'SOS Kantak arriskuan' saioa ETB1era itzuliko da bihar gauean

Klara Mendizabal, Lide Hernando eta Iker Lauroba zazpi herritan ibiliko dira denboraldi berrian

Iker Lauroba, Klara Mendizabal eta Lide Hernando dira SOS Kantak arriskuan saioaren gidariak. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2023ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Iazko irailean estreinatu zuen ETB1ek SOS Kantak arriskuan programa, eta, lehen denboraldian, hamar herritan ibili ziren Klara Mendizabal, Iker Lauroba eta Lide Hernando, kanta herrikoien istorioen bila. Denboraldi berrirako, zazpi atal grabatu dituzte: bihartik aurrera ikusi ahalko dira euskarazko katean, ostegun gauetan (22:40).

Formatu berari eutsiko diote denboraldi honetan. Bisitatuko dituzten herriak, berriz, hauek izango dira: Azpeitia (Gipuzkoa), Lemoa (Bizkaia), Arrasate (Gipuzkoa), Bidarrai (Nafarroa Beherea), Mungia (Bizkaia), Zarautz (Gipuzkoa) eta Urruña (Lapurdi).

Unai Iparragirre ETBko zuzendariak udako programazioaren aurkezpenean azaldu zuen bere saio «kutunetakoa» dela SOS Kantak arriskuan. «Ondarea berreskuratzen laguntzen du; zerbitzu publikoa egiten du».

Klara Mendizabal soprano eta programako aurkezleak aipatu zuen «bide beretik» jarraituko dutela. «Herriz herri ibiliko gara auto horiarekin, Euskal Herri osoan. Jendeari laguntza eskatuko diogu istorioen berri izan eta kantak berreskuratzeko».

Grabaketetan harrera beroa izan dutela azaldu zuen Mendizabalek: «Gauza zirraragarriak bizi ditugu. Jendeak ezagutzen ditu programa eta auto horia. Herritarrak poztu egiten dira autoarekin iristen garenean, eta izugarri laguntzen digute».

Laurobaren arabera, herri batzuetan «bereziki» ondo kantatzen dute: «Bidarrain izan ginen, eta nabarmentzekoa da Nafarroa Beherean zein ongi abesten duten». Hiru aurkezleek gero eta hobeto ezagutzen dute elkar. «Gure arteko konplizitatea handiagoa da», aipatu zuen Laurobak. «Saioak kultura du, eta umoretik ere badu. Gastronomia ere bai: Mungian jan nuen inoizko napolitanarik gozoena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.