Pili Manterola. 'Txoriene' saioko aurkezlea

«Sukaldari asko daude telebistan; ukitu desberdina eman behar diot»

EITB.
Adrian Garcia.
Getaria
2013ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Irratitik telebistarako jauzia egin du Pili Manterolak (Getaria, Gipuzkoa, 1968); Xuban Intxaustiren lekukoa hartu, eta ETB1eko arratsaldeetan Txoriene saioa aurkezten du sukaldariak. Jakitun da esku artean erronka handia duela, baina ohartarazi du aski trebatua dagoela. «Asteartero Igor Zalakainekin lehiatzen naiz Euskadi Irratian».

Aitona-amonek irekitako Iribar jatetxea gidatzen duzu Getarian. Txikitatik bideratu zintuzten sukaldaritzara?

Enpresa bat sortu eta etxeko batek jarraitzean, lasaitasun handia hartzen dute etxekoek. Ikasle ona ez nintzen, egia esan, eta ohituta nengoen jatetxean laguntzen eta lana egiten. Horrela bideratu nintzen, eta Luis Irizarren bidez Madrilgo sukaldaritza eskolan sartzea lortu nuen.

Sukaldean aritzea ez ezik, sukaldeko kontu horiek transmititzea gustuko duzu.

Euskadi Irratian Igor Zalakainen eta bion arteko lehia irudikatzen dugu Sukaldari dema-n. Pasioa bainoago, irabazteko grina erakusten dugu. Ilusio horrekin, dakizuna eta beste pixka bat gehiago transmititzen duzu.

Irratitik telebistarako jauzia handia al da?

Bai. Egun batean bost egunerako saioak grabatzen ditugu, eta odol guztia xurgatzen didan sentipena dut. Gustura sentitzen naiz lantaldearekin, eta kasu honetan beste sukaldari batzuen laguntzailea izango naiz. Aste honetan Xabier Osa Debako [Gipuzkoa] Urgain jatetxekoa dugu. Aspaldi ezagutzen dugu elkar, garai batean gure etxean lan egindakoa baita.

Azken boladan sukaldaritza bete-betean sartu da telebistan. Zer desberdintasun du Txoriene-k beste saioekiko?

Saio hau egingo nuela jakin aurretik ere esaten nion neure buruari: zenbat sukaldari daude telebistan! Asko ikusten dugun euskarri bat nola desberdindu eta grazia eman? Dena asmatuta dago, gainera. Egin ditut hautatze probak, eta gustatu zaie nire adierazkortasuna eta naturaltasuna. Ukitu desberdina eman behar diot jendea saioari lotzeko eta audientzia lortzeko.

Zein egiturari jarraituko dio saioak?

Sukaldari bat izango dugu gonbidatu aste guztian. Datorren astean, Antxon Amibilia Larresoroko [Lapurdi] Aldaburua jatetxekoa izango da gurekin. Egun bakoitzean bi plater egingo ditugu; bat erraza, bestea konplikatuagoa. Gauza batzuk kendu dituzte saiotik: ez ditugu emango sukaldarien jatetxeetako bideoak. Lehen, ikus-entzuleek, etxekoek, ekoizleek eta bezero ezagunek deitzen zuten hitz egiteko, eta hori ere ez da egongo.

Aurreko denboraldian Xuban Intxausti zen aurkezlea. Zurea profil desberdina da, adituagoa.

Sukalde mundu horri arreta gehiago eman nahi izan diote; zer jango den eta prestaketak nola egiten diren.

Saioaren helburuak bere horretan jarraitzen al du, euskal sukaldariei leiho bat irekitzea, alegia?

Bai. Goi mailako sukaldari asko daude Euskal Herrian, eta txiki-txikitatik ezagutu ditugu: Arzak, Subijana, Berasategi... Saiora datozenak euren etxea aurrera daramate; batzuek gurasoen jatetxearekin jarraitzen dute, eta beste batzuk euren ilusioarekin hasi dira hutsetik. Ezagunak dira euren inguruan, baina ez dira beti prentsan ateratzen diren horiek.

Zein jaki prestatuko dituzue?

Inguruko jatetxeetako sukaldariak dira gonbidatuak; lapurtarrak, bizkaitar bat edo beste egongo da, nafarrak, gipuzkoarrak... Bakoitzak bere inguruko platerik ezagunenak egingo ditu, tokiko produktuekin. Adibidez, lapurtarrak foiea eta ahatea nabarmen erabiliko ditu; Debakoak, berriz, txipiroiak. Joko handia ematen du hain lurralde txikian horrenbesteko aukera eta desberdintasuna egoteak.

Saioak ikusten al dituzu gero etxean?

Irratian nire ahotsa entzutea gogorra egiten zait. Ez dut onartzen hori nire ahotsa denik. Orain, telebistan, ahotsa entzun ez ezik, nire aurpegia ere ikusiko dut. Ez dakit ikusiko ditudan.

Iruditzen al zaizu sukaldaritzan emakumeak ez direla behar adina nabarmentzen?

Nik nire esperientzia kontatuko dut: ate asko ireki zaizkit emakumea eta euskalduna izateagatik. Adibidez, Deban eta Elgoibarren epaimahaikide joaten naiz emakumeen presentzia eskatu zutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.