'Squid Game 2'-k 126,2 milioi ikustaldi izan ditu 11 egunean, eta beste marka bat ezarri du

Hego Koreako telesailak 68 milioi ikustaldi izan zituen Netflix plataforman lehen lau egunetan; eta 58,2 milioi izan ditu bigarren astean.

Lee Jung-jae aktorea, 'Squid Game 2' telesailean. EFE
Lee Jung-jae aktorea, 'Squid Game 2' telesailean. EFE
urtzi urkizu
2025eko urtarrilaren 8a
12:00
Entzun

Txipiroiak tintan, plantxan edo San Pelaio eran. Txipiroiak boladan dira, berriz ere. 2021. urtean, Squid Game (Txipiroi jokoa) mundu mailako fenomeno bilakatu zen. Marka guztiak hautsi zituen, eta Netflixen ikusle gehien izan dituen telesaila bihurtu zen. Euskal Herrian ere sona handia izan zuen fikzioak; kezka ere sortu zen zenbait ikastetxetan, haurrak fikziozko jokoetan ari baitziren. Kontuan hartu behar da telesaila 16 urtetik gorakoentzat dela, eta ez dela egokia haurrentzat —eszena oso bortitzak daude—. Hiru urte geroago, Netflix plataformak telesailaren bigarren denboraldia estreinatu du, eta arrakasta handia lortu du. Estreinatu osteko lehen 11 egunetan, Squid Game 2-k 126,2 milioi ikustaldi izan ditu mundu osoan. Telesail batek inoiz ez du halakorik lortu hain epe laburrean.

Abenduaren 26an estreinatu zuen Interneteko plataformak bigarren denboraldia: lehen lau egunetan, 68 milioi ikustaldi izan ditu —kalkulatzen da etxe bakoitzean batez beste bi pertsona izaten direla telebista aurrean ikustaldi bakoitzean—. Ondorengo egunetan, berriz, beste 58,2 milioi ikustaldi izan ditu Hego Koreako fikzioak. Telesaila euskarazko azpidatziekin ikusteko aukera dago.

Gehien ikusi diren telesailen artean bigarren tokian Missing You dago: 21,7 milioi ikustaldi izan ditu estreinatu eta lehen bost egunetan.

'Squid Game 2' telesailaren trailerra.

Orain arte, Netflix plataforman ikustaldi gehien izan dituen telesaila Squid Game-ren lehen denboraldia da: 265,2 milioi ikustaldi —aintzat hartu behar da Netflixek 300 milioi harpidedun baino gutxiago dituela mundu osoan—; bigarren tokian Wednesday telesaila dago, 252,1 milioi ikustaldirekin —Tim Burtonen fikzioaren bigarren denboraldia aurten iritsiko da—; hirugarren tokian da Stranger Things telesailaren laugarren denboraldia —140,7 milioi ikustaldi ditu—. Eta dagoeneko historiako laugarren tokian da Squid Game 2, soilik lehen 11 egunetako datuak kontuan hartuta. 

Txipiroiaren jokoa aurten amaituko da; bigarren eta hirugarren denboraldia batera filmatu zituzten, eta hirugarren denboraldiko atalen postprodukzioan ari dira lanean. Ekainaren 27an estreinatuko du Netflixek Squid Game-ren hirugarren eta azkeneko denboraldia. Jada zabaldu dute lehen trailerra.

'Squid Game 3' telesailaren lehen trailerra.

Aipatzekoa da, bestalde, telesailaren bigarren denboraldia estreinatu izanak eragina izan duela lehen denboraldiaren ikustaldietan: azkeneko astean, 13,6 milioi ikustaldi izan ditu telesailaren aurreneko denboraldiak.

2023. urtean, telesailaren jokoetan oinarritutako reality show bat estreinatu zuen Netflixek. 456 lehiakidek parte hartu zuten, eta irabazlea Mai Whelan izan zen: 4,56 milioi dolarreko saria lortu zuen (4,41 milioi euro). Hori izan da reality show-en historian banatu den bigarren saririk handiena. Lehiaketak ere ikusle asko pilatu zituen: lehen 21 egunetan, 224 milioi orduko ikustaldiak izan zituen. Lehiaketak bigarren denboraldia izango duela iragarri dute.

Squid Game telesailaren arrakasta Hego Koreako fikzioaren izozmendiaren punta da. Badira herrialde horretako beste telesail eta film batzuk Netflixeko katalogoan, eta horietako batzuek oso datu onak lortu dituzte. Netflixek akordioak itxi ditu azkeneko urteetan Hego Koreako hainbat konpainiarekin, herrialde horretako eduki zahar eta berriak katalogoan txertatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.