Solasak tarte handiagoa izango du 'Txoriene'-n, astelehenetik aurrera

Zigor Iturrieta izango da ETBko saioko aurkezle berria.Egunero gonbidatuak eramango dituzte

Zigor Iturrieta sukaldariak aurkeztuko du datorren astetik aurrera ETBko Txoriene saioa. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2015eko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Denboraldi berriarekin batera, formatuaren egokitzapena eta aurkezle aldaketa izango ditu astelehenean ETB1eko Txoriene saioak. Zigor Iturrieta sukaldari eta mendi korrikalariak (Zornotza, Bizkaia, 1974) gidatuko du saioa hemendik aurrera. Gainera, ez da sukaldaritza saio soila izango. Gastro-talk formatuaren izaera areagotu egingo da, eta horrenbestez, solasak garrantzihandia hartuko du. Askotariko lagunak pasatuko dira egunero—astegunetan— platotik.

Txoriene berrituak orain arte baino iraupen luzeagoa izango du. Ordubetez ariko da sukaldean eta solasean Iturrieta, 15:00etatik 16:00etara. Jatekoa prestatzen duen bitartean, gonbidatuekin hizketan arituko da. ETBren arabera, «euren jakinduria modu natural batean transmititu eta zabaldu asmoz».

Astelehenetan Iturrietak kirol munduko pertsonak hartuko ditu platoan. Elikadura nola zaintzen duten azalduko dute kirolariek. Halaber, euren jarduerarako komeni zaien jakiren bat prestatuko dute.

Asteartetan adituak gonbidatuko dituzte, txandaka: Silvana Huegun, Gorka Gereño, Aritz Urdanpilleta eta Jabier Agirre. Huegun dietista eta nutrizionista da. Osasunerako egokia den elikaduraz ariko da. Urdanpilleta ere nutrizio aditua da, baina kirol munduari zuzenduta egiten du lan. Kirola egiten dutenentzat egokiak diren jakiak eta edariak nola prestatu erakutsiko du. Gereño sukaldari makrobiotikoa da. Makrobiotikaren inguruan dauden mitoak hautsiko ditu programan. Agirre, berriz, familia medikua da. Bizimodu osasuntsua eramateko aholkuak emango ditu, tradizioaren ikuspuntutik; esate baterako, gorputzaren hidratazioari eusteko pureak eta zopak jan behar direla.

Asteazkena aiton-amonen eguna izango da. Euren historia kontatzen duten bitartean, sukaldaritza tradizionalari leihoa zabalduko diote.

Ostegunetan hornitzaileei egingo diete tartea. Iturrieta merkatuan aurki daitezkeen produktuei buruz arituko da, hornitzaileak platora eramanez.

Ostiralak, azkenik, familiaren egunak izango dira. Euskal Herriko umeei zabalduko dizkie ateak aurkezleak, sukaldean aritzen diren bitartean, jaten ere ikas dezaten. Bide batez, asteburuari begira etxean haurrekin batera presta daitezkeen errezeta osasuntsuak erakutsiko dituzte.

Iturrietak Leioako Ostalaritza Eskolan egin zituen ikasketak. Hilario Arbelaitz, Martin Berasategi eta Michel Gerard sukaldarien ondoan lan egindakoa da. Azken hamar urteetan Arrasateko Auzo Lagun catering enpresan aritu da. Euskadi Irratiko Hiri Gorrian saioan parte hartzen du ostegunetako solasaldietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.