Aurkezlea

Ilaski Serrano: «Su motelean egiten dugun saioa da 'Artefaktua'»

Gaur estreinatuko dute 'Artefaktua' literatura saioaren zortzigarren denboraldia, 13:00etan, EITB1en. Ilaski Serrano izango da aurkezlea beste behin.

Ilaski Serrano, 'Artefaktua' saioaren aurkezlea. EITB MEDIA
Ilaski Serrano, 'Artefaktua' saioaren aurkezlea. EITB MEDIA
nerea intxausti
2024ko irailaren 21a
05:00
Entzun

«Luxuzko gonbidatuak» hitzeman ditu Ilaski Serranok (Bermeo, Bizkaia, 1976) Artefaktua saioaren denboraldi berrirako: Unai Elorriaga izango da lehena, Itxaro Borda hurrena eta Juan Garzia hirugarrena, Moby Dick-en itzulpena egin duelako. Serrano izango da aurkezlea, Yolanda Mendiola zuzendaria eta Koldo Gutierrez errealizadorea. Hirurak «pribilegiatu» sentitzen dira horrelako programa bat egin dezaketelako.

Gogotsu zaudete Artefaktua-ri berriro ekiteko?

Gogotsu gaude, bai. Aste bat izaten dugu hurrengo saioa mimo handiz prestatzeko, estetikari kasu handia egiten diogu, eta guretzat luxua da hori. Su motelean egiten dugun saio bat da, eta pribilegiatu sentitzen gara horrelako zerbait egin dezakegulako. 

Berritasunik izango al du saioak?

Denboraldi berrian ere elkarrizketa izango da saioaren ardatz nagusia. Izango dira irakurleen gomendioak, beste idazle batzuek proposatutako irakurketak, berritasunak... Gu oso-oso eroso gaude formatuarekin, eta pentsatzen dugu baduela euskarririk beste denboraldi bat egiteko. 

Idazle asko dago Euskal Herrian...

Guretzat aukeraketa izaten da zaila, baina hori da non aukeratu dagoelako, zorionez. Gu ere oso literatura eta liburu zaleak gara, eta gauza asko lantzeko gogoz geratzen gara. Halere, esango nuke lortzen dugula abaniko zabal bati ikusgarritasuna ematea. Saiatzen gara argitaletxe ezberdinetako liburuei kasu egiten, lurraldetasunari ematen diogu garrantzia, genero oreka mantendu behar dugula kontziente gara, eta batean poesia jorratzen badugu, hurrena nobela izango da, eta hurrena narrazioa. Hori ere bada gure lana: liburu guztiei ematea lekutxo bat, interesa izan dezakeen horrentzat ere ari garelako lanean. 

Aurtengo uzta polita izango da?

Zalantza barik. Triste gaudenerako edo alai gaudenerako... Bakoitzaren gustu eta beharrak asetzeko bezainbesteko uzta emango du euskal literaturak. 

Zer literatura motak zauzka harrapatuta?

Orain biografia asko irakurtzen ditut, asko gustatzen zaizkit fikziozko biografiak, poesia asko, saiakera feministak... Asteko tarte handi bat pasatzen dut liburuak irakurtzen. 

Zure pasioetako batekin egiten duzu lan?

Erabat, ehuneko ehun. Egia da Artefaktua-ri esker irakurtzen ditudala bestela, a priori, aukeratuko ez nituzkeen gauzak. Baina irakurtzen hasi, eta liburu guztiek daukate pentsaraziko dizun zerbait; batzuek gogor ematen dizute, beste batzuek triste jartzen zaituzte... Eta hausnartu behar duzu zergatik sentitu zaren horrela. Liburuak irakurtzea nork bere burua ezagutzeko ariketa bat iruditzen zait. Beraz, pribilegio bat iruditzen zait nire lana, momentu honetan, hau izatea.

Zer nahiago duzu: gustatu zaizun liburu baten idazlea elkarrizketatzea ala gehiegi ere gustatu ez zaizun bat?

Errazagoa da pasioz irakurri duzun zerbaiti buruz elkarrizketa egitea, nik ere hori gomendatu nahi izaten diedalako ikusleei. Baina oso kontziente naiz horiek nire gustuak direla: 25 urte nituenean nire irakurzaletasunean ezinbestekoa izan zen liburu bat, orain, berrirakurri, eta ez da niretzat, 48 ditudalako. Beti bihur daiteke liburu bat irakurleren batentzat mugarri; liburu guztiek daukate irakurle bat, eta hori oso ederra da. Aldi berean, liburu batzuk oso-oso errazak dira elkarrizketa egiteko, historia bat daukatelako edo hari mutur asko dauzkatelako; beste batzuek intriga edo kontatu ezin den zerbait izaten dute, eta oso zaila izaten da elkarrizketa egitea.

Idazlearen buruan sartzeko aukera bat da.

Gozamena da liburu bati buruz berbetan aritzea, bizitzari buruz berbetan aritzea delako. Lehen eskutik jasotzen dugu idazleak idatzi bitartean pentsatu duena. Gainera, nik sekula ez dut libururik idatzi, eta miresmenez ere galdetzen diet, hori idazteko tartea hartu dutelako, eta galdetu nahi izaten diet zergatik heldu nahi izan dioten kontatu duten horri. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.