Komunikazioa

Tapiz gorria, xehe-xehe

Donostiako Zinemaldiari buruzko saioa prestatu du BerriaTBk: 'Zurriolako butaka'. Biharko estreinaldian, Asier Altuna eta Joxean Fernanez gonbidatuak arituko dira Kursaaleko platoan.

Saioko aurreneko bi gonbidatuetako bat: Asier Altuna. G. GARAIALDE / ARP.
2013ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldia gertu-gertutik aztertu nahi duenak leku paregabea aurkituko du Zurriolako butaka-n. Nahiz eta ez duen besaulkirik aurkituko, Donostiako tapiz gorririk famatuenaren inguruko ikuspegiez gozatzeko parada izango du. Izan ere, Kursaaletik bertatik ekoitziko du BERRIAk Zurriolako butaka saioa, Donostiako Zinemaldia xehe-xehe jorratuko duena. Hala, Berria.info webguneko nabigatzaileek leku paregabe batetik emandako programa ikusi ahal izango dute zuzenean.

Goizero izango da hitzordua, hamaiketan hasita, eta Donostiako 61. Bihar hasi eta irailaren 29ra arte grabatuko da saioa —hilaren 22an ez da emanaldirik izango—. Dena den, emanaldi horiek BerriaTB kanalean ere egongo dira ikusgai, bestelako bideoez gain; Zinemaldiko giroaren esentzia osoa harrapatze aldera, Zurriolako butaka-k hainbat erreportaje grabatuko ditu, eta Donostia Saria jasoko duten artistensoslaiak ere landuko ditu bideoz.Hamaika Telebistak ere egunero emitituko du saioa, birritan: 20:00an bata, eta 22:30ean bestea.

Gorka Erostarbe BERRIAko kazetariak aurkeztuko du saioa, eta Lara Madinabeitia arduratuko da baliabide teknikoez. Erostarbe bera eta Urtzi Urkizu izango dira saioaren gidoilariak. Zurriolako butaka-k Euskal Herriko ekoizpenak izango ditu batez ere ardatz. Aktore, zuzendari, zinemagile eta ekoizle euskaldunak igaroko dira, beraz, Donostiako Kursalean kokatuta egongo den platotik. Bihar zuzenean emango duten estreineko saioan, adibidez, aurreneko bi gonbidatuak elkarrizketatuko dituzte: batetik, Asier Altuna —Irizar Saria erabakiko duen epaimahaiko presidentea izateaz gain, Zela Trovke (antzinako abesti eslovakiarra ) film laburra ere aurkeztuko du bihar Zinemaldian—, eta, bestetik, Joxean Fernandez, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko zuzendaritza batzordeko kidea.

Arreta berezia jarriko zaio, modu berean, Mireia Gabilondoren Amaren eskuak filmari, Zinemira saileko euskarazko fikziozko lan bakarra izango baita. Dena den, saila osatuko duten gainontzeko dokumentalek euren tartea izango dute Zurriolako butaka-n.

Gastronomia ardatz duen Culinary Zinema sailak ere emango du zeresana, aurkeztutako 11 filmen artean daudelako Euskadi, cocina en la cumbre, Sormenaren bide ezkutuak eta A la bizkaina. Ziklorik ere ez da faltako saioan, eta programak begiz jota izango du Nagisa Oshima zinemagile japoniarrari eskainitako atzera begirakoa, 27 filmez osatua.

Begiradarik zorrotzena

Saioaren bigarren zatian, zinema kritikarien txanda iritsiko da. BERRIAko hiru kritikari eseriko dira adituen mahaian: Angel Aldarondok Zinemaldiaren sail ofizialean aurkeztuko diren filmeak aztertuko ditu papereko zutabean; Beñat Eizagirre, Zabaltegi sailaz arduratuko da, non urteko zinema proposamenik erakargarrienetako batzuk aurkezten diren; eta Koldo Almandoz kultur kazetaria.

Ez dute, baina, horiek bakarrik parte hartuko solasaldian; hiru horiekin batera jardungo dute zinemaz eta estreinatuko diren filmez euskarazko beste komunikabide batzuetako hainbat kazetarik. Lagunarteko hizketaldiez gain, kritikarien arteko buruz buruko eztabaidek ere izango dute tarterik saioaren zati horretan.

Horrez gain, zuzeneko iritziak eta iruzkinak irakurri ahal izango dira Berriketan.info atarian. Gainera, saioak iraun bitartean, irailaren 20tik 29ra, BERRIAlagun egiten direnek Karmele Jaioren Amaren eskuak liburua jasoko dute opari. www.berria.info/berrialaguna webgunean sartuta, [email protected] helbide elektronikoa erabilita edo 943-30 45 45 telefono zenbakira deituta egin daiteke BERRIAlagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.