Komunikazioa

Surio: «Canal4 ixteak lizentziak aldatu eta ETB ikustea ekar dezake»

EITBko zuzendari nagusiak Nafarroan ETB hartzeko afera lehenbailehen konpontzea nahi du

Alberto Surio, atzo Eusko Legebiltzarrean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Navarra Directo saioaren aurrekontu murrizketaren gainean EAJk egindako galderari erantzuteko agerraldia egin zuen atzo Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak Eusko Legebiltzarrean. Saioaren murrizketak Nafarroan LTD bidez jasotzeko aferarekin ez duela harremanik aipatu zuen. Baina eztabaidan, azkenean,LTDaren gaia mahai gainean jarri zen. Eta Suriok honako hau iragarri zuen: «Canal4 Navarra katea ixtearen ondorioz, LTDko lizentzien berreskuratze prozesu bat egon daiteke. Eta horrek ETB Nafarroan LTD bidez hartzea ekar dezake». Kontuan hartu behar da ekainaren 30etik aurrera seinale analogikoaren bitartez ere ezingo direla ikusi ETB1 eta ETB2 Nafarroan. «Guk konponbide bat aurkitu nahi dugu lehenbailehen. Eta nahi genuke konponbidea elkarrizketa eta diskrezioarekin izatea. ETB1 eta ETB2 Nafarroan normal ikustea nahi dugu», gaineratu zuen Suriok.

Iruñerrian ETB LTD bidez hartzeko, EAko militante batzuek ordaindutako hedagailu bat jarri zuten Erreniegan. Horren ostean, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak zigor espediente bat zabaldu du hedagailua jarri zutenen aurka.

Bestetik, Navarra Directo saioaren aurrekontu murrizketaren inguruan Suriok esan zuen programak «zerbitzu publikoko kalitatea mantendu» duela, eta orain ordutegi hobean ematen dela. «Zerbitzu publiko bat eman behar dugu, eta produkzio gastuak gutxitu. Gakoa oreka aurkitzean datza». Navarra Directo-ko saio bakoitza egiteak egun 1.908 euroko kostua du.

EAJko legebiltzarkide Luke Uribe-Etxeberriaren arabera, «errazera» jotzen du ETBk. «Neurri handi batean axolagabetasuna dagoelako Ipar Euskal Herri eta Nafarroarekiko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.