Internet bidezko telebista bat sortu dute Euskadi-Kuba, Bakea eta Duintasuna eta Mugarik Gabe elkarteek, «kontzientzia kritikoa» sortzeko eta Euskal Herrian komunikazioaren «demokratizazioa» indartzeko helburuarekin. Tantaka TVk hilaren 15ean hasiko ditu emisioak, eta, egun berean, jendaurreko aurkezpen bat egingo dute Bilboko Bilborock aretoan.
Eneko Calle Tantaka TVko kideak azaldu duenez, 2016an egin zituzten proiektua martxan jartzeko aurreneko bilerak. «Euskadi-Kuba elkartasun elkarteak hamar urte zeramatzan Cubainformación proiektuarekin, eta bertako kideek beste komunikazio tresna bat sortzea zuten buruan. Bakea eta Duintasuna eta Mugarik Gabe elkarteengana joan ziren, eta hiruron artean aritu gara proiektua garatzen». Callek nabarmendu du beste talde eta kolektibo batzuen laguntza ere izan dutela.
Tantaka TV datorren astean abiatuko da, zazpi saiorekin; abenduan beste lau programa gehituko dituzte. «Asmoa da urtarrilerako programazioan hamasei saio propio izatea», iragarri du Callek. Horietako batzuk euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, eta beste zenbait, euskara hutsean. «Edukien %50 euskaraz izatea da erronka», esan du telebistako bozeramaileak. «Badugu edukiak beste hizkuntza batzuetan ekoizteko ideia, baina hori pixkanaka eginez joango gara». Sare sozialetan, egunero saio berri bat jarriko dute. «Sare sozialak izango dira gure edukiak ikusteko modurik errazena» —Twitterreko kontua @tantakatv da—.
Bidelagunak izeneko saioan, Tantakaren printzipioekin bat egiten duten kolektiboen eta herritarren ekoizpenak jarriko dituzte. «La Klaketa izeneko saioan, berriz, dokumental bat ikusi ahalko da, eta mahai inguru bat egongo da lanaren protagonistekin eta gaiaren adituekin».
Formatuak askotarikoak izango dituzte programazioan: tertulia sozialak, bideo zutabeak, erreportajeak, elkarrizketak, komunikabideetako zentsuraren analisiak... «Umorea eta kultura ere jorratuko ditugu».
Telebistaren funtsezko printzipioak internazionalismoa, feminismoa, aniztasuna eta bizitzaren iraunkortasuna izango direla nabarmendu dute elkarte sustatzaileek. Etorkizunean erreferentziazko hedabide bihurtzea da haien asmoa. «Jendeak Tantaka TV aukeratzea gustatuko litzaiguke, gaietan sakontzeko, inoiz imajinatu ez dituen gauzak pentsarazteko, informazioa kontrastatzeko eta umorearekin aurreiritziak apurtu eta jendarte solidarioak eratzeko».
Erronkak alor askotan dituztela ohartarazi du Callek: «Komunikabide feminista eta internazionalista bat izateak zer esan nahi duen zehaztu eta gauzatu nahi dugu; eta, bestalde, oreka lortu nahi dugu komunikabide bat izatearen eta herri mugimenduaren nahiaren artean. Beldur gara ez ote garen denbora asko erabiltzen ari saioak ekoizteko, kalean gertatzen dena alde batera utziz. Tentsio hori presente izan behar dugu beti».
Hamar laguneko lantalde bat ari da Tantaka TV proiektua martxan jartzen. Baina beste kolektibo batzuen laguntza ere badute. Etorkizun hurbilean, EHUko eta Tartanga lanbide heziketako zentroko (Erandio, Bizkaia) ikasleak praktiketan parte hartzea espero dute. Era berean, Callek uste du Euskal Herrian komunikazio kritiko eta alternatiboaren arloan «sekulako» lana egina dagoela. «Herri komunikabide batzuk Tantakaren batzorde politikoaren parte dira, baita herri mugimenduetako hainbat militante ere. Tantaka komunitatea handituz doa, gutxinaka».
Azkeneko hilabeteetan, formakuntza saioak egin dituzte komunikazio feministan, aniztasunean eta kulturartekotasunean, baita bideoen edizio eta grabazioan ere. Calleren arabera, telebistak ibilbidea hasi eta denbora gutxira, beste kolektibo askoren parte hartzeari ateak irekiko dizkiote. «Herri kolektiboek eta elkarteek behar izanez gero, formakuntza ere jaso ahal izango dute».
Tantaka TVk hilaren 15ean hasiko ditu emankizunak
Euskadi-Kuba, Mugarik Gabe eta Bakea eta Duintasuna elkarteek sortu dute. Edukien erdiak euskaraz izango direla iragarri dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu