'Tantaka'-ren bigarren denboraldia Kanalduden

Gaur, bihar, etzi eta etzidamu emango dituzte azkeneko lau atalak (21:00). Fikziozko websailak ez du segidarik izango

Tantaka websaileko pertsonaiak, fotomatoian. KANALDUDE.
urtzi urkizu
2020ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Hiru gazte Anestesia taldearen kontzertu batera joateko irrikaz daude. 1999ko udazkena da, eta bidean, Jenofak istripu bat izango du. Koman sartuko da. Tantaka websailaren lehen denboraldian, hori zen istorioaren abiapuntua. Bigarren denboraldian, duela hogei urte izandako istripuaren nondik norakoak ulertzen saiatuko da Jenofa. Kanaldudek otsailean estreinatu zituen websaileko aurreneko bost atalak. Gaur, bihar, etzi eta etzidamu, bigarren denboraldia estreinatuko du Nafarroa Behereko telebistak —atal bakoitza 21:00etan emango dute, eta nahieran ikusi ahalko dira gero—.

Idoia Rodriguez Mondragon eta Joana Parot dira websailaren sortzaileak. Kanalduderekin elkarlanean eraman dute aurrera fikziozko proiektua. «Kanaldudek bere laguntza tekniko guztia ekarri zigun filmaketa garaian; beraz, guretzat luxu handia zen profesionalek gu laguntzea», azaldu du Rodriguezek —Jenofa protagonistarena ere egiten du—. Aitortu du ez dela erraza izan bederatzi atal grabatzea. «Lan zama oso handia zen eta momentu oso biziak izan ziren, nekagarriak. Baina beste lankideen energiak asko lagundu gaitu».

Aurreneko denboraldia otsailean ondo joan zela iruditzen zaio websailaren gidoilari eta aktoreari. «Jendeak ikusten du gure lana amateurra dela, ez dela batere perfektua, baina gure motibazioa, gogoa eta inplikazioa azpimarratua izan da».

Fikzioaren bigarren denboraldia aurrenekoaren jarraipen zuzena dela iragarri du Rodriguezek. «Berritasun nagusiak aktoreak dira: hiru aktore berri gehituko dira. Era berean, generiko bat sortu dugu 1990eko hamarkadako telesailei begi kliska bat egiteko. Baina websailaren doinua eta formatua berdinak dira». Misterioa amaiera arte mantenduko dute, edonola ere.

Gidoilariek nabarmendu duteTxintxua Films ekoiztetxeko Laurent Duffrechek lan berezia egin duela edizioan. «Hark eman dio gure lanari egiazko koherentzia».

Tantaka-ren istorioa ostiraleko azken atalarekin bukatuko da. Egileek azaldu dute ez dutela segidarik emateko asmorik. Bederatzigarren atalak bukaera zehatza ematen dio Tantaka-ri. Baina sortzaileek ez dizkiote ateak itxi nahi proiektu berriren bati.

Euskarazko websailen artean «aniztasun handia» dagoela iruditzen zaio Rodriguezi. «Baina oraindik askatasun espazio bat da, eta sorkuntzarentzat ez du gauza handirik suposatzen, motibazioa eragiteaz aparte». Euskal kultura eta euskara zabaltzeko aukera ona ematen dutela ere aipatu du sortzaileak. «Bakoitzak bere irudimena lantzeko eta lanak proposatzeko espazio bat atzematen ahal du».

Tantaka da Kanalduderen lehen websaila, baina ez da azkenekoa izanen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.