Sukalde irekia, aho guztientzat

Atresmedia taldeko Nova katea 'Cocina abierta' sukaldaritza saioa ematen hasi da aste honetan. Aian grabatzen du Bainetek, estilo ezberdinetako zazpi sukaldarirekin.

Amaia Urdangarinek familia osoarentzako errezeta errazak eramango ditu saiora, astean hirutan. BAINET.
urtzi urkizu
2017ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Gustu guztietarako errezetak prestatzeko asmoz, Bainet ekoizpen etxeak Cocina abierta saioa jarri du martxan. Aian (Gipuzkoa) grabatzen dute, eta astegunetan ematen du LTDko Nova kateak, 14:00etatik 14:25era. Jon San Jose programako zuzendariak azaldu du izenburuak esaten duen bezala sukaldaritza «ireki» egin nahi dutela: «Estilo desberdinetako errezetak eraman nahi ditugu telebistara. Sukaldari talde bat lortu dugu horretarako, estilo desberdinak plazaratuko dituena».

Zazpi sukaldari ari dira programan, bakoitza bere estiloarekin eta ezaugarri propioekin. Atal bakoitzean hiru azaltzen dira. «Amaia Urdangarin sukaldariak familia osoarentzako errezetak prestatzen ditu, Zuhaitz Izarrak makrobiotika eramaten du saiora, Joseba Argiñanok [Karlos Argiñanoren semea da] postre tradizionalak egiten ditu, Kevin Patriciok Asia fusion atala aurkezten du, Enrique Fleischmannek Mexikoko errezetak egiten ditu, Josetxo Calvok kirolarientzako platerak prestatzen ditu, eta Guty M. Carvajalek superelikagaiei buruz hitz egingo du saioan». Azkeneko tarte horri dagokionez, San Josek argitu du badaudela elikagai batzuk beganoek eta begetarianoek dezente erabiltzen dituztenak, eta «kaleko jendeari» gerturatu nahi diete horien inguruko informazioa. «Tartean dira aloe vera, espirulina, txia haziak, algak eta horrelakoak. Osagai oso onak dituzte». Elikagai horiek dituzten errezetak eramango ditu Nova katera Carvajal sukaldariak. «Iruditzen zaigu interesgarria dela herritar guztiek elikagai horiek ezagutzea», gaineratu du San Josek.

Atal bakoitzean sukaldari hirukote bat azalduko da. Ostiraletan, esate baterako, kirolarientzat prestatutako errezetaren eguna da, familia osoarentzako errezeta bat dago, eta postre berezi baten aurkezpena ere egiten dute. «Joseba Argiñanoz gain, beste sukaldariak ere azalduko dira postre bereziak aurkezten».

Makrobiotika, astean bitan

Aipatu bezala, makrobiotikak bere tartea izango du programan. Zuhaitz Izarra (Gasteiz, 1984) astearteetan eta ostegunetan azalduko da. Sukaldariak iragarri du hasieran etxean edo supermerkatuetan aurki daitezkeen osagaiekin errezeta errazak egiten saiatuko dela. «Programak aurrera egin ahala, zailtasunak handituko ditugu. Erakutsi nahi dudana da badagoela beste modu bat elikatzeko eta jateko». Izarrak azaldu duenez, elikagai bakoitzak bere energia dauka, eta gizakiarengan efektu bat dauka. Telebistan makrobiotika gutxi aipatu ohi da, baina sukaldariak uste du joerak gorantz egingo duela: «Orain arte, makrobiotikara iritsi diren gehienak gaitz baten ostean iritsi dira, edo sendatze bideak topatzeko. Dena den, funtsean makrobiotika gure birraitonek eta birramonek egiten zuten elikadura da, urtaroen elikagaien araberakoa».

Amaia Urdangarin sukaldariak (Gasteiz, 1981), bestalde, familia osoarentzako errezeta errazak prestatuko ditu astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan. «Haurrei garrantzi berezia emango diegu nire tartean», azaldu du Urdangarinek. «Umeek helduok jaten duguna jaten dute, eta nire asmoa da etxeko denok gauza bera jatea. Horregatik saiatzen naiz errezetak ez daitezen izan oso konplikatuak». Sukaldariak garrantzi handia ematen dio haurrek platerean zer ikusten duten: «Janaria erakargarria izatea komeni da, ikustea elikagaiak zer diren. Kamuflatzen badira, ez dira hainbeste ausartzen jatera. Kantitatea ere funtsezkoa da platerean. Ikusten dutenean platera oso beteta dagoela, atzera egiten die. Neurri egokia behar dute». Sukaldariak nabarmendu du errezetetan barazkiak sartuko dituela oso maiz. «Errezeta garbiak eta osasuntsuak egiten saiatzen ari naiz, eta ez dezatela koipe eta irin asko izan. Dena den, ez dut soilik haurrengan pentsatzen, denok behar baitugu elikadura osasuntsua».Iragarri du sukaldaritza sinplearen alde egingo duela.

Programako zuzendariak azaldu duenez, Atresmedia taldearekin irailaren 8ra arte dute kontratua. Horrenbestez, ia uda osoan ere ikusi ahalko da programa. «Datozen asteetan, bideo laburrak ere emango ditugu entsaladak, zopak eta pintxo bereziak modu errazean nola prestatu erakutsiz. Sukaldean gauza berriak egitera animatu nahi dugu jendea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.