«Denboraldi hau 25.a izango da, baina guk gauza berriak egiteko gogoz jarraitzen dugu. Onenean gaudela esan daiteke, esperientziak ematen duen segurtasunarekin, eskarmentu horrekin, eta aurten estreinatuko dugun irudi berriarekin, erabat gaztetuta. Irudi berria da, modernoa, garbia, zehatza, lehenengo begiratuan ikusten dena, baina helburu bat ere baduena: informazioa argi ematen laguntzea, jendea zientziara erakartzeko», azaldu du Iñaki Leturia Iurritak, Teknopolis saioko aurkezleak, denboraldi berriaren aurkezpenean.
Elhuyarrek Usurbilen (Gipuzkoa) duen egoitza nagusian aurkeztu dute Teknopolis saioaren 25. denboraldia. Han izan dira, besteak beste, Amaia Eskisabel Alegria Eusko Jaurlaritzako Ikerketa zuzendaria, Gorka Garcia Peral ETBko Programa eta Arte zuzendaria, Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzaile nagusia eta Teknopolis osatzen duen lantaldea, Iñaki Leturia Iurrita aurkezlea eta Nagore Rementeria Argote zuzendaria buru dituztela.
Asteburu honetan hasiko da berriz Teknopolis: larunbatean ETB1en (13:30) eta igandean ETB2n (12:15). Irudiz berrituta, eta gaiez ongi hornituta: laborategiak, olatuak, ekosistemak eta etorkizuneko elikadura aipatu ditu, besteak beste, Leturiak. Eta badagoela gai nagusi bat beste horiek guztiak lotzen dituena: klima larrialdia. «Norbanakook ezin diogu izkin egin horri, eta Teknopolis-en kasuan azkenaldian ohartzen hasiak ginen ia gai guztietan agertzen zitzaigula. Bada, gure erantzukizuna ere bada klima larrialdiari buruzko informazio zehatza eta zorrotza ematea, eta aditzera ematea zenbateraino eragiten duen aldaketa global horrek».
Urteurrenen urtea
25. denboraldia izango du Teknopolis-ek, eta 50. urteurrena du Elhuyarrek. Urte «berezia» dela nabarmendu du Jon Abril Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak: «Zientziaren zabalkundean, euskara ardatz hartuta, Euskal Herriko zientziaren eta teknologiaren erreferente handienetakoak dira Elhuyar eta Teknopolis bera». Abrilek gogorarazi du hasiera-hasieratik «komunitatea eraikitzea» izan duela Elhuyarrek xede, eta Teknopolis saioak berak ere hori bilatzen duela. «Euskal Herrian egiten den zientziaren erakusleiho aparta izateaz gain, herritarrak hezteko eta ikuspegi kritikoa eraikitzeko egiten dugu lan». Gogorarazi du «sarean lan egitea eta elkarlana bultzatzea» ezinbestekoa izan dela horretarako, eta erakundearen zutabe nagusietako bat dela oraindik ere. «Hau ezin dugu guk bakarrik egin. Komunitate oso baten laguntza beharrezkoa da: babesleak, ikerlariak, dibulgatzaileak, eta, jakina, zientzia edukiak kontsumitzen dituzten herritarrak».
Gorka Garcia ETBko Programa zuzendariak Teknopolis-en izaera «aitzindaria» nabarmendu du, eta esan du saioa zientzia gaietan ikus-entzunezko «leiho nagusia» bihurtu dela. Amaia Eskisabel Jaurlaritzako Ikerketa zuzendariak esan du 25 urte horietan «erreferente» bihurtu dela.
'Teknopolis' saioak 25. denboraldia abiatuko du, «garairik onenean»
Asteburuan hasiko da, eta irudi berria izango du. Klima larrialdia da gai nagusienetako bat aurten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu