demokrazia berandu iritsi zela Espainiara. Las Mamachicho deiturikoak iritsi aurretik, destape-aren zinema izan genuen aurreko hamarkadan. Sabrina Salerno kantariaren titia ere TVEn ikusi zen, 1987an. Hori guztia gizarte baten isla zen. Estatu konfesional eta erreprimitua zegoen diktaduran. Eta urte gutxian, gero, denak balio zuen». Hizkera matxista saio batzuetan «erabat normalizatua» zegoela gaineratu du irakasleak. «Saio horiek orain ikusi, eta eskuak burura eramaten ditugu. Gainera, programa horiek haurrentzat babestutako ordutegian ematen zituzten».

Tele5 kateko 'VIP Noche' saioa
Tele5 kateko 'VIP Noche' saioa 1990eko hamarkadan. TELE5

Kontsumo ohiturak ere bestelakoak ziren 1990eko hamarkadan. Familia osoa elkartzen zen toki berean telebistan zegoena ikustera. Neiraren arabera, zenbait saiotan osagaiak zeuden familiako kide bakoitzarentzat. «Profil desberdinekin konektatu nahi zuten». Era berean, kate pribatuen eskaintzak eragina izan zuen TVEn ere. «TVEko saio askotan klixeak zeuden; barietate saioetan, aurkezlea gizon bat zen, eta alboan emakume erakargarri bat agertzen zen modu limurtzailean jantzita».

Antena3 kateko 'Lo que necesitas es amor' saioa
Antena3 kateko 'Lo que necesitas es amor' saioa. ANTENA3

Espainiako kate pribatuentzat Euskal Herriko hainbat ekoiztetxek egin zuten lan. Bainet ekoiztetxea izan zen horietako bat, kate ugarirentzat egin baititu saioak: ETBrentzat eta TVErentzat ez ezik, Tele5rentzat, Antena3entzat, La Sextarentzat eta baita beste batzuentzat ere. Erguin ere aritu zen hainbat katerentzat lanean: «Euskal Herriko ekoiztetxe batzuek aukera izan genuen lan egiteko kate pribatuentzat».

Euskal Herriko beste profesional batzuek, berriz, Madrilen egin zuten lan kate horientzat. Elene Lizarralde kazetaria ETBn ari zen lanean, kate pribatuak hasi zirenean —bera aritu zen aurkezle ETBko lehen emanaldian 1982ko Urtezahar gauean—. «Berehala egin zidaten eskaintza Antena3 katetik: Domingo en rojo magazina zuzendu eta aurkezteko proposamena. Baina ezezkoa eman nien». Lizarraldek nabarmendu du garai hartan helburu oso desberdinak zituztela ETBk eta kate pribatuek: «Guretzat, ETB bitarteko bat zen gure hizkuntza eta gure kultura nabarmentzeko, areagotzeko. Antena3entzat eta Tele5rentzat, helburuak bestelakoak ziren: dirua lortzea, kate komertzialak ziren eta».

Baina hurrengo eskaintzari baiezkoa eman zion Lizarraldek: Antena3eko haurrentzako eguneroko saioak zuzentzea. Madrilera joan, eta berehala helburu zehatzak jarri zizkioten. «Baldintza zen saioek ikusle datuetan bi digituak lortzea. Hasiera-hasieratik jarri zidaten helburu hori». Kazetariak gogoan du goizero ikusle datuekin esnatzen zirela. «Ikusi behar genuen minutu bakoitzean zer gertatzen zen, publizitatearekin zer gertatu zen, eta zein zen eduki garrantzitsuena gorantz egiteko. Goian amaitu behar zen, gainera, ondoren zetorren saioak goian jarrai zezan».

Haurrentzako saioetan lan egin zuen urteetan, Lizarraldek gogoan du ez zuela presiorik izan janzkeraren aldetik. «Baina, nire iritziz, haurrentzako eta gazteentzako saioetan hizkerak eragin handia izan dezake. Gidoi guztiak irakurtzen nituen, eta gidoilariek bromak idazten zituzten. Baina nik esaten nien haurrak ezin zirela broma sexistekin hazi. Argi neukan hori, eta zaintzen saiatzen nintzen». Jabetzen da kate pribatuetako saio askotan hizkera matxista erabiltzen zela.

Antena3 katearen 'Megatrix' saioa
Antena3 katearen 'Megatrix' saioa. ANTENA3

Publizitateari dagokionez, egun «pentsaezinak» diren kontuak gertatzen zirela gogoratu du Lizarraldek. «Markek zerbaiten truke ordaintzen zuten, legearen mugan. Orduko hartan, dirutza mugitzen zen, eta ikaragarria zen. Marka batek ordaindu egiten zuen saio batean agertzeagatik, eta batzuetan ordaintzen zen diruarekin edo beste zerbaitekin». Hala izaten zen haurren saioetan ere. Baina, ondotik, publizitatea arautzeko legeak iritsi ziren.

