Iñigo Aranbarrik aspaldi batean igandero BERRIAn idazten zuen atalari jarritako izena da Hizlandia. Artikuluen antologia bat egin eta liburu bat kaleratu zuen gero Susa argitaletxeak. Orain, ordea, Hizlandia hitzaren lurraldea bilakatu du Kulturaz Azpeitiko kultur kooperatibak, euskal literaturari bere lekua emateko. «Ikusgarri egiteko eta komunitate bat trinkotzeko» tokia da Hizlandia. Irakurleak literaturarekin lotutako albisteak aurkituko ditu bertan, baina baita kritikak, artikuluak, erreportajeak edo iritziak ere, adibidez. Gaur bertan publikatuko dute Hizlandia-ren azken berritasuna, BERRIArekin elkarlanean sortutako podcasta. BERRIAren webgunean eta Kulturaz kooperatibarenatarian izango da ikusgai.
Xabier Gantzarain Etxanizek (Azkoitia, Gipuzkoa, 1975) gidatuko du podcasta. Idazle eta kritikaria da Gantzarain, komunikabide askotan kolaboratzaile aritzen dena, eta liburu azal askoren egilea. Hizlandia oraindik «lurralde birtual bat» besterik ez den arren, haren saioak «hitzaren inguruan biltzen den komunitate bati bazka emateko» balioko du. «Gaur egun liburutegi batera joan, eta nobedadeak bakarrik daudela ematen du. Horren inguruan jardun genuen egun batean, eta garai bateko liburuak ez direla promozionatzen ikusi genuen. Guk, orduan, kontrako bidea egingo dugu», azaldu du Gantzarainek. «Jendeari galdetuko diogu beretzat zein liburu izan den garrantzitsua, zein libururekin gozatu duen, edo zein liburuk aldatu dion pentsatzeko era. Pixka bat bakoitzaren liburu hori ardatz hartuta hitz egingo dugu gure saioetan».
Hasieran, galdera horiek zuzen-zuzenean egingo dizkiete gonbidatuei, eta, hain zuzen ere, lan handiena «horiek bilatzea» izango dela aitortu du Gantzarainek. «Hasieran, ez genuen oso argi atal guztietan gonbidatuak izan behar zirenik, baina kultur munduko jendea izango dugu lehen ataletan, eta bakoitzari bere gogoko liburuaz hitz egiteko eskatuko diogu».
Dagoeneko grabatu dituzte lehen atalak, eta BERRIAk aurretiaz lehena entzuteko aukera izan du. Podcast lasaia da, atzealdeko musikak lagundua, eta tartean liburuaren pasarteak entzuten dira. «Podcasta nola egituratu pentsatzen aritu ginen. Erabaki genuen gonbidatu bat hartu, hari elkarrizketa egin, eta elkarrizketa horretako zatiak josteko gidoi edo hari moduko bat egitea. Liburuko zatiak tartekatu ditugu, gonbidatuak eskatu dizkigun zati nabarmenduak, eta elkarrizketaren barruan tartekatu ditugu».
Gantzarainen lehen gonbidatua Jon Benito idazlea izan da. Pablo Sastreren Gizajendearen ahitzea aukeratu zuen, 2010eko saiakera. Gantzarainek dio liburuaren inguruan hitz egitea dela helburua, baina, ohiko analisiaren moldetik aterata, harago joan nahi izan duela. «Liburu horretaz jarduten dugu lehen atalean, baina baita liburuekin eta batez ere saiakerekin gertatzen denari buruz. Nola irakurtzen diren urte batzuk pasatuta, liburuan agertzen diren kezka batzuk ia pasatuta dauzkagunean...».
Hurrengo gonbidatuak ere ez dira nolanahikoak. Bigarren atalean, Itziar Ugarte BERRIAko kazetari eta idazleak izango du hitza, Joseba Sarrionandiaren Narrazio guztiak liburua aukeratuta. Eta hirugarrenean, Harkaitz Cano idazlearen txanda izango da; Bernardo Atxagaren Etiopia liburuaz hitz egingo du.
Podcast formatua izanik, Gantzarainek ez dio mugarik jarri nahi izan bere saioari, baina 20-30 minutu artean iraungo du saio bakoitzak. Hilean behin jarriko dituzte atalak sarean.