Suitzako 'Arthur' eta Poloniako 'Project: 2030' garaile Serieslanden

'Daniel|a|'-k irabazi du euskal websailik onenaren saria, eta Gabriel Ocina aktorea ere saritu dute

Arthur websaila. Fikzio horren sortzaileek eraman dute Seriesland jaialdiko sari nagusia. BERRIA.
urtzi urkizu
2022ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Nick Rusconi, Chloe de Souza eta Alberto Meroni Suitzako sortzaileek eraman dute Seriesland nazioarteko jaialdiko showrunner onenaren Epaimahaiaren Sari Handia, Arthur websailaren bigarren denboraldian zuzendaritzan, ekoizpenean eta gidoigintzan egindako lanagatik. Hori da Bilboko jaialdiak ematen duen saririk garrantzitsuena. Thriller generoa komediarekin eta dramarekin uztartzen ditu lanak, eta saileko hiltzaile baten gorabeherak kontatzen ditu.

Atzo iluntzean eman zituzten sariak, Guggenheim museoan egindako ekitaldi batean. Epaimahaiak Poloniako Project: 2030 dramari eman dio websailik onenaren saria. Wojtek Jezowskik zuzendu du lana. 2020ko hamarkadaren amaieran aurrerapen teknologikoek gizartean zer eragin izango duten aurreikusten du. Iradokitzen du zailtasunak egongo direla gertaerak itxuratik bereizteko, errealitate birtuala garatzeak eta areagotzeak egoera bereziak sorraraziko dituela, metabertsoak eta metagizakiak tarteko. Ingelesez egina da.

Gina Wenzel Alemaniako sortzaileak, berriz, zuzendaritzarik onenaren saria jaso du, Four Tracks websailan egindako lanari esker. Rap abeslari baten erretratua egiten du fikzio horrek.

Euskal Herriko websailik onenaren saria Daniel|a| euskarazko lanak irabazi du —Gaztearen Youtubeko kanalean ikus daiteke osorik—. Sariarekin batera, AEBetako Los Angelesko eta Miamiko websailen jaialdietan erakusteko hautatu dute, baita Alemaniako Die Serieale jaialdian ere. Websail horretako Gabriel Ocina aktoreak (Barakaldo, Bizkaia, 1969) Sail Ofizialeko bigarren mailako aktorerik onenaren saria eraman du.

Beste aktore hauek ere saritu ditu epaimahaiak: Ettore Nicoletti (Arthur websaila), Ulrikke Falch (Ligga) eta Carolin Malwald (Four Tracks).

Project: 2030 Poloniako websailak zinematografiarik onenaren saria ere lortu du. Gidoirik onenaren saria, berriz, Pops lanari eman diote.

Ohorezko Saria, Xaxenoki

Sail Ofizialekoak dira sari nagusiak, baina Amets kategorian ere makina bat sari banatzen dituzte, ekoizpen independenteei aitortza egiteko. Amets kategoriako sortzailerik onenaren saria Corinne Le Hongi alemaniarrari eman diote, Word of Sox websailagatik. Top Amets saria, berriz, Woodkavariationes lanarentzat izan da.

Euskal Herriko ekoizpenei dagokienez, Daniel|a|-k lortutako sariez gain, Casa de Ma Asia Web Awards jaialdiko Sail Ofizialerako hautatu dute: Nacederos websaila Seulgo eta Zeelanda Berriko jaialdietara joango da; eta TBA websaila Riokora eta Siziliakora.

Giza Eskubideen Ohorezko Saria Valeria Xaxenok Ukrainako tiktokerrari eman diote. Ostegunean hitzaldi bat eman zuen Bilbon, Ukrainako gerran egindako bideoen inguruan. Umore beltzez dokumentatu zuen aireko erasoetatik babesteko gune batean emandako 17 egunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.