Anak 30 urte beteko ditu Urteberri egunean: pisu partekatu batean bizi da, ez du bere lana gustuko eta lagunak maiz aldatzen ditu. Oscarrek, berriz, ordu batzuk lehenago beteko ditu 30ak, Urtezahar egunean: medikua da, lagun nahiko leialak ditu eta bikote harreman nahiko ezegonkorra. Biek 30 urte beteko dituzten egunean, elkar ezagutu, maitemindu eta hamar urte iraungo duen harremana hasiko dute. Kapitulu bakoitzean urte jakin horietako egun bakar bat ikusiko dugu: Gabon zahar gaua eta Urteberri egunerako iragatea. Atal bat eta bestearen artean gertatzen den guztia ez da erakusten, ez dago informazio gehigarririk; ikusle gisa kapitulu bakoitzaren hasieran hasiko dugu bidaia, eta, behatxulo batetik begira egongo bagina bezala, denbora tarte horretan gertatzen denaren testigu izango gara. Hamar paisaia zinematografiko horien puzzlea geuk osatu beharko dugu.
Gidoia biribila da; soila, zehatza, organikoa, samurra, detaile txikiz josia eta oso aberatsa. Oso ondo idatzitako narratibari esker, lehen ataletik azkeneraino harrapatuko zaitu, eta emozioen zurrunbilo batean barneratuko zara. Gainera, istorioarekiko sentitzen dugun atxikimendua ez dator gidoi biraketa harrigarrietatik edota cliffhanger zoroetatik; hemen, epikotasuna intimitatetik jaioko da, gauza txikietatik, bi pertsonaren arteko erlaziotik; elkarrizketak, ekintzak, isiluneak, erabakiak… horiek guztiek ematen diote telesailari emozioa, mamia eta kolorea.
Antidisturbios, As bestas eta El Reino filmen estilo bereizgarriarekin eta ikusgarriarekin alderatuz, hemen Sorogoyen biluziago ageri da; eszenaratzea soilagoa da, naturalistagoa, baina kontakizunak eskatzen duen neurrikoa. Bere egiletza lana ez da irudietatik iristen, baina bai, ordea, zuzendaritza lanetik; bikaina da, akasgabea. Pertsonaiak ez ditu inongo unetan epaitzen, erakutsi besterik ez ditu egiten, eta gainerakoa ikuslearen esku geratuko da. Paula Fabrarekin eta Sara Canorekin batera sortutako telesaila da; horrek, beharbada, zerikusia izan du.
Zer esan Iria del Rio eta Francesco Carril aktoreen lanari buruz. Ezin deskribatuzko erakustaldia eskaintzen dute; sinesgarria, naturala eta oso gertu sentitzen diren horietakoa. Telesailak behar duten denbora guztia eskaintzen die bi pertsonaiei; haien arteko sexu eszena luzea bada, osorik ikusiko dugu; 20 segundoko isilunea badago, isiltasun horretan geratuko gara, eta abar. Une batzuetan, ekintzak denbora errealean gertatzen diren sentsazioa izango dugu. Telesaila, pertsonaien bilakaeraren testigantza ez ezik, urteen joanean gertatzen diren eraldaketa sozial eta emozionalen ispilua ere bada.
Ikusle guztientzako moduko proposamen liluragarria den arren, bereziki 30-40 urte ingurukoentzat oharra: zenbait elkarrizketa, egoera, une eta eszenarekin oso identifikatuak sentituko zarete. Hain egoera naturalak erakusten dira, hain ondo idatzitako gogoetekin, zaila da haiekin identifikatuta ez sentitzea; zure lagunak eta familia ikusi dituzu, baita zeure burua ere.
Proposamena oro har txalogarria da, baina bereziki miresgarria da egungo telesail gehienetan gailentzen den egituratik, tonutik eta erritmotik guztiz at kokatzen delako. Tarteka samurra da, bestetan mingarria eta une oro liluragarria. Badu puntu malenkoniatsu bat; atzera begiratu eta gaztaroaren amaieratik heldutasuneraino doazen urte horietan zer gertatzen den erakusten du, nola iristen garen egun garen pertsonak izatera.
Richard Linklaterren Before denboraren trilogia gustuko baduzu, Normal people edota One Day telesailekin liluratu eta hunkitu bazinen, eta La meglio gioventù italiarra kutuna baduzu, Los años nuevos telesailak zur eta lur utziko zaitu. Berezko distira duen proposamena da; bizitzari, denboraren joan-etorriari eta giza harremanei buruzko ikuspegi zehatza, sakona eta batez ere errealistagatik nabarmentzen da. Bihotza hunkitzeko eta barrenak mugitzeko gai den harribitxia.
'los años nuevos'
Sortzaileak: Rodrigo Sorogoyen, Paula Fabra eta Sara Cano. Aktoreak: Iria del Rio, Francesco Carril, Pablo Gomez, Ana Telent. Herrialdea: Espainia. Urtea: 2024. Non ikusi: Movistar Plus. Atal bakoitzaren iraupena: 40-50 bitarte. Generoa: Drama.