Mikel Lejarza, bestetik, ETBtik fitxatu zuen Tele5k; eta Antena3entzat eta Atresmediarentzat egin du lan ondotik hainbat urtez. Pello Sarasola ere fitxatu zuen Antena3ek, eta lurreko telebista digitaleko Atresmediaren kanalak zuzendu zituen. ETBra itzuli zen geroago, eta 2015ean hil zen. Erguinen arabera, kate pribatuak «bizkorrak» izan ziren Lejarza eta Sarasola fitxatzen. «ETBn garai zailetan esperientzia hartutako profesionalak ziren».

'Reality'-ak eta prentsa arrosa

2000ko hamarkadan, Gran Hermano eta beste reality batzuen garaia iritsi zen. Neiraren arabera, telebista egiteko formula merkeagoa da hori. «Telerrealitatearekin, gainera, saio nagusi bat dago, eta bestelako programak daude aste osoan zehar». Irakasleak gogoratu du hamarkada horretan asko sustraitu zela «prentsa arrosa ulertzeko beste modu bat» kate pribatuetan.

2010eko hamarkadan, lurreko telebista digitala zabaldu zenean, eskaintza are zabalagoa bilakatu zen Euskal Herrian: gaikako kateak, tokikoak... Talde pribatu handiek kate gehiago izatea lortu zuten.

Hizkuntzari dagokionez, Espainiako eta Frantziako kate pribatuek ez diote sekula tarterik eskaini euskarari. Katalanari dagokionez, bada salbuespenik: 1990eko hamarkadan, Antena3 kateak katalanera bikoiztuta ere eman zituen The Simpsons animaziozko saioaren atal batzuk; 1994an, berriz, Tele5k The X-files telesaila katalanera bikoiztuta ere eman zuen, sistema dualean.

Azken boladan Tele5ren formula agortu egin dela uste du Neirak. «Antena3ek asmatu egin du formatu batzuekin. Eta Mediaset taldeak [Tele5] berrikuntza gutxi izan ditu. Haren irudia oso lotua dago txutxu-mutxuekin eta telezaborrarekin». 2024. urtean, La1 izan zen Hego Euskal Herrian gehien ikusi zen katea; horren aurretik, EAEn 20 urtean baino gehiagoan Tele5 izan zen liderra. Espainian, bestalde, Antena3 izan zen iaz gehien ikusi zen katea.

Mayra Gomez Kemp 'La ruleta de la fortuna' saioa aurkezten 1990eko hamarkadan
Mayra Gomez Kemp 'La ruleta de la fortuna' saioa aurkezten, 1990eko hamarkadan. ANTENA3

ETBk sarri hartzen ditu erabakiak Espainiako kateen eskaintzaren eta arrakastaren arabera. Lizarraldek, berriz, zutabeak zein izan beharko liratekeen azaldu du: «Euskal Telebistan oso lan ona egiten da, saio batzuk oso onak dira. Baina ez genuke ahaztu behar telebista publikoa dela. Gure gaiak eta kontuak bultzatu beharko genituzke, eta horrek ez du esan nahi itxura zaharra eman behar denik». Telebistak gazteengan eragin handia izan dezakeela gaineratu du: «Gure hizkuntzaren alde borrokatzearen, eta gure idiosinkrasia eta izaera mantentzearen garrantzia azaldu beharko lieke ETBk. Horrek izan beharko luke ETBren zutabea».

TF1 nagusi

Lapurdin, Nafarroa Beherean, Zuberoan eta Frantzian TF1 izan da azkeneko hamarkadatan gehien ikusi den telebista kate pribatua. Jatorrian, TF1 kate publikoa zen —1935. urtean jaio zen—. 1986. urtean, Jacques Chirac Frantziako lehen ministroak iragarri zuen hiru kate publikoetako bat pribatu bilakatuko zutela: hala gertatu zen, hurrengo urtean pribatizatu baitzuten TF1. Kate pribatu gisa, bere lehen urtean —1987— Antenne2 kate publikoaren ikusle datuak berdindu zituen. Ameriketako Estatu Batuetatik hartutako formatuen aldeko apustua egin zuen TF1ek, eta ondo atera zitzaion. Lider bihurtu zen denbora gutxian.

Bada kontu ilunik, ordea, TF1 kateko aurkezle izarrekin. 1987tik 2008ra, Patrick Poivre d'Arvor kazetariak aurkeztu zuen gaueko albistegia, ikusle datu oso onak bereganatuta. Gutxienez 24 emakumek ezarri dute Poivre d'Arvorren kontrako salaketa —hamabik, bortxaketagatik—, eta 50 dira haren kontra lekukotasuna eman dutenak Polizia Etxean. Nora Arbelbide BERRIAko kazetari izandakoak jazarpen sexualagatik salatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.