Komunikazioa

Tabakalerak eta EITBk hiru proiektu aukeratu dituzte Audiogile Berriak deialdiko lehen faserako

Xabier Paya, Iñaki Cid, eta Garazi Urkola eta Hodei Arrastoa sortzaileak hautatu dituzte deialdiaren lehen aldian. Euskarazko hiru soinu-fikzio proiektuek 2.000 euroko laguntza jasoko dute, eta horietatik bat aukeratuko dute EITBk ekoitz dezan.

Garazi Urkola, Iñaki Cid Larrea, Xabier Paya Ruiz
Garazi Urkola, Iñaki Cid Larrea eta Xabier Paya Ruiz. EITB
pettan uralde
2024ko martxoaren 5a
05:00
Entzun

Donostiako Tabakalerako ikus-entzunezko laborategiak Audiogile Berriak deialdian hautatutako egileak hartuko ditu: Autopsiak, Xabier Paya Ruizena; Enkantea, Garazi Urkola eta Hodei Arrastoarena; eta Errautsak, Iñaki Cid Larrearena. Audiogile Berriak Tabakalerak eta EITBk bultzatutako egitasmo bat da, eta haren helburua da euskarazko soinu fikzioa bultzatzea, hautatutako proiektuen kalitatea eta bideragarritasuna azpimarratuz. Horretarako, prestakuntza, denbora, espazioa, laguntza profesionala eta finantza laguntza eskainiko dizkie aukeratutako sortzaileei, gidoiaren garapena landu dezaten.

Programaren lehen fasea Tabakalerako ikus-entzunezko laborategian egingo dute, maiatzera bitartean. Lehen aldiz, Audiogile Berriak deialdiarekin soinu-fikzio proiektuak sustatuko dituzte, eta programan parte hartuko duten hiru proiektuetatik bat ekoitziko dute, EITBri esker.

Deialdian hautatutako hiru proiektuek 2.000 euroko laguntza jasoko dute, gidoiaren garapenean lan egin ahal izateko, eta banakako aholkularitza izango dute, proiektu bakoitzaren esparrura egokitua, Harkaitz Cano idazle eta gidoilariaren eskutik. Prestakuntzarako eta gidoia garatzeko trebakuntza saio bereziak ere izango dituzte. Besteak beste, Jose Antonio Perez Ledorekin La Firma de Dios soinu fikzio ospetsuaren gidoia landuko dute, eta podcasterako prestakuntza teknikoa, berriz, EITBren eta Ulumediaren (Holobiontea, Artxipelagoa, Barrutik) eskutik landuko dute.

Hiru sortzaileak joan den astean aritu ziren Tabakaleran euren proiektuak aurkezten. Xabier Paya Ruiz kultur kudeatzaile, itzultzaile, bertsolari eta idazleak Autopsiak izeneko «komedia beltza duen soinu fikzioa» aurkeztu zuen. Euskal Herriko gorputegi bateko auzitegi medikuaren grabagailuko bost grabazio dira. Bost gorpuak ez dira edozein, eta ez dira edonola hil. Auzitegi medikuak eta gorputegiko laguntzaileak kanpotik eta barrutik behatu beharko dituzte hildakoen gorpuak, baita haiekin agertutako jabetzak ere, heriotza bakoitzaren zergatiaren aztarnen bila.

Garazi Urkola eta Hodei Arrastoa aktore eta sortzaileek batera aurkeztu zuten Enkantea soinu fikzioa, eta Urkolak ezagutarazi zituen istorioaren nondik norakoak Tabakaleran. Galarreta andereak hainbat pertsona prestigiotsu gonbidatuko ditu bere jauregian egingo duen enkantera, eta bertan senarrak hil aurretik sortu zuen bitxirik preziatuena jarriko da eskuragai: diamante urdinaren lepokoa. Ospakizuna hasi aurretik, ordea, jauregiko argiak itzali egingo dira bat-batean, eta kristal bat hausten entzungo da. Argitasuna itzultzean, bitxia desagertu egin dela ikusiko dute gonbidatu guztiek. Nor da lapurra? Otxoa ikertzailea kasua argitzen saiatuko da, zeina gonbidatuen artean dagoen.

Azkenik, Iñaki Cidek —antzerkigintzan murgilduta dago, eta Euskadi Irratian ere aritzen da— Errautsak soinu fikzioa aurkeztu zuen, «bakarrik bizi diren emakume batzuen istorio ederra»: Koro, Isa, Nuntxi eta Maite lagunak dira txiki-txikitatik. Gaur egun, gutxiago ikusten dute elkar, baina elkarrekin duten Whatsapp taldeak lau lagunak inoiz baino batuago dauzka. Egunero bidaltzen dizkiete mezuak elkarri, eta audioak bidaltzen ikasi dutenetik elkarrekin egongo balira bezala sentitzen dira; izan ere, lau lagunak bakarrik bizi dira, eta talde hori bakardadearen aurkako sendagai bilakatu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.