«Zein izango da hurrengo pandemia? Neandertalak gizakiak ziren? Obesitatea senda daiteke? Zergatik babestu behar dugu hartza? Nolakoa izango da munduaren bukaera?». Galdera horien eta gehiagoren erantzuna emango du Teknopolis zientzia, teknologia eta berrikuntzari buruzko saioak 27. denboraldian. Gaurtik hasita, astero saio bat plazaratuko dute: larunbatean, 13:30ean emango dute, ETB1en, eta igandean, 12:30ean, ETB2n.
Denboraldi berria atzo aurkeztu zuten, Tknikan, Euskadiko lanbide heziketaren ikerketa aplikatuko zentroan, Errenterian (Gipuzkoa). Bertan izan ziren Garazi Andonegi Beristain Elhuyarreko zientzia unitateko koordinatzailea, Iñigo Araiztegi Arraiz Tknikako nazioartekotzeko saileko zuzendaria eta Unai Iparragirre Torres ETBko zuzendaria.
25 urte daramatzate zientzia gaiak lantzen, baina iragarri zuten oraindik badirela lantzeko gehiago. Gizartean kezka sortzen duten gaiei begira jarraituko dute, Euskal Herriko arlo guztietako adituen laguntzaz. Horiek eskertu zituen, bereziki, Elhuyarreko zientzia unitateko koordinatzaileak: «Ikertzaile, profesional eta teknologoei, eskerrak; informazioa hedatzeko bidean haien jakintza baita kate osoko lehen katebegia». Elhuyarrek ekoizten du Teknopolis.
Aurreratu zuten saioak jarraituko duela herritarrengan pentsamendu kritikoa sustatzen, «ilusioz, mimoz eta zorroztasunez, ikerketaren zorroztasunak ez baitio emoziorik kentzen zientziari».
Iñaki Leturia Yurritak jarraituko du aurkezle lanetan, eta zuzendari postuan, Nagore Rementeria Argotez gain, Alaitz Otxoa de Eribe Agirre ere egongo da. Atzoko agerraldian iragarri zuen Otxoa de Eribek Colombine Nazioarteko Kazetaritza Saria aitortu diela Almeriako prentsa elkarteak (Espainia), Teknopolis-en Adimen artifizialaren generoa atalagatik. Izan ere, ohartarazi du zientzia alorrean badela zer hobetu gizon eta emakumeen arteko berdintasunean ere, eta Teknopolis-en lerro editorialean barru-barruraino txertatuta daudela hori eta klima larrialdia, gai transbertsal gisa.
Saioa babesten duten erakundeak eta babesleak eskertu zituzten. Horietako bat da Tknika. Bertako nazioartekotzeko saileko zuzendari Iñigo Araiztegi Arraizek balioa eman zion lanbide heziketari: «Sistema honen barruan lanbide heziketaren indarra ez da aurkikuntza zientifiko iraultzaileak egitea edo puntako teknologiak garatzea, baizik eta berria den hori ezagutaraztea eta zabaltzea». Eskertu zuen, beraz, Teknopolis-ek horretarako ematen dien laguntza.
Saioak 26 urte daramatza antenan, eta «gutxik irauten dute hainbeste», Unai Iparragirre Torres ETBko zuzendariak ohartarazi zuenez. Uste du arrakastaren giltza direla, batetik, EITBk Elhuyarrekin duen elkarlana, eta, bestetik, ikus-entzuleak. Dena dela, audientzia datuak alde batera utzita, adierazi zuen gizarteari «zerbitzu publikoa» eskaintzen diola saio horrek, eta horregatik jarraitzen duela emisioan.
«Mitoa ala zientzia?»
Etxetresna elektrikoen uhinek ez dutela minbizirik sortzen ziurtatuko dute, adibidez, Mitoa ala zientzia? izeneko atal berrian. Izan ere, tarte horretan aztertuko dute mito eta sineskerien atzean ebidentzia zientifikorik baden.
«Fake news-en eta desinformazioaren garai honetan, kalean eta sarean erraz zabaltzen diren uste okerrak gezurtatzea eta, aldiz, ebidentzia zientifikoa dagoenean informazio hori baieztatzea da atal honen helburua», azaldu dute ohar batean.