Twitch plataforman aritu da hainbat urtez streamer gisa Ainhoa Azkue (Errenteria, Gipuzkoa, 1996), Nebukai ezizenarekin. Komunikazio mundutik aparte, askotariko lanak egin ditu.
Nola iritsi zaizu Gaztezulo-ko Gosex bideopodcasta aurkezteko aukera?
Udan dei bat jaso nuen, eta saioa aurkezteko proposamena egin zidaten. Ez nuen pentsatu ere egin, eta baiezkoa eman nuen. Sexuaren gaia oso presente izan dut azkeneko urteetan: bideojokoen inguruan edukia sortzen nuenean ere, streaming-etan jorratzen nituen sexuarekin lotutako gaiak. Bestetik, oso identifikatuta sentitzen naiz Gaztezulo-ren izaerarekin.
Aldizkariak hutsune bat bete dezake?
Gaztezulo-n bere garaian hasi ziren sexuaren gaia lantzen, eta egin izan dituzte kontsultak, atalak eta dena delakoak. Baina ideia hau etorri zaie, batetik, Gaztezulo-k gauza gehiago egin nahi dituelako, eta, bestetik, gai horien inguruan ez dagoelako nahikoa informazio. Beharrezkoa da halako podcast bat. Bide polita egingo dugula espero dut, hutsune batzuk betetzen saiatzeko.
Gazte askorengana iritsiko zaretela espero duzu?
Hala espero dugu. Honek agian lagunduko dio ikus-entzuleari bere buruarekin elkarrizketak edukitzen. Tamalez, sexua tabua da oraindik, eta, saioari esker, nork bere buruarekin izaten dituen elkarrizketak gero lagunartera edo familiara eraman ditzake, agian. Gure kezkak, beldurrak, segurtasunik eza eta abar azaleratzeko modua izan daiteke.
Aurrerapen bideoekin hasi zarete. Marketin pixka bat badago hor lehen atala osorik estreinatu arte.
[Barreak] Gaur egun, pilulak askatzea garrantzitsua da jendeak ikus dezan zer egongo den gero. Zerbait estreinatzen baduzu eta ez badago inor atzean, zaila da indarra hartzea eta jendearengana iristea. Garrantzitsua da podcasta denon ahotan eta belarrietan egotea.
Hiruki Larroxa kooperatibako Ibai Fresnedo aditu gisa izango duzue lehen bi ataletan. Zer moduz harekin?
Fresnedorekin oso gustura; benetako aditua da. Pozik aritu gara harekin, esperientzia handia du, eta oso gertukoa egiten da halako gaiak harekin lantzea.
Lehen atalean pornoaz arituko zarete. Nola landuko duzue?
Lehenbizi, galdera batzuk proposatuko ditugu: zenbatean behin kontsumitzen dugu? Nola? Zer gertatzen da pornoarekin? Gero, tripetara joango gara: sakondu egingo dugu.
Zu zer moduz sentitzen ari zara bideopodcastaren aurkezle lanetan?
Oso gustura. Banituen nire beldurrak, gai konplikatuak jorratuko ditugu eta. Gai delikatuak dira, eta ez dut inor gaizki sentiarazi nahi. Ez dut nahi gauzak gaizki uler daitezen. Oso gustura nago Gaztezulo-ko lantaldearekin eta orain arteko gonbidatuekin, eta irrikaz nago jakiteko ea nolako harrera duen.
«Aurreiritzi pila bat ditugu buruan, beldur asko, eta ez gara haiei buruz aritzen. Ematen du guri bakarrik gertatzen zaizkigula min batzuk»
Podcastaren izenburuak desioa irudikatzen duela esan daiteke?
Izenbururako ideia asko izan genituen esku artean, baina Gosex-ek gosea eta sexua uztartzen ditu, eta izena mundiala da. Aldizkariko taldeko batek asmatu zuen.
Gaztezulo-k jarraituko al du sexuarekin lotutako gaiak jorratzen bideopodcastetik kanpo?
Euskal gazteontzat, Gaztezulo beti izan da erreferente, eta orain, Gosex-ekin, indarra irabaziko du arlo horretan. Jarraituko dute gaiaren inguruko edukiak lantzen, noski. Nik kontu dezente irakurtzen ditut sexuaren bueltan izaten ditugun minen inguruan, baina iruditzen zait askotan ez dugula ingurukoekin hitz egiten sexuaren bueltako minei buruz, eta Internetera jotzen dugula. Espero dut gazteek Gaztezulo-rekin kezka asko ase ahal izatea.
Beste hizkuntza batzuetan askoz ere eduki gehiago daude.
Bai, hala da. Beste hizkuntza askotan aurki daitezke edukiak, baina sexuaren gaineko bideopodcast asko ere ez daude. Badaude aditu batzuk beste hizkuntza batzuetan beren egitasmoak dituztenak. Euskaraz, ordea, kili-kolo gaude gai horretan.
Duela urte batzuk esaten zen tabu gutxiago zeudela sexuaren inguruan. Aurrerapauso asko falta dira emateko gizartean?
Sexua tabua da oraindik. Nik neuk bizi izan ditut egoera batzuk non beldurrik ez izatea gustatuko zitzaidakeen. Eta inguru seguru bat izatea eskertuko nukeen halakoetan, gauzak kontatzeko. Harremanak lantzeko garaian ere ibilbide luzea dugu egiteko. Aurreiritzi pila bat ditugu buruan, beldur asko, eta ez gara haiei buruz aritzen. Are, batzuetan ematen du guk bakarrik ditugula min batzuk, baina inguruan jende asko dago min horiek edo beste batzuk dituena.