Aditu askoren ahotan da adimen artifizialak sekulako aldaketak eragingo dituela ikus-entzunezko eta telebistako edukien ekoizpenean. Hala baieztatu dute hainbat ekoiztetxetako arduradunek Londresko MIP azokako mahai inguru batean. Nazioarteko azoka hori atzo amaitu zen, eta ehunka telebista ekoizle elkartu ziren Erresuma Batuko hiriburuan.
Armoza Formats ekoiztetxeko zuzendari Avi Armozak azaldu du gero eta diru gutxiago dagoela produkziorako, eta denak ari direla saioak ahalik eta modu errentagarrienean egiteko saiakeran. «Family Piggy Bank izeneko saio bat egiten dugu, eta horren eszenatoki guztiak ordenagailuarekin sortuak dira. Ondoren, postprodukzioa adimen artifizialarekin egiten dugu», esan du Armozak.
Particle6 ekoiztetxeko zuzendari Eline van der Veldenek adierazi du AArekin garatutako film laburrak ari direla sortzen. Telesailekin ere hasiak dira. Azaldu duenez, ohiko ekoizpen tradizionalarekin baino %90 merkeagoak dira lan horiek. «Telebistaren historiako garairik zirraragarriena bizitzen ari naiz. Kontuan hartu behar da BBC Studios, Universal eta Disney bezalako konpainiek enpresa hitzarmenak eginak dituztela, eta ezin dutela egin enpresa txiki independenteok egin dezakeguna. Orain da garaia non enpresa txikiek kontrola hartu dezaketen eta estudio handi bilakatu». Ekoiztetxe txikiek estudio handiei aurre egin ahalko dietela gaineratu du.
Jason Mitchell The Connected Set konpainiaren sortzaileak Storyboarder.ai animazio tresnaren erakustaldi bat egin du Londresko azokan. Hilean 50 euro baino gutxiagoko kostua du, eta gidoiak gidoi grafiko bihurtzen ditu AAren bitartez. Mitchelli ez zaio iruditzen adimen artifizialak langile kopurua txikiagotuko duenik: «Aukera asko izango dira industrian lan egiten dutenentzat. Gainera, eduki berriak sortzeko lan eta sormen handia behar da».
Mahai inguruan parte hartu duten ekoizle guztiek uste dute ekoizpen enpresa guztiek erabili beharko dutela AA, telebistako lehian abantailak lortzeko